Askotariko moldeak dituen indarkeria

Askotariko moldeak dituen indarkeria

Miren Garate

Indarkeria matxistaren kontrako eguna da gaur, eta Euskal Herriko Mugimendu Feministak kalera ateratzeko deia egin du. Beldurraren eta kontrolaren aurrean, justizia feminista! Antolatuta gaude! lelopean egingo ditu manifestazioak hiriburuetan: 19:00etan izango da Donostiakoa, eta Bulebarretik aterako da. Indarkeria matxistaren “hamaika formak” salatuko dituzte, eta autodefentsa feminista aldarrikatuko dute. Gizonei, berriz, dagozkien “ardurak” hartzeko eskatuko diete: “Utzi erasotzaile eta konplize izateari. Azaleko diskurtsoek ez dute balio praktikan ezer ez bada aldatzen”, azaldu zuten mugimenduko kideek astelehenean, gaurko ekitaldiak aurkezteko egindako agerraldian.

Euskal Herriko Mugimendu Feministak hiriburuetan antolatutako protesta horiez gain, Gipuzkoako herririk gehienetan izango dira mobilizazioak, bai talde feministek antolatuta, bai erakunde publikoek deituta. Gaurko egunera mugatu gabe, egitarau zabalak osatu dituzte, gainera, hilabete osoan. Mugimendu feministak aipatutako indarkeria matxistaren “hamaika forma” horien barruan sartzen dira, besteak beste, indarkeria instituzionala, lan esparruan emakumeek jasaten dutena, etxe barrukoa, heteroarautik ateratzeak sortutakoa, indarkeria obstetrikoa, sare sozialetakoa eta beste hainbat eta hainbat indarkeria mota.

Hori dela eta, gai jakin baten bueltan ardaztu dituzte ekitaldiak zenbait tokitan. Eskoriatzan, indarkeria instituzionalari heldu diote, eta, zehazki, gurasoen alienazioaren sindromearen (GAS) gaiari; Elgoibarren, emakumeek espazio publikoen erdigunea hartzearen garrantzia nabarmendu nahi izan dute, eta Tolosan, adineko emakumeek jasaten duten indarkeriari buruzko hitzaldia izango da astelehenean.

 

ESKORIATZA

Sindrome faltsu baten eraginak ama eta umeengan

Oinarri zientifiko eta medikorik gabeko teoria bat da gurasoen alienazioaren sindromea delakoa. Gaitzetsi egiten dute nazioarteko osasun erakundeek. Indarkeria instituzionalaren barruan kokatzen den gai horri heltzea erabaki du Eskoriatzan Feminismoa Bizirik taldeak azaroaren 25aren bueltan antolatutako jardueretan. “Existitzen ez den sindrome horren eraginez, ama asko egoera oso gogorrak bizitzen ari dira, eta baita ume asko ere”, esan du Eider Kortazar elkarteko kideak.

NBEk berak ere ohartarazi dio Espainiari genero arrazoiengatiko neurri diskriminatzaileak aplikatzen ari dela adingabeen aurkako tratu txarren eta abusuen kasuetan.”Baina berez existitzen ez den sindrome hori, beste hitz batzuekin, asko erabiltzen da gizarte zerbitzuetan eta bitartekaritza puntuetan, eta epaileek ere begirada hori dute oraindik”, esan du Kortazarrek. Hain zuzen ere, gurasoak bananduta daudenean eta haur batek aitarekin egon nahi ez duenean, umea manipulatzea egozten diote amari. “Tratu txarrak jasan dituzten emakumeak izaten dira; gertatzen dena da kasu batzuetan ezinezkoa izan dela frogatzea, eta, kondenarik ez dagoenez, amari leporatzen zaio umea manipulatzea”.

Kortazarren esanetan, sarri, aitarekin egon beharrak sortzen dien egonezinaren ondorioz, hainbat sintoma izaten dituzte haurrek: hala nola, botaka aritzen dira, pixa egiten dute gainean eta abar, baina, ezinbestean, aitarengana eraman behar izaten dituzte amek. “Ez eramatea erabakiz gero, arazo larriak sortzen dira, eta espetxean ere amaitu dute zenbait amak. Azkenean, epaileak esaten duenak indar handiagoa du umeek esaten dutenak baino”.

Gaiaren inguruko hitzaldi bat egin zuten asteazkenean Eskoriatzan, eta Gasteizko emakume batek bere kasua kontatu zuen. “Semea ezin du ikusi, bere garaian epaileak ebatzi zuelako existitzen ez den sindrome hori zegoela eta erabaki zuelako amak manipulatu egiten zuela”. Indarkeria matxistaren aurkako Bizkaiko Bizitu elkarteko kideak ere izan ziren hitzaldian. “Ulertzeko zaila da oraindik halakoak gertatzea, baina gertatzen dira, eta izugarri gogorrak izaten dira kasuak”.

Arrasaten badago tratu txarrak jasan dituzten emakumeen talde bat, Guerreras izenekoa. Eskoriatzan, Feminismoa Bizirik elkarteak harreman zuzena du haiekin. “Haiek adierazi ziguten gai hau jorratzeko beharra, eta Irune Costumerorekin ere harreman zuzena dugu”. Hain zuzen ere, Costumero bizkaitarrak hitzaldia eman zuen astelehenean Arrasaten. Alabaren zaintza kendu zioten 2017ko abuztuan, gurasoen alienazioaren sindromea argudio hartuta. Haurraren aitaren aurkako salaketa zeukan jarrita, indarkeria matxistagatik.

Eskualdeko beste herri batzuetan beste ertz batzuetatik heldu diote indarkeria instituzionalaren gaiari. Aretxabaletan, esate baterako, Atzerritartasun Legeak ezkutatzen duen emakumeen aurkako indarkeria landu dute. Kortazarrek uste du lege hori bera emakumeen aurkako “biolentzia zuzena” dela, emakume etorkinek guztiz arrazializatuak diren lanpostuak bete behar izaten dituztelako. “Gizon matxistek bakarrik ez, instituzioek ere eguneratu behar dute, eta hasi behar dute gauzak genero ikuspegitik ikusten”.

ZIZTADAK

ELGOIBAR

Emakumeek espazio publikoa hartzeko premia

Maialen Gurrutxaga Elgoibarko Berdintasun zinegotziaren esanetan, aski da arratsalde batean plazara joatea espazio publikoaren erdigunea nork hartzen duen ikusteko: gizonek. “Normaltzat ikusi izan dugu mutilek eta gizonek okupatzea espazio publikoa modu natural batean, eta horren inguruko hausnarketa bat egin behar dugu, eta ikusi nora iritsi nahi dugun gizarte gisa”. Aurten, indarkeria matxistaren kontrako egunaren harira, gai hori jorratu dute Elgoibarko Udalak eta herriko Lila emakumeen etxeak.

“Guretzat inportantea da espazio publikoan ere emakumeen eskubideak aldarrikatzea, eta jai giroaz eta aisialdiaz gozatu ahal izatea indarkeriarik gabe”. Besteak beste, udan jaietan izan ziren ziztada kasuak dira espazio publikoan emakumeek jasaten duten indarkeriaren adibideetako bat. “Aldarrikatu nahi dugu aisialdian neskek eta emakumeek badugula espazio publikoak eta herrietako erdiguneak hartzeko eta horiez disfrutatzeko eskubidea”. Hain zuzen ere, Gurrutxagaren arabera, umetatik ikusten da neskei zenbat kostatzen zaien erdigunea hartzea. “Horren inguruan ere hausnartzea garrantzitsua da”.

Egunotako mobilizazioen barruan, zapata gorriena izango da garrantzitsuena Elgoibarren; hau da, Elina Chauvet mexikarrak bere ahizparen hilketa matxista salatzeko eta hildako beste emakumeak gogorarazteko 2009an hasitako artelan kolektiboaren moldaketa bat egingo dute herrian. Zapatak eskatu dizkiete herritarrei, eta Lila etxekoek gorriz margotu dituzte zapata horiek azken egunotan. Gaur, egun osoan ikusgai egongo dira Kalegoen plazan, aldarrikapen gisa. Gurrutxagak azaldu du pozik daudela egitasmoak izan duen erantzunarekin, zapata ugari jaso baitituzte.

ERASO MATXISTA SALATZEKO ELKARRETARATZEA TOLOSAN

TOLOSA

Adineko emakumeak eta mendekotasun ekonomikoa

Emakume helduen kontrako indarkeriari buruzko hitzaldia emango du astelehenean Lurdes Rodriguez Landa adituak, Tolosan, kultur etxean, 18:30ean, Oneka emakume pentsiodunen elkarteak antolatuta. Hango kidea da Nekane Berriotsoa. Senarrarekiko mendekotasun ekonomikoan bizi izana da adin horretako emakume askoren ezaugarria. “Inguruan ikusten duguna da mendekotasun ekonomikoa egonez gero eta zeurea den ezer ez izanez gero zailagoa izaten dela edozer egitea eta gehiago jasan behar izaten dutela emakume horiek”. Era berean, erlijioak eta izan duten heziketak beren bizitzan izan duen pisuagatik, azaldu du adineko emakumeen artean erruduntasun sentsazioa ere ohikoa izaten dela.

Indarkeria fisikoaz gain, adineko emakumeek askotariko indarkeria motak jasaten dituzte. “Adibidez, bakardadea aipatuko nuke. Emakume edadetu asko bakarrik bizi dira, baita 90 urterekin ere, moldatzen direlako; gizonak, ordea, normalean ez dira bakarrik bizi, zaintza gehiago behar dutelako edo ez direlako moldatzen, eta babestuago daude”. Uste du baliabide ekonomikoen faltak baduela eragina bakardade horretan ere: “Jendearekin erlazionatzeko irten egin behar zara, eta horrek gastua dakar batzuetan; hori saihesteko, pixkanaka etxean geratzen zara, bakarrik”.

Familiaren barruan, gutxi hitz egiten den arren, seme-alaben indarkeria ere badagoela esan du. “Presioa ere indarkeria da, eta seme-alabek, beren erosotasunagatik edo gauzak ikusteko moduengatik, normalean amaren aurka egiten dute”.

Instituzioetan ere ikusten ditu beste hainbat adibide. Esate baterako, burokrazia, arrakala digitala eta adinekoei ematen zaien informazio urria aipatu ditu. “Instituzioek ez dute parte hartzea bultzatzen, eta, dena uzten duzunean, ikusezin geratzen zara. Horrez gain, adineko emakume asko dabiltza euskara, marrazki edo zeramika tailerretan, baina erabakiak hartzen diren guneetan oso gutxi dira”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.