“Turismoa, Zumaia eta flyscha baino gehiago da geoparkea”

Leire Barriusok hamar urte daramatza Euskal Kostaldeko Geoparkeko gerente lanetan. Turismoa, ikerketa, dibulgazioa... alor asko ukitzen ditu geoparkeko lanak. Eibar futbol klubeko zuzendaritzako kidea ere bada.

Juan Luis Romatet

2010ean sortu zuten Euskal Kostaldeko Geoparkea, eta bi urte geroago hasi zen Leire Barriuso Astigarraga (Eibar, 1970) hartan gerente. Zumaia eta Deba arteko labarrengatik eta inguru horretako fenomeno geologikoagatik, flyschagatik, egin da geoparkea ezagun mundu zabalean. Baina hori baino gehiago dela dio Barriusok. Azken egunotan, Geologia Zientzien Nazioarteko Elkarteak (IUGS) Zumaian antolatu duen kongresua prestatzen aritu da, buru-belarri. Futbolerako zaletasuna ere barruraino sartuta dauka. Jaime Barriuso Eibarreko presidente izandakoaren alaba da, eta Eibarren zuzendaritza batzordeko kidea da 2017tik.

Unescoren sareko kide izatea ziurtatu du Euskal Kostaldeko Geoparkeak beste lau urterako. Urte hauetan guztietan egindako lana ikusita, erabakia ez zen ezustekoa izango…

Egia da espero genuela, etxeko lanak ondo eginda baikeneuzkan. Lau urteko lana da hau; lau urte horietan lanik egiten ez baduzu, saretik kanpo geratzeko arriskua dago. Baina lau urteotan jarduera pila bat egin ditugu, gure estrategiako lan ildoari eutsi diogu, eta ez genuen bestelakorik espero. Epaile batzuk zorrotzagoak izaten dira, ordea, eta, bisitaren arabera, estuagoak izan daitezke, nahiz eta berez irizpideak bete.

Ez duzue izan ospatzeko aukera handirik. Izan ere, berehala murgildu zarete geologia kongresu baten antolaketan.

Hemen ez daukagu atseden hartzeko astirik. Urriaren amaieran IUGS nazioarteko erakundearen kongresu bat hartzen ari gara hemen, Zumaian. Elkartea 60. urteurrena ospatzen ari da aurten, eta ondare geologikoko lehen ehun lekuak aurkeztu dituzte hemen, Euskal Kostaldeko Geoparkean. Bost kontinenteetako berrehun aditu inguru etorri dira. Azken egunean, gainera [gaur], Lurraren zientziaren aldeko deklarazioa irakurriko dute Itzurun hondartzan. Oihartzun handiko ekitaldia izango da nazioartean.

Aurrez ere ekitaldi garrantzitsu asko hartu dituzue Geoparkean. Munduko leku txiki honetan baduzue halako kongresuak antolatzeko abilezia…

Egia esan, gustatzen zaigu halako gauzak antolatzea. Guk nahi dugun promozioa egiteko, hau da, zientziaren eta ikerketaren munduan promozioa egiteko, oso modu egokia da hau. Lekuak ere asko laguntzen du. Kanpotar batentzat ez da berdina Zumaiara etortzea, hemengo paisaiarekin, edo beste leku batera joatea. Beraz, horretarako oinarria badaukagu. Guretzat, uste dut estrategia polita dela Zumaia edo Geoparkea bera mapan ipintzeko eta promozioa egiteko; ez bakarrik promozio turistikoa, baizik eta guk defendatzen dugun promozio hori, zientziari eta ikerketari lotutakoa.

Arlo pertsonalean, halako ekitaldi handiak antolatzeak loa kentzen dizu, edo urteekin ohituz joan zara?

Sekula ez gara ohitzen; beti egoten da tentsio pixka bat, baina horrek lagundu egiten du gauzak ondo egiten. Badakigu zer gauza diren garrantzitsuak, eta badakigu gauzak aurretik eginda ondo aterako direla. Beti egoten dira azken orduko gauza txikiak; gainean egon behar da, baina tira…

Euskal Kostaldeko Geoparkeko gerentea zara gaur egun. Hasieratik al zaude lanpostu horretan?

Ez. 2010ean sortu zuten Euskal Kostaldeko Geoparkea, eta ni 2012an hasi nintzen lanean. Geoparkeak, beraz, bi urte zeramatzan martxan ni sartu nintzenerako. Betiere, turismoarekin lotutako garapen lanetan aritu nintzen aurretik ere. Aukera hau sortu zenean, hor ikusi nuen neure burua, eta, ordutik, hamar urte daramatzat lanean. Beti izan naiz mundu horren jarraitzailea: garapena, herriko dinamizazioa…

Gogoan al duzu lehen laneguna?

Oraindik ez nuen mahairik! Euskal Kostaldeko Geoparkea martxan jarri zutenean, ez zegoen gerenterik, eta lan tekniko guztia Debegesa Debabarreneko garapen agentziak egiten zuen. Han zegoen bulegoa. Hurrengo pausoak programatuta zeuden: gerente bat kontratatuko zutela, geologo bat egongo zela… Lan honetan sartu nintzenean, Debegesaren egoitzara joaten nintzen, Eibarrera, eta etxetik ere egiten nuen lanen bat. Debako turismo bulegoan geoparkearen bulegoak muntatu zituztenean, segituan hasi nintzen hara joaten. Ondo gogoan dut Debara joan nintzen lehen eguna. Ordurako, pare bat aste-edo neramatzan lanean, dokumentuak-eta irakurtzen, geoparke bat zer den jakiteko.

Zuk ere ikasi behar izan zenuen, beraz. Zenbatetan azaldu behar izan duzu zer den geoparke bat?

Oraindik ere badago ezjakintasun hori: ez ezazu dudarik izan. Guk espero ez genuena zen flysch-a, hain hitz ezezaguna, errazago zabalduko zela jendearen artean geoparkea hitza bera baino. Nola ikas dezake jendeak flyscha zer den eta ez geoparke bat zer den? Baina hala da. Agian, flyscha ukitu daitekeelako ulertuko du jendeak zer den; geoparkea garapenerako erreminta bat da, eta hori ez da hain erraza ulertzeko. Ereduak jarri behar dira beti: kontserbazioa, hezkuntza, geoturismoa, natura eta kulturarekin lotutako jarduerak. Uler dezaket ez dela hain erraza.

Geoparkea turismoarekin lotutako kontu gisa ikusi izan da beti, ezta?

Azkenean, erredukzionismo handi bat egon da, eta gure geoparkea turismora, Zumaiara eta flyschera mugatu da. Baina hori baino askoz gehiago da. Zientzia eskolekin egiten dugu lan, dibulgazioan aritzen gara, ikerketan. Ez da bakarrik flyscha; barrualdean karsta dugu, eta dinamika horiek barrura ere eraman nahi ditugu. Zumaia daukagu, bai, baina Mutriku eta Deba ere hor daude. Saiatu gara alde hori murrizten, baina egia da Zumaiak arreta handiagoa izan duela Mutrikuk eta Debak baino. Gure erronka, dudarik gabe, hori da: barruan ere produktu erakargarriak sortzea, ikerketa bultzatzea… Azken finean, ikerketaren emaitzek ematen digute guri diskurtsoa. Flyscha urte pila batean ari dira ikertzen, eta hor badaukagu zer kontatu. Barrualdean, berriz, ez. Horretarako informazioa behar dugu, eta ikerketa hori sustatzeak izan behar du gure lana.

“Barrualdea” diozue, baina kostaldetik kilometro gutxira dago hori ereā€¦

Beste geoparke batzuetatik etortzen direnek barre egiten dute distantziak ikusten dituztenean. Baina, hala ere, muga bat dago kostaldearen eta barrualdearen artean. Barrualdean ez dagoen bestelako dinamika bat dago kostaldean. Eta bost minutu besterik ez dago kostaldearen eta barrualdearen artean! Barru hori erakargarri bihurtu nahi dugu; ez turistentzat bakarrik, bizilagunentzat ere bai. Guk gauzak egiten ditugunean, ez ditugu kanpotarrentzat egiten, bertakoentzako baizik.

Ingurunearekin eta ondarearekin lotura du geoparkeak. Horri buruzko interesik bazenuen aurretik? Edo lanpostuarekin batera piztu zitzaizun irrika?

Betidanik izan naiz naturazalea eta kontserbaziozalea. Uste dut, gainera, bertako garapenak, turismoarekin edo beste edozerekin lotuta egonda ere, bide horretatik joan behar duela. Taldekide guztiok horrekin lotutako lanak egiten ditugu, baina ez plan estrategikoak jasotzen duelako, benetan sinesten dugulako baizik.

Mundu osoko geoparkeek hainbat sare osatzen dituzte. Geoparkeen arteko lehiarik ba al dago jendea erakartzeko?

Ez, ez. Oso giro ona dago gure artean. Egia da urte gutxian sarea asko handitu dela eta harremanak epelduz joan direla. Hasieran, gutxiago ginen eta harremana sendoagoa zen; dena denon artean egiten genuen. Gaur egun, 170 geoparke baino gehiago gara mundu osoan, eta Europan 80-90 izango gara. Harremana hoztu egin da, baina, halako sare handia izateko, dinamikoa da; jendea oso eskuzabala da gauzak planteatzeko orduan. Urteekin proiektu handiagoak sortu dira, dinamikoagoak, eta, geologiaz gain, beste lan ildo batzuk ere badituzte; geologia garapenerako erreminta moduan ikusten dute horiek. Ez dut esango tirabirak daudenik, baina bai desberdintasunak.

Beste geoparke batzuetara joaten zara oporretan? Edo nahiago duzu erabat deskonektatu eta lana ahaztu?

Europako geoparke guztiak ezagutzen ditut. Oso leku ikusgarrietan daude geoparkeak. Nahiz eta askotan ez jakin geoparke bat dela, paisaia aldetik beti izaten da oso leku erakargarria. Niri asko gustatzen zait oporretan mendi aldera joatea, Europara, furgonetarekin-eta. Geoparkeak direlako eta defektu profesional hori dudalako ere joaten naiz, bai, baina baita lekurik ikusgarrienak direlako ere, eta geoparkearen atzetik gestio bat dagoelako.

LEIRE BARRIUSO

Eibarren Administrazio Kontseiluan. Leire Barriuso Eibar futbol klubeko Administrazio Kontseiluko kidea da 2017tik. Irudian, Virginia Arakistain, Barriuso eta Amaia Gorostiza, 2020an, Huescan (Espainia).

Eibartarra eta Eibar futbol taldearen zalea zara. 2017tik zuzendaritzako kidea zara, gainera.

Hala da, bai. Niretzat, pozoia da futbola. Bizitza guztian kirol hori bizi izan dut etxean [Jaime Barriuso Eibarreko presidente ohiaren alaba da], eta betidanik izan naiz zalea. Kudeaketan, berriz, 2017tik ari naiz, etxean falta direnei lekukoa hartuta. Hurrengo astean dira hauteskundeak, geure taldea berriz aurkeztuko dugu, eta prest gaude beste bost urtean lanean jarraitzeko. Geoparkeak eta futbolak, nire bi pasioek, ez didate uzten denbora libre askorik, baina gustuko tokian…