Zinema eta literatura elkarrekin hizketan jarriko ditu Literaktumek

Zinema eta literatura elkarrekin hizketan jarriko ditu Literaktumek

Unai Zubeldia

Hitza dauka oinarrian literaturak. Emozioen eta sentimenduen paradisura jauzi egiten laguntzen dute letrek, baina baita irudiek ere. Funtsean, elkarren lagun izan daitezkeen bi helduleku dira hitza eta irudia. Eta, hain zuzen ere, Donostiako Zinemaldiak aurten 70 urte bete dituela aintzat hartuta, zinema eta literatura elkarren ondoan jarriko ditu aurtengo Literaktum Donostiako literatura jaialdiak. Astelehenean hasiko da, azaroaren 14an, eta 50 ekitaldi baino gehiago izango dira azaroaren 27ra arte. Saio gutxi batzuetarako gonbidapena beharko da, eta egunean bertan jaso ahal izango da, txarteldegietan eta jaialdiaren webgunean: Literaktum.eus.

Jon Insausti Donostiako Udaleko Kultura eta Euskara zinegotziaren hitzetan, “pentsamendu kritikoa piztea eta hausnarketan sakontzea” da Literaktumen helburu nagusia. “Horretarako, gizartean bolo-bolo dabiltzan gaiak konektatzen edo horien artean zubiak eraikitzen saiatzen gara beti”. Horregatik aukeratu dute literatura eta zinema gai nagusi gisa, eta horregatik ekarriko dute lehen lerrora Pio Baroja idazlea, jaio zenetik abenduan 150 urte beteko direnean.

Azaroaren 24an izango da Barojaren omenezko ekitaldi nagusia, Ernest Lluch kultur etxean, 19:00etan. Soledad Puertolas eta Luis Antonio de Villena idazle espainiarrek aztertuko dute Baroja y yo lana (Baroja eta ni). Joaquin Ziaurriz nafarra izango da bi idazleen arteko topaketaren moderatzailea. Baroja gogoratzeko Literatur postalak erakusketa ere ikusgai egongo da Ernest Lluch kultur etxean, azaroaren 22tik urtarrilaren 28ra.

Jon Aizpurua Literaktumen Kultur Ekintza ataleko zuzendariak azpimarratu du “bestelako publiko bat erakartzeko saiakera” ere badela “literatura eta zinema uztartzea” aurten. “Elkarrizketak sortuko ditugu saio askotan. Idazleak etorriko dira, gerora telesailak edo filmak egin dituzten idazleak, eta bai literaturan eta bai zineman sormen lan hori nola egin duten aztertuko dugu”. Jesus Carrasco espainiarra izango da lehen gonbidatua, astelehenean, Okendo kultur etxean (19:00), eta Intemperie eleberria aztertuko dute, Ana Merino elkarrizketatzaile lanetan dela. Carrascok 2013an idatzi zuen bere lehen eleberria, eta 2019an film bihurtu zuen Benito Zambrano zinema zuzendariak. Egun berean, 19:00etan, Pello Lizarralde Zumarragako idazlea Ernest Lluchen izango da; Beñat Sarasola Donostiako idazleak elkarrizketatuko du.

Haurrak ere lehen lerrora

Urtero bezala, saio berezi batzuk ere izango dira. “Aurten, afari literarioa berreskuratu dugu”, azaldu du Arantxa Urkia Donostiako udal liburutegi sareko zuzendariak. “Ulises izango da gaia. Hitzaldi bat eta afaria izango ditugu”. Slawka Grabowska izango da dinamizatzailea, uztailaren 25ean, 19:30ean, Gastronomiako Euskal Anaiartean. Eta haurrak ere lehen lerroan jarriko dituzte aurten ere. Hamabost ekitaldi baino gehiago izango dira Literaktum Txikian. Besteren artean, uztailaren 23an VI. Haurren Nazioarteko Egunaren Festa egingo dute Intxaurrondo kultur etxean, 18:00etan hasita.

Leave a Reply

Your email address will not be published.