Futbolak salbatu du mundua

Futbolak salbatu du mundua. Hala esan daiteke. Ez futbolak bakarrik, bistan da, beste faktore batzuek ere eragin handia izan baitute gure salbazioan, baina futbola erabakigarria izan da. Batez ere Qatarren 2022an jokatutako Munduko Kopaz geroztik.

Txapelketa haren aurkako protesta ugari izan zen. Qatar oso estatu antidemokratiko eta krudela zen, matxismo eta homofobia beldurgarrikoa, eta baldintza negargarrietan aritutako langile zapaldu asko hil ziren estadioak eta azpiegiturak eraikitzeko lanetan. Baina, guztiarekin ere, futbolaren globalizazioak, lehendik ere aski garatua, aurrerapauso handia egin zuen txapelketa hartatik aurrera. Batetik, komunikazio sistema garatuen bat-batekotasunak eta ekitaldiaren handitasun mediatikoak guztizko bat egite komunikatiboa eragin zuen mundu osoan. Bestetik, haren kontra jotzeko ezintasunaz oharturik, ordura arte futbola kirol nagusien artean ez zuten herrialde garrantzitsuenek ere futbolaren zirku globalean nor izateari garrantzi handiagoa eman zioten, AEBek eta Txinak batez ere.

Futbolaren miraria: jatorriz, nortasunez zein balioz elkarren antipodetan zeuden ezin konta ahala herrialde eta kultura bat egiteko gauza izatea lortu zuen, eta denek adostasun erabatekoz onartzea, joko baten arauak ez ezik, arau horien interpretazioak egiten zituzten pertsonak ere: epaileak. Ari garenarekin lotura estuagoa duen eta esanguratsuagoa den hitz batekin esanda: arbitroak.

Arauen interpretazioei eta arbitroen erabakiei buruzko protestak ez ziren amaitu, baina futbolak lortu zuen globalizazioaren puntu gorenetara iristea protesta horiek neurri jakin batzuen barruan errendituta eta kontrolatuta. Kultura guztietako herrialde guztiek ontzat eman zituzten, lehenik, futboleko arau berez eta izatez arbitrarioak, eta, ondoren, horrez gain, onartu zuten arbitroak arau horien interpretazioa egindakoan ezin zela zentzuzko neurri batetik gorako protestarik egin, ezin zela, azken batean, indarkeriara jo arbitroaren erabakien aurka protesta egiteko, horrek jokoa bera jarriko zuelako arriskuan.

Herrialde nagusietako agintari batzuk hasi ziren pentsatzen futboleko arauetan eta arbitroaren erabakien onarpenetan halako adostasun global batera iritsi izanak bidea erakuts eta ireki ziezaiokeela asmo anbiziotsuago, eta gizakiaren biziraupenerako funtsezkoago, bati: Lurraren, eta gizakion, salbaziorako desazkunde global programatu, mailakatu, zentzuzko eta, batez ere, ezinbestekoari.

Beharrak ere lagundu zuen, jakina, planeta pikutara joateko zorian baitzegoen. Ez dago premia larria bezain akuilu eraginkorragorik.

Futbola eta bere globalizazio harmoniatsua izan zituzten, beraz, AGK Aginte Global Konputerizatuaren sorrerako inspirazio iturri eta eredu munduko herrialde nagusietako agintari eta kudeatzaileek. Gaur egun daukagun bakearen, ongizatearen eta orekaren hastapena izan zen hura.

Hau esaten dizuena ez da inoiz futbolzalea izan, eta aurrerantzean ere ez da inoiz izango honezkero. Gipuzkoarra naizen arren, ez nau batere hunkitu Realak 2043ko Futboleko Munduko Champions Txapelketa irabazi izanak. Baina gogotik txalotzen ditut futbolariak, haien balentriarekiko mirespenez baino gehiago futbolari zor diodan esker onagatik.

Futbolak salbatu duelako mundua.

Leave a Reply

Your email address will not be published.