“Harmonika solo bakoitza, gitarra solo bakoitza, bizi egiten dut”

“Harmonika solo bakoitza, gitarra solo bakoitza, bizi egiten dut”

Irati Saizar Artola

Blues doinuez zaletu, maitemindu, eta, hogei urtez, bluesaren inguruko saioak egin ditu Iñigo Martin Bastarrikak (Tolosa, 1964), Euskadi Irratian lehenik, eta Radio Euskadin gero. Orain, berriz, Uzturre Blues saioa egiten du, bi astez behin, Ataria irratian. “Bizi eta preziatu” egiten du musika; “gozatu” egiten du bluesarekin. Eta, hain zuzen ere, hortik datorkio Tolosand Blues jaialdia antolatu eta programatzeko ardura ere. Hemezortzigarren aldia egin dute aurten, eta hasia da hurrengoa prestatzen.

Noiz iritsi zen bluesa zure bizitzara?

Orain dela 30 urte inguru izango zen. 1991 inguruan, blues musika entzuten eta kontzertuak ikusten hasi nintzen. Behin zaletasuna gorputzaren barrura sartuta, hor geratu zait betiko.

Eta zergatik musika estilo hori?

Ez nuke jakingo esaten zergatik. Beharbada, klasikoak izan direnak gustatu izan zaizkit: Eric Clapton, B. B. King, Muddy Waters, Miles Davis… Hasieran, jazz pixka bat ere entzuten nuen, baina gero bluesean zentratu nintzen erabat. Agian, kontzerturen bat ikusi izango nuen, eta erabat harrapatuko ninduen, baina ez dut gogoan. Lehenengo kontzertuetako bat Luther Allisonena izango zen, Donostiako Jazzaldian. Kuriosoa da hori, jazz jaialdia izanik, askotan blues musika programatzen baitute, eta alderantziz ez da gertatzen: blues jaialdietan ez dugu jazz kontzerturik antolatzen.

Barruan klik bat egin, eta gero eta gehiago zaletu zinen?

Hasieran, blues garaikidea entzuten duzu, musika horrek harrapa zaitzan. Hori gertatu zitzaidan niri, behintzat. Garai hartako bluesa entzuten nuen, eta blues musikaren barruan dauden adarrak ezagutuz joan nintzen: soula, funka, rhythm and bluesa, garai bateko jatorrizko blues musika, 30-40-50eko hamarkadetako blues doinuak eta abar. Talde gehienek hortik ikasi dute, eta ez soilik bluesera dedikatzen direnek: pop talde askok ere hortik ikasi dute, hain zuzen; adibide bat jartzearren, The Rolling Stones handiak.

Irratian hasi zinen zaletasun horren inguruan lanean, bluesari buruzko saioarekin, ezta?

Euskadi Irratiko Publizitate Sailean egiten nuen lan, eta Martin Tejeria ezagutzen nuen, Kostaldeko trena saioa egiten zuena. Hark esan zidan, blues musika gustuko nuenez eta taldeak, nobedadeak, zuzenekoak kontrolatzen nituenez, astero hogei minutuko kolaborazio bat egiteko. Hogei minutu ziren hasieran, eta berrogei minutuko blues tartea bihurtu zen azkenean. Irratsaioaren izena Kostaldeko trena zenez, gure tarteari Kostaldean Blues jarri genion.

IÑIGO MARTIN
Blues doinuak, uhinetatik. Iñigo Martinek Kostaldean Blues saioa egin du Euskadi Irratian hamahiru urtez, astero –irudian, 2019an–; ondoren, Mississippi Chicago gidatu du zazpi urtez, Radio Euskadin.

Zuk prestatzen zenuen saioa?

Monografiko bat zen, bai. Bakarlariren bat, talderen bat, harmonika jotzaileren bat aukeratzen nuen, hari buruzko biografia prestatzen nuen, eta, bost abesti ingururekin, zuzeneko irratsaioa egiten genuen. Saioa nik prestatzen nuen, eta Tejeriak aurkezten ninduen. Solasaldi moduko bat egiten genuen, taldeak eta doinuak aurkeztuz. Hamahiru urtez aritu nintzen saio hori egiten, Tejeriak erretiroa hartu zuen arte.

Eta hark erretiroa hartzean?

Radio Euskadin hasi nintzen, hasieran Bego Yebrarekin, eta gero Juan Carlos de Rojorekin. La Galería kultur irratsaioa egiten zuten, eta saio horren barruan astero-astero ordu erdiko blues tartea egiten hasi nintzen. Mississippi Chicago izena jarri nion nire tarteari, eta izenak badu bere arrazoia. Blues musikaren jatorria Mississippi estatuan dago [AEB], XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran. Chicagora migratu, eta blues doinuak eraman zituzten kotoi soroetan aritzen ziren langileek eta blues musikan zebiltzanek. Chicago industrializatuta zegoen, eta, han, aukera gehiago zituzten lanerako. Izan ere, musikariak ez ziren musikatik soilik bizi: bestelako lanbideak zituzten. Horregatik jarri nion izen hori nire tarteari. Zazpi urtez egin nuen saioa. Juan Carlosek erretiroa hartu zuenean amaitu zen nire hogei urteko ibilbidea Miramonen.

Orain Tolosaldeko Ataria irratian daukazu zure tartea.

Bi astez behin egiten dut Uzturre Blues saioa, oso gustura. Bigarren sasoia egiten hasi naiz aurten.

Tolosand Blues jaialdiaren antolatzaile eta programatzailea ere bazara. Nola hasi zen kontua?

2004an, Jokin Ansorena Tolosako Udaleko kultur teknikariarekin topo egin nuen, eta komentatu nion buruan nerabilela Tolosan blues jaialdi bat antolatzeko ideia. Izan ere, blues kontzertuak ikusteko Donostiara, Getxora, Gasteizera edo Baionara joan behar izaten genuen. Baiezkoa eman, eta 2005ean hasi ginen, gaur arte.

Jendeak garai hartan, Tolosan, blues musika entzuten zuen?

Jendeak ez zuen ezagutzen, eta emaitza hor dago. Lehenengo aldia antolatu genuenean, talde oso onak ekarri, eta, agian, berrogei bat ikusle izango ziren plazan. Andoni Iturzaeta Kultura zinegotziak jaialdia amaitu eta balorazioa egiteko bileran honela esan zidan: “Hau da blues musika?”; eta neure artean pentsatu nuen: “Ederra egin dugu!”. Bada, espero gabeko erantzuna jaso nuen: “Hurrengo urtean berriro egingo dugu”. Ez nuen espero horrelako erantzunik.

Tolosarrak zaletu dira blues musikara?

Bai, eta bi arlotan nabaritzen dugu hori. Batetik, parte hartzean, jende asko biltzen baita kontzertuetan, eta, bestetik, sortzen duen giroan, bizpahiru aste lehenago jendea galdezka hasten baita zein izango den izarra, nor datorren… Normala da, jendea zaletu egin da, eta gero eta jende gehiago etortzen da kontzertuetara.

Kultur agendan errotuta dago jaialdia?

Guztiz errotuta dagoela esango nuke, eta ez soilik Euskal Herrian, baizik eta [Espainiako] estatuan ere bai. Hemengo jendea ez ezik, kanpoko zaleak ere etortzen dira: Kataluniatik, Madrildik, Andaluziatik… Ez ehunka, baina bai batzuk.

Zale amorratuak zaretenok bidaiatzeko aitzakia ederra izango duzue…

Bai, noski. Aurten, adibidez, Zaragozan [Espainia] izan naiz. Gaur egungo izar nagusietako bat zihoan, Tommy Castro gitarra jotzailea, Kaliforniatik [AEB], eta han izan nintzen. Joan, ikusi, gozatu, eta buelta. Baina bidaia horrek aukera eman zidan harekin eta haren managerrarekin harremanetan jartzeko. Aurrerago, agian, Tolosara ekar genezake.

Izan ere, hemengo artistak ez ezik, nazioartekoak ere etortzen dira Tolosara.

Bai. Aurten, adibidez, bederatzi taldeetatik hiru ziren etxekoak, eta sei nazioartekoak.

Kanpotik datozen artistek nola ikusten dute jaialdia?

Gertuko jaialdia dela esaten digute, familiarra, tratu onekoa; alegia, ez dela jaialdi masibo bat. Oso gustura etortzen dira, eta, gainera, eransten badugu afaltzera elkarte gastronomikoetara eramaten ditugula, pentsa! Gozatu egiten dute. Elkarteen funtzionamendua esplikatzen diegu, eta harrituta geratzen dira gehienak. Eta parrilla ikusten dutenean, arrainarekin edo txuletekin, zoratu egiten dira.

Aurtengo Tolosand Blues jaialdia pasatuta, hurrengoari begira jarrita zaude jada?

Zirriborro moduko bat eginda daukat, bai. Taldeekin harremanetan jartzea izaten da nire lana, eta haien aukerak aztertzea. Aukerak mahai gainean jarri eta denok erabakitzen dugu zein ekar daitekeen eta zein ez. Aukeratzea ez da lan zaila izaten, baina gure baliabide ekonomikoak ikusi behar izaten dira gero, eta negoziatu ere egin behar izaten dugu.

Beti egongo zara adi aukera horiek arrantzatzeko, ezta?

Bai, eta ez hurrengo urtera begira bakarrik. Hain justu, Tolosand Blues jaialdiak hogei urte beteko ditu bi urte barru, eta beste zirriborro moduko bat egiten hasita nago 2024rako. Azken hogei urteetan etorri diren artistei begiratuko diegu, ikusteko nork utzi zigun aho zaporerik onena.

Behin baino gehiagotan izan da norbait?

Bakar batzuk, bai. Adibidez, munduko harmonika jotzailerik onenetakoa da Joan Pau Cumellas, Bartzelonakoa, eta lau aldiz etorri da jada Tolosako jaialdira. Pertsona moduan, zoragarria da, eta, musikalki, punta-puntan dago munduan.

Zer leku du musikak zure bizitzan?

Garrantzitsua da oso. Autoan musika, etxean musika, ahal dudan guztietan musika entzuten dut. Entzuten eta ikusten ere saiatzen naiz, kontzertuetara joanez. Izan ere, inoiz ez dut instrumenturik jo, ez musikaren inguruko beste ezer ikasi. Zaletasun sakona soilik daukat.

Eta aurrera begira, nola bizi nahiko zenuke bluesa?

Orain arte bezala, ez gehiago, ez gutxiago: erabat murgilduta. Eta, batez ere, gozatu egin nahi dut. Gozatu eta preziatu; harmonika solo bakoitza, gitarra solo bakoitza, bizi egiten dut. Poza eta lasaitasuna ekartzen dizkit horrek.

Leave a Reply

Your email address will not be published.