“Indarrak metatu, eta harmonia bat sortu zen Kontseiluarekin”

Euskara bizitzarako tresna bihurtuta, hamaika proiektutan aritu da Xabier Mendiguren Bereziartu. Kontseiluko idazkari nagusi lanak jarri zuen lehen lerroan, 1998tik 2010era, baina itzalean ere lan asko egindakoa da.

Unai Zubeldia

Euskalgintzako ikurretako bat da Xabier Mendiguren Bereziartu (Ezkio, 1945), Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusi ohia. Umetatik erakarri zuten hizkuntzek, eta itzulpengintzara bideratu zuten bizitzako bidegurutzeek. 2010ean erretiroa hartuta, gaur egun ere gertutik bizi du euskararen egunerokoa.

Ahobizi eta belarriprest asko izango da bi asteotan batean eta bestean, baina kafesne bat eta botila bat ur ezin euskaraz eskatu Donostiako zenbait tokitan…

Edozein modutara ere, toki gehienetan dago euskaraz erantzuteko gai den norbait; hori ari da pixkanaka normaltzen, eta nekez egoten da euskaraz zerbait erantzuteko gai ez den inor. Jendeak, oro har, begi onez ikusten du euskara erabiltzea, erantzuteko prestasun hori ez izanda ere. Aldaketa bat sumatzen dut alde horretatik, baina txikia oraindik.

Euskara zer duzu, gozamenerako tresna ala sufrimendurako arrazoi?

Niretzat, denetarako tresna da euskara: lanerako, gozamenerako, sufrimendurako tarteka… Bizitzarako tresna izan dut euskara.

Baikor zaude euskararen geroarekin?

Bai, baina ez batzuek adierazten duten erabateko segurtasun horrekin. Ekin eta ekin jarraitu beharra daukagu etengabe. Aurrerapausoak eman ditugu, zorionez; nabarmena da hori, baina ez nahiko genukeen abiaduran eta tamainan. Maila guztietan, baita politikarien eta erakundeen artean ere, gauza gehiago egin beharko genituzkeela uste dut. Beste toki batzuetan daukaten irmotasuna falta zaigu guri.

Euskara batuaren aldeko lanean aritu zinen zu 1966 inguruan, baina, gaur egun, euskara batua eta euskalkiak aurrez aurre jartzen dituzte batzuek. Zer sentitzen duzu eztabaida horiekin?

Euskara batua oso beharrezko ikusi izan dut beti. Euskara batuak asko lagundu dio euskararen etorkizunari; batu egin gaitu, elkar ulertzen lagundu digu… Herrialde desberdinetakoak hurbildu egin gaitu, eta hori beharrezkoa da, bakoitza geure zokoan bizi ginelako bestela.

Kontseiluko idazkari nagusi ohia. Horrela ezagutuko zaituzte gehienek, baina idazlea, itzultzailea, ohorezko euskaltzaina…; hori eta askoz gehiago zara zu.

Gauza asko egin ditut, bai. Gustuko ingurune batean egin ditut neure gauzak, eta jende egokiarekin topo egin dut. Giro atseginean ibili izan naiz beti, denok partekatu izan dugulako helburu eta asmo bat. Taldean lan egiteak indarra ematen du lanean jarraitzeko.

1945ean jaio zinen, Ezkion. Nolako haurtzaroa izan zenuen?

Zorioneko haurtzaro baten irudipena daukat. Baserrian bizi ginen gu, eta herriko eskola elebidunera joaten ginen. Arazorik gabe moldatu nintzen, etxetik jaso nituelako euskara eta gaztelania. Etxean eta ingurunean euskaraz aritzen ginen beti; kanpotik etortzen zen maistra izaten zen euskaraz ez zekien bakarra. Sekula ez dut izan eragozpenik bi hizkuntzen artean ibiltzeko, eta zigorrik-eta ez dut gogoratzen euskaraz aritzeagatik. Guretzat, normala zen bi hizkuntzak ezagutzea; interesa geneukan, gainera. La Sallera joan nintzen gero, Zumarragara, eta eroso sentitu nintzen han ere.

Filosofia eta Letrak aukeratu zenituen gero. Nolatan?

Guk Teologiarekin nahastuta egin genuen dena. Ez neukan argi zer ikasi nahi nuen, baina pauso batek bestea ekarri zuen, eta horrela heldu nien ikasketa horiei. Erabaki bat hartu behar izan nuen gero: apaiz bizitza edo beste zerbait. Eta nahiago izan nuen beste zerbait egin: ez nintzen apaiz izatearen aldekoa.

Ikasketak amaitu, eta irakasle hasi zinen berehala, euskara eta euskal literatura irakasten. Nolako esperientzia izan zen hura?

Beti izan nuen aukera euskara lantzeko. Deustun [Bilbo] nengoen orduan, pasiotarrekin, eta hantxe hasi nintzen lagunei euskara klaseak ematen. Oso gazterik, akademia moduko bat sortu genuen, elkarri laguntzeko, eta baita aldizkari bat ere: Laiaketan. Irakasle peto batzuk izan genituen Deustun, gipuzkoarrak gehienak, eta horiek laguntzen ziguten euskara lantzen eta bideak irekitzen. Mundu desberdin bat erakutsi ziguten. Euzko gogoa aldizkaria, esaterako, aurkikuntza handia izan zen niretzat.

Ikastolen mugimendua ere barrutik bizi izan zenuen.

Ia oharkabean sartu ginen mundu horretan ere. Oso presente geneuzkan ikastolak, eta konbentziturik geunden euskarak aurrera egingo bazuen ezinbestekoa zela irakaskuntza hori ondo antolatzea. Ahal genuenean laguntzen genuen guk: irakasleak eta andereñoak prestatzen, ikastaroak ematen… Aditzak, aurrizkiak, idazketa egokia… Ikastoletan asko estimatzen zuten lanketa hori.

Orain, pil-pilean dago ikastolen eta euskal eskola publikoaren inguruko eztabaida. Zer daukazu esateko?

Ez dit graziarik egiten eztabaidan ibiltzeak; horrek, indarrik eman gabe, kendu egiten du, nire ustez. Oso garbi eduki beharko genuke indarrak metatu egin behar ditugula, eta metatzeko ados egon behar dugula helburuetan eta bitartekoetan. Eztabaida antzu hauek sobran daude; horrela, beti ariko gara elkarri harramazka egiten.

Euskararen aldeko mugimenduak inguruan beti galgaren bat duen sentsazioa daukazu?

Urte batzuetan, bizkorrago genbiltzala ematen zuen, baina, gerora, konturatu gara hain bizkor ere ez genbiltzala beti. Nire ustez, gauza gehiago eta hobeto egin zitzaketen agintariek ere; susmo batean erori gara: publizitatea ote zen dena edo benetan lanean ari ote ginen denok elkarrekin.

1975eko ekainaren 27an izendatu zintuzten euskaltzain urgazle. Nola hartu zenuen hura?

Natural. Ez nekien merezi nuen edo ez, baina normala iruditu zitzaidan, mundu horretan nenbilelako lanean. Ondo lan egiteko aukera gisa hartu nuen Euskaltzaindiaren izendapena.

Nondik datorkizu itzulpengintzarako grina?

Ni hizkuntzazalea izan naiz betidanik; asko gustatzen zait hizkuntza desberdinak ezagutzea. Asko estimatu izan dut desberdintasun horrek ematen duen aberastasuna. Neure kasa aritu izan naiz, gehienbat, hizkuntzak ikasten. Italiera, errusiera… Bizitzako zirkunstantzien ondorio izan dira horiek. Saiatu naiz hizkuntzak ahalik eta gehien ezagutzen. Ikasi, ez dira oso ondo ikasten, baina pixka bat lardaskatu ditut batzuk; 11-12 hizkuntzatara iritsi naiz. Hebreera ere ikasi nuen bere garaian, eta arabiera ikastea ere gustatuko zitzaidakeen.

1980tik 1990era lan mardula egin zenuten Martuteneko itzultzaile eskolan, Donostian, eta Euskal Herriko Itzultzaileen Elkarteko bazkide ere bazara.

Euskaltzaindiak aukerak jarri zizkigun Martutenen; Juan San Martin ez dut sekula ahaztuko. Finantzaketa lortu zuen hark, eta horri esker lortu genuen itzultzaile eskolak funtzionatzea. Martutene erdi ofizializazio bat izan zen guretzat. Han sortu ziren EIE [Euskal Idazleen Elkartea] eta EIZIE [Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen elkartea]. Egia esan, lankidetza polita sortu zen Martutenen.

PAUL_BILBAO_-_XABIER_MENDIGUREN_-_KONTSEILUA

Kontseiluan, erreleboa. Xabier Mendiguren Bereziartuk 2010ean utzi zuen Kontseiluko idazkari nagusi kargua; Paul Bilbaori eman zion lekukoa, apirilaren 24an Bilbon egin zuten batzarrean –irudian–.

1998an izendatu zintuzten Kontseiluko idazkari nagusi, eta han aritu zinen 2010era arte. Nolako esperientzia izan zen?

Zer izan zitekeen ez nekien mundu bat zen Kontseiluarena, baina baietz esan nuen. Ez geneukan oso argi Kontseilua zer zen, baina bai zer izan beharko zukeen. Talde eta helburu desberdinak elkartzea oso emankorra izan zitekeela pentsatu genuen, eta hala izan zen. Ugaldu egin zen elkarrekiko harremana eta etekina. Indarrak metatu, eta harmonia bat sortu zen.

Euskalgintzak 2003an hartu zuen kolperik handienetako bat, Euskaldunon Egunkaria itxi zutenean. Nola bizi izan zenuen hura? Beldurrik sentitu zenuen?

Ez zen garai gozoa izan, dantzan jarri zutelako euskararekin zerikusia zeukan guztia, baina egoerari aurre egiten saiatu ginen. Eskerrak Kontseilua hor zegoen. Momentu larrietako bat izan zen hura, ez genekielako etorkizuna nondik nora joango zen, baina antzematen genion oso bide onetik ez zela joango. Gogoan dauzkat orduko bilerak, eta zenbat kostatu zitzaigun politikari batzuei buruan sartzea zer arrisku zetorren.

Itzaleko proiektu askoren artean, duela bederatzi urte aurkeztu zenuten Euskal Herria 11 Kolore egitasmoa, euskal gizartearen kultur eta jatorri aniztasuna sustatu eta babesteko asmoz. Zer bide egin du horrek?

Gure txikian, aberastasuna, ugaritasuna daukagu Euskal Herrian. Asko diren tokietan oso neke gutxirekin sortzen da jende desberdina, baina gurean biderkatu egin beharra daukagu geure burua. Mundu txiki bat osatu nahi genuen, mundu txiki aberats bat.

Aldundiak sortutako immigrazio gaietarako aditu batzordeko kidea ere izan zinen.

Laguntzen saiatzen nintzen beti, nahiz eta azkenerako ez nekien gauzak nik egiten nituen edo ingurukoek.

Erretiroa hartuta, nola osatzen duzu eguna?

Ondo bizi naiz. Ez naiz kexatzen. Eguneroko gauzei jarraitzea lana da jada; jarraitzea eta ulertzea, ondoren erabakiak hartzeko eta erantzunak emateko. Familia bat ere badaukat, eta haiei aholku egokiak ematen ere saiatzen naiz.