Irunek Ficoba eskaini du kirol pabiloi gisa

Irunek Ficoba eskaini du kirol pabiloi gisa

Mikel del Val

Bidasoa Irun eskubaloi taldeak bost denboraldi jarraian daramatza Europan lehiatzen. Europako Ligan ari da aurten, kluben arteko Europako bigarren txapelketa nagusian. Ondo ari da, ligaxkako lehen hiru neurketetatik bi irabazi baititu, azkena asteartean; irundarrek 26-22 irabazi zioten Ukrainako HC Motor taldeari. Ohikoa den moduan, Bidasoa Irunek Artalekun jokatzen ditu etxeko partidak, baina iaztik indarrean den lege batek arazoak sor diezazkioke klubari epe motzean, eta Irungo Udala mugitzen hasi da: Ficoba ingurua eskaini du Gipuzkoan erabilera anitzeko pabiloi handi bat egiteko.

Gurutz Aginagalde Bidasoa Iruneko presidenteak iragarri du klubak, lege aldaketagatik, “betebehar batzuk” dituela Europan lehiatu ahal izateko. Bete beharreko arau horiek “argiak” direla zehaztu du presidenteak: instalazioaren edukiera minimoa 2.500 ikuslekoa izatea, eta harmailak lau aldeetan izatea. “Oraintxe Artalekuk ez ditu betetzen arau horiek”.

Bidasoa Iruneko presidenteak jakinarazi du Europak lau urteko luzapena eman ziela arau horiek betetzen ez dituzten klubei, “egoera konpontzeko”. Hau da, Bidasoak Artalekun jokatu ahal izango ditu Europako partidak 2025era arte. Arazoa, baina, data horretatik aurrera irits dakioke klubari, eta Bidasoa Iruneko presidenteak ez du kezka ezkutatu. 2025a urrun dagoela badirudi ere, ia bi urte pasatu dira jada legea aldatu zutela. “Eta bi urte eta erdi barru, guretzat beharrezkoa izango da arau horiek betetzea Europan jokatzen jarraitu nahi badugu”, esan du Aginagaldek.

Beharra eta nahia

Egoera bideratzeko asmoz, bi urte dira Bidasoa Irun eskubaloi taldea Irungo Udalarekin harremanetan jarri zela, egoeraren berri emateko. Klubak udalari helarazi zion Artalekuk ez dituela betetzen Europan aritzeko gutxieneko baldintzak. “Eta egoera aztertzen saiatuko zirela esan ziguten”, zehaztu du Aginagaldek.

Albisteak duela bi aste eta erdi egin zuen eztanda. Jose Antonio Santano Irungo alkateak Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariei helarazi zien Gipuzkoako balio anitzeko pabiloia eraikitzeko Irunen eskaera. Azpiegitura hori Irungo Ficobako aparkalekuaren eremuan eraiki daitekeela nabarmendu du alkateak, eta bermeak dituztela bertan egiteko: “Lurra dugu, Irun eta Ficoba ondo komunikatuta daude Topoarekin, eta aukera egokia dela iruditzen zait Gipuzkoak erakuts dezan lurraldeko ekimen batzuk Donostiatik atera daitezkeela”. Super Amara Bera Bera Donostiako klubak ez du iritzirik eman nahi izan.

Santanok defendatu du Gipuzkoak “erabilera anitzeko pabiloi bat” behar duela, eta alkate gisa behar hori Irunek duen behar batekin lotu duela: Bidasoa Irunen kasuarekin: “Bidasoak Europako Txapelketak jokatzen ditu, eta bere instalazioak handitzeko eta berritzeko beharra du”. Horrez gain, “beste lurralde batzuetan bezala”, pabiloi berriak “kontzertu handiak, kirol lehiaketak eta ikusle kopuru handia behar duten beste hainbat emanaldi” hartu ahal izango lituzkeela uste du alkateak.

Aginagaldek aitortu du “argi” geratu dela Gipuzkoan “behar bat” dagoela, eta esan du Irungo alkatearen diskurtsoarekin bat egiten duela: “Zergatik zentralizatu behar dugu dena Donostian? Irun ere hiri garrantzitsua da, mugan dago, leku estrategiko batean kokatuta dago. Gaur egun Bidasoa Irunek behar bat du, eta, behar hori aprobetxatuz, beste behar batzuk ere ase daitezkeela uste dut”.

Beste aukera batzuk

Balio anitzeko pabiloia eraikiko balitz klubari “beste ostertz bat” irekiko litzaiokeela ziurtatu du Aginagaldek. “Batetik, Europan jokatzeko aukera izango genuke, eta, bestetik, ziur nago pabiloi berri baten onurak aprobetxatzeko aukera izango genukeela”.

Klubak, oraintxe, zenbait muga ditu Artalekurekin. “Guk, orain, berrehun gazte dauzkagu harrobian, eta azken urteetan ezin izan ditugu gehiago hartu, ez daukagulako instalazio gehiago”. Azken partidetan ere, iragan larunbatean kasurako, sarrera guztiak saldu zituen klubak. “Ez zen sartzen jende gehiago”. Hori dela eta, Aginagaldek argi du eskubaloi klubaren hazkundean “muga bat” dela Irungo Artaleku. “Asko maite dugu Artaleku, pabiloi historikoa delako, gure etxea delako, baina argi dugu instalazio berriak behar ditugula”.

Udalak bi aukera eskaini zizkion Bidasoa Iruni: Artaleku berritzea edo pabiloi berri bat egitea. Aginagaldek azaldu du eurak ez direla sartuko eztabaida horretan, baina, “bertan edo kanpoan”, baina “instalazio berrien beharra” aldarrikatu du.

Leave a Reply

Your email address will not be published.