“Izugarria da Behobiaren inguruan sortzen dena”

“Izugarria da Behobiaren inguruan sortzen dena”

Ane Mendizabal Sarriegi

Etzi, 57. Behobia-Donostia lasterketaren irteeran izango da Elena Silvestre (Teruel, Espainia, 1993). Profesional izatetik urrun, atletismoa da bere bizitzeko moduaren oinarria. Lanarekin eta euskara ikasketekin uztartzen du kirol hori. Hamabi urte daramatza Errenterian bizitzen, eta “oso babestua” sentitzen dela aitortu du.

Seigarrenez ariko zara etzi Behobia-Donostia lasterketan. Iaz, bigarren izan zinen. Irabaztea da aurtengo helburua?

Bai. Hori bai, ikusteko dago egunean bertan, irteeran, zein aurkari izango ditudan. Ez dakit nor etorriko den, lasterketa honetan ez baita jakinarazten parte hartzaileen zerrenda. Dena den, irabaztera irtengo naiz ni, eta nire esku dagoen guztia egingo dut helburu hori lortzeko.

Zer falta izan zitzaizun iaz lasterketa hori irabazteko?

Joan den urtean, oso ondo lehiatu nintzen, baina irabazlea [Nuria Lugueros espainiarra] ezin izan nuen harrapatu. Atleta profesionala da hura, eta beste “liga” batean dago. Ahal izan nuena egin nuen; ezin naiz harekin alderatu. Egia da korrika egiteari denbora asko eskaintzen diodala, baina inondik inora ez naiz profesionala. Errenteria parera Nuriarekin batera heldu nintzen, baina erritmo aldaketa bat egin zuen, eta ezinezkoa izan zitzaidan jarraitzea.

ELENA SILVESTRE KORRIKALARIA

Elena Silvestre, iazko Behobia-Donostia lasterketan. Elena Silvestre, iaz, Errenteria alderik alde gurutzatu eta Nafarroa etorbidean gora, Behobia-Donostian. Bigarren postuan amaitu zuen lasterketa.

Zer mentalitate eta estrategia izango dituzu aurten?

Ez dakit zein aurkari izango ditudan, eta, beraz, zaila da estrategia bat prestatzea. Momentuan bertan erabaki beharko dut zer-nola jokatu. Nolanahi ere, Behobia-Donostia lasterketa gogorra da, eta hasieratik arriskatzen baduzu, ondoren gaizki pasatu dezakezu. Gainera, iganderako hego haizea iragarri dute, eta horrek ere eragina izan dezake. Hasieran erritmoa kontrolatuz joatea da nire asmoa, eta, lasterketaren erdialdera ondo sentitzen banaiz eta taldea atzean uztea lortzen badut, primeran.

Nola iritsi zara fisikoki aurtengo Behobia-Donostiara?

Udan pare bat lesio izan nituen, eta denbora batez gelditzera derrigortu ninduten. Irailean, ordea, entrenatzen hasi, eta ondo sentitu naiz ordutik. Oraindik ez nago nire sasoirik onenean, baina hala izan behar du, beste bat delako nire benetako helburua: otsailean Sevillako [Espainia] maratoian parte hartu nahi dut. Oso gustuko dudalako parte hartuko dut Behobian.

Ez da erraza izaten une oro maila altuan mantentzea, ezta?

Gorabehera asko egoten dira, eta horiek, batez ere, lesioek eragiten dituzte. Lehiaketetatik edota entrenamenduetatik aldendu zaitzakete, eta, ondoren, kostatu egiten da maila berreskuratzea. Bestalde, motibazio handia behar da korrika ibiltzeko, bakarkako kirol gogorra delako. Beti ez da izaten entrenatzeko gogorik, baina helburuak argi izatea da entrenatzen jarraitzeko pizgarria.

Profesional ez izateak zer eragin ditu korrikalarien kasuan?

Entrenatzeaz gain, oso garrantzitsua da deskantsatzea; behar-beharrezkoa da. Egindakoa hobeto asimilatzen laguntzen du, eta baita lesioak saihesten ere. Profesional ez garenok ahal duguna egiten dugu.

Lasterketetan zeri egiten diozu kasu, ordulariari ala zure barneko sentsazioei?

Lasterketa luzeetan, hasieran behintzat, ordulariari kasu egitea komeni izaten da. Egindako entrenamenduek adierazten dute, gutxi gorabehera, zer erritmori euts diezaiokezun. Hala ere, askotan ez da erraza izaten. Gero, baina, lasterketaren bigarren zatian, sentsazioei erreparatzen hasten naiz. Onerako edo txarrerako izan daiteke hori: ondo banoa, azkarrago joateko, eta, justu banoa, erritmoa jaisteko.

Erabaki horiek hartzeko, oso garrantzitsua al da nork bere burua ezagutzea?

Urte asko daramatzat korrika. Pentsa, 8 urte nituenean hasi nintzen. Urteak aurrera joan ahala, zeure burua ezagutuz joaten zara. Buruak lan handia egiten du, eta zaila izaten da burua hotz mantentzea. Hala ere, erabakiak hartu behar izaten dira. Batzuetan ondo irtengo dira, eta besteetan ez hain ondo. Iaz, adibidez, Behobia-Donostia lasterketan, bi aukera nituen Errenteriara heldu ginenean eta irabazleak erritmo aldaketa egin zuenean: hari jarraitu eta aurrerago esfortzu hori ordaintzeko arriskua izan, edo bigarren postuari eutsi. Bigarren aukerari heldu nion nik.

Azken urteotan jende asko animatu da korrika egitera. Nolabaiteko booma edo bat-bateko arrakasta egon da. Orokorrean, jendeak nola prestatzen ditu Behobia bezalako lasterketak?

Bistan da azken urteotan lasterketetako parte hartzaileen kopuruak gora egin duela. Eta, egia esan, denetik ikusi dut. Badago Behobia soilik bi egun entrenatuta egin duenik, eta, zorionez, ez da ezer gertatu. Baina arrisku handia da hori. Dena den, esango nuke azkenaldian ondo prestatzen dutela gehienek. Entrenatzeko taldeak sortu dira leku askotan, eta korrikarako kultura gero eta hedatuago dago.

Aurtengo Behobian, parte hartzaileen %29 izango dira emakumeak.

Bai, baina datuok oraindik hazten jarraitzea espero dut. Distantzia motzagoko lasterketetan are handiagoa da ehunekoa. Egia da gero eta emakume gehiago animatzen direla lasterketetan parte hartzera, eta oso positiboa da hori. Behobia-Donostia, gainera, egokia iruditzen zait lehiaketa batean lehen aldiz parte hartzeko. Arretaz prestatu beharreko lasterketa da, distantziarengatik, bai eta maldengatik ere. Baina izugarria da Behobiak duen animazioa eta haren inguruan sortzen den guztia. Ikusleek eraman egiten zaituzte. Esperientzia zirraragarria da; pozik bukatzen duzu lasterketa.

Urte asko daramatzazu atletismoan. Familiatik datorkizu zaletasuna, ezta?

Bai, nire ahizpa zaharrenarengandik, bereziki [Marta Silvestre]. Profesional izatera heldu zen hura; Espainiako selekzioarekin ere maiz aritu zen. Orain, ordea, atletismotik aldendu da, ama izan ondoren. Txikitatik nabarmendu zen Maria, eta berehala fitxatu zuten. Ni eta nire ahizpa gaztea [Natalia] harengatik apuntatu gintuzten atletismoan. Ni, egia esan, ez nintzen inoiz nabarmendu. Atletismoan, alde batetik, pisu handia du genetikak, baina, beste aldetik, oso garrantzitsuak dira entrenatzeko gaitasuna eta konstantzia ere. Ahizpa nagusiak biak zituen, eta maila gorenera heldu zen. Nik ez dut ahizparen genetika berbera, baina bai urtetik urtera hobetzeko eta lanean jarraitzeko konpromisoa. Horrenbestez, zenbait gauza lortzera iritsi naiz.

Duela hamabi urte heldu zinen Euskal Herrira. Nolakoak izan dira urte hauek guztiak?

Hona iritsi nintzenean, ez nuen gelditzeko asmorik. Ikasketak amaitzera nentorren, hamar hilabeterako. Proiektua egin eta Teruelera itzuli behar nuen, baina oso gustura sentitu nintzen hemen. Jendea ezagutu nuen, eta gustatu egin zitzaidan nola tratatzen ninduten. Hemengo kultura ere oso polita iruditu zitzaidan, eta geratzea erabaki nuen. Geratu ahal izateko eta pisua ordaintzeko lanean hasi nintzen orduan. Nire bikotekidea ezagutu nuen tarte horretan, eta, gauza bat eta beste, hamabi urte daramatzat hemen; oso pozik, gainera.

Errenteriar sentitzen zara jada?

Nire zati bat beti izango da Teruelgoa. Han jaio nintzen, eta gurasoak eta familia han bizi dira. Jakina da, baina, hemen bizi naizela, hemen lan egiten dudala, pisu bat erosi dudala, nire bikotekidea hemengoa dela, eta hemengo kulturarekin gero eta identifikatuago sentitzen naizela. Euskara ere ikasten ari naiz, eta oso gustura eta pozik sentitzen naiz. Ez naute kanpotar gisa tratatzen. Gero eta bertakoago sentitzen naiz.

Non daude entrenatzeko leku hobeak, Teruelen ala Gipuzkoan?

Teruelen. Hemen inguruan asfaltoa da dena. Bidegorriak badaude, baina ez dira entrenatzeko tokirik egokienak. Mendi ugari daude, baina zaila da zelai edo eremu laurik topatzea. Mendia gustuko baduzu, ordea, ingurune zoragarria da. Mila metroko altueran dago Teruel, eta hori, errendimenduarentzat bereziki, oso ona da. Itsas mailara itzultzen zarenean, oso nabaria izaten da hobekuntza. Gainera, landa bide lauak daude han; hemen, ez. Bisitan joaten naizenetan, bertan entrenatzen naiz. Lehiatzeko, ordea, hobea da Gipuzkoa.

Zer moduz ari zara moldatzen euskararekin?

Egia esan, oso ondo. Pandemiaren aurretik euskaltegira joaten nintzen jada, eta B2 titulua atera nuen. Pandemiaren ondoren klaseetara joateari utzi nion, lana, entrenamenduak eta klaseak uztartzea oso zaila zitzaidalako. Aurten, ordea, berriz ekin diot ikasteari eta C1 mailan hasi naiz. Hutsetik hasten den edozeinentzat zaila da euskara ikastea, ez da batere erraza, baina ilusio horixe daukat. Ez dakit noizbait arintasunez hitz egiteko gai izango naizen, baina gehiena ulertzeko gai naiz, behintzat. Horrek esan nahi du lagunek ez dutela niregatik gaztelaniara pasatu behar. Agian, ez dut beti euskaraz erantzungo, nahiz eta beraiek niri euskaraz egin; gaztelaniaz erantzun dezaket, baina ulertzeko gai naiz, behintzat. Hori da nire helburua. Ez ditut tituluak atera nahi; bizimodua euskaraz egin nahi dut. Eta, guztia ulertu ezin badezaket, gehiena ulertu nahi dut.

Bide horretan, beraz, zaila egiten zaizu lana, entrenamenduak eta klaseak uztartzea…

Bai. Egunari orduak falta zaizkiola sentitzen dut. Txikitatik izan dut jarduera ugari egiteko ohitura; eskola, atletismoa, musika kontserbatorioa… Ordutegi estua izan dut beti, eta dinamika berean jarraitzen dut oraindik. Egunen batean gelditu beharko dut. Nekeza da, eta adinak gero eta pisu handiagoa du. Ez dakit zenbat urtez jarraituko dudan erritmo honekin, baina ahal bezainbeste jarraituko dut.

Garrantzitsua izango da etxean babesa sentitzea, ezta?

Bai. Atleta da nire bikotekidea ere [Xabier Lukin], eta nirekin entrenatzen du, talde berean. Egia esan, niretzat oso garrantzitsua da hori. Entrenatzeko izaten dira gure aisia tarteak, eta horrela errazagoa da dena.

Leave a Reply

Your email address will not be published.