Agus Rodriguez: “Jantoki sozial bat izan daiteke zerbait duina”

Kalean daudenen kopurua asko handitu da Donostian. Agus Rodriguez Donostiako Kaleko Afari Solidarioak egitasmoaren sustatzailearen esanetan, udalak bere gain hartu behar luke pertsona horien gaineko ardura, baina gaur egun eskaintzen dituen baliabideak ez dira aski.

Miren Garate

Donostiako Kaleko Afari Solidarioak egitasmoak bi urte bete ditu. Agus Rodriguez (Donostia, 1972) eta Parte Zaharreko beste zenbait auzotar jabetuta zeuden zenbait lagunek Konstituzio plazako arkupeetan egiten zutela lo. Zertan lagun ziezaieketen galdetu zieten, eta zerbait beroa eskatu zieten. Horrelaxe hasi ziren afariak banatzen. Bi urtean, gau bakar batean ere ez dute huts egin, eta Parte Zaharrean ez ezik Egian eta Amaran ere ematen dituzte afariak gaur egun. Boluntarioek ordaintzen dituzte jakiak, eta etxean kozinatzen dituzte.

Batez beste, 150 afari ematen dituzue egunero Donostiako Parte Zaharrean, Egian eta Amara Berrin. Ohartarazi duzue eskaera gero eta handiagoa dela. Zer ikusten duzue kaleko afari horietan?

Eskaeran goranzko joera ikusten dugu, bai. Etortzen direnen profil nagusia 20-30 urte bitarteko gizonezko magrebtarrena da, baina bestelakoak ere hasi dira etortzen: bertan jaioak, adinekoak… Kalean egon ez arren baliabide ekonomiko nahikorik ez dutenei ere ematen dizkiegu afariak. Adibidez, Parte Zaharrean hiruzpalau adineko etortzen zaizkigu, ez dutelako behar adinako diru laguntzarik. Horrez gain, aipatuko nuke mugimendu handia dagoela afarietara etortzen direnen artean: gutxi batzuk egunero etortzen dira, baina, oro har, aldatu egiten dira erabiltzaileak. Aurtengo neguan ere jende gehiago etorriko zaigula uste dugu, eta, tartean, Donostian bertan jaiotako gehiago ere bai.

Afari horietan zer esaten dizuete erabiltzaileek? Zer etorkizun aurreikusten dute?

Kasuistika ezberdinak daude. Badira itxaropentsu daudenak: hona iritsi dira, ari dira ikastaroak egiten, eta badute aurrera egiteko esperantza, baina, oro har, etsipena da nagusi. Batzuek nahi dute hemen geratzea, baina ez dute baliabiderik eskura. Aterpeetan plaza bat lortzea, adibidez, oso zaila da, eta kalean bizitzea oso gogorra da: alde batetik, fisikoki da gogorra, baina bestelako arazoak ere ugari dira, hala nola poliziaren etengabeko identifikazioak, mespretxua jende arruntaren aldetik, ikusezin sentitzea… Horregatik, gure konpromisoa otordu bero bat ematea baino gehiago da: giza berotasuna ere eskertzen dute etortzen direnek, jakitea badirela beren egoeragatik kezkatzen diren pertsona batzuk herri honetan.

Kale Gorrian-ek urrian egindako zenbaketan, kalean bizi diren 220 pertsona zenbatu zituen Donostian, 2018an baino 119 gehiago. Migratzaileek, adibidez, uste baino errealitate gordinagoa aurkitzen dute iritsitakoan?

Laguntza eta baliabide asko dauden ideiarekin iristen dira, baina ez da hala. Afaltzera egunero etortzen diren bik hamar urtetik gora daramatzate hemen, baina lan egiteko baimenik ere ez dute oraindik. Aurten izango lukete lan bat bilatzeko aukera, baina paperik gabe daude. Kalean daudenen datuak argi erakusten du Donostiako Udalak jartzen dituen bitartekoak ez direla nahikoak.

Besteak beste, jangela sozial bat martxan jartzeko eskatzen diozue Donostiako Udalari.

Guk bi eskaera nagusi egiten dizkiogu udalari: alde batetik, pertsona horien ardura bere gain hartzeko, eta jantoki sozial bat martxan jartzeko; eskaera nagusia hori izan arren, hori egin ezean, eta ez dugu ikusten halakoren bat jartzeko borondaterik, nahiko genuke gutxienez instituzioei dagokien lana egiteko prest gauden hiritarroi laguntzea, eta horretarako toki bat eskaintzea. Bigarren eskaera da aterpea neguko egun guztietan irekitzea, ez izotz arriskua dagoenetan bakarrik.

Baduzue harremanik udalarekin?

Bai. Duela bizpahiru aste egin genuen azken bilera. Udalak ikerketa lan bat ere eskatu zion enpresa bati. Zenbait egunetan guk egiten genuen lana ikusten egon ziren, zenbatu zituzten erabiltzaileak, elkarrizketatu zituzten… Gehienak gizarte larrialdietarako udal zerbitzuan izena emanda zeuden. Udalak, ordea, esan du bere alternatiba Otorduak programa dela; hau da, hirurogei lagunentzako hiriko jatetxeetan eskaintzen duen otorduen programa. Guk jarraitzen dugu esaten hori ez dela nahikoa. Udalaren esanetan, jantoki sozialek estigmatizazioa dakarte, eta aitzakia bat iruditzen zaigu hori: jantoki sozial bat izan daiteke zerbait duina, eta lanpostuak ere sor ditzake.

Aipatu duzu gutxienez otorduak prestatu ahal izateko toki bat nahiko zenuketela. Egun, Afari Solidarioak egitasmoan, boluntarioek ordaintzen dituzte jakiak, eta etxean prestatzen dituzte. Bi urteren ondoren, igartzen duzue nekerik?

Noski, eta gorabeherak egon dira. Batzuek utzi egin dute askotariko arrazoiengatik —ekonomikoak, familiakoak edo bestelako konpromisoak—, baina, zorionez, hutsuneak bete ahal izan ditugu, eta bi urte hauetan ez dugu hutsik egin egun bakar batean ere.

Beste auzoren batera zabaltzeko asmorik baduzue?

Ongi etorria izango litzateke, baina ez gaitezen nahastu: helburua izan behar du instituzioek beren gain hartzea pertsona horien gaineko ardura.

Abenduaren 28a egun berezia izango da zuentzat. Jon Maiaren Kantu bat gara ikuskizunean zuen lanaren berri emateko aukera izango duzue, Donostian (Kursaalean, 19:30ean), Irungo Harrera Sarearekin batera, eta sarreren dirua ere bideratuko zaizue.

Oso eskertuta gaude, eta jendea animatu nahi dugu kontzertura joatera, migrazioaren gaiak protagonismo berezia izango baitu. Horrez gain, gure lana ezagutu nahi duen oro ere etor dadila edozein egunetan, 20:30ean, Donostiako Parte Zaharreko Plaza Berrira, Egiako Teresa Kalkuta plazara edo Amarako Atano III.a pilotalekuaren kanpoaldera.