Pentsatzen duen herri bat

Filosofia herriratzea du helburu Aritz Pardina oriotarrak, eta, azken bi urteetan zenbait hitzaldi antolatu ondoren, irakurketa tailerrak abiatu ditu Orion oraintsu.

Aritz Mutiozabal

Bakoitza bere bizipenekin joaten da, eta tailer hauen gauzarik politena zera da, testu batek bakoitzari iradoki diezaiokeena gainerakoekin lantzea. Hori da aberasgarriena”. Aritz Pardinak (Orio, 1996) erronka nagusi bat jarria dio bere buruari: filosofia herriratzea. Horretarako, irakurketa saioekin hasi da azaroan, Orion, eta “gustura” dago emaitzarekin, bost laguneko taldetxo bat osatu ahal izan baitu. Pardinaren saiakera, ordea, duela bi urte Orioko gaztetxean abiatutako Pentsamendu Tailerrarekin hasi zen —sasoi hartakoak dira Tolosako Pote Filosofikoak eta Goierriko saioak ere—. “Seriotasun akademikoa” albo batera utzi eta filosofia “ulerterrazagoa” bihurtzeko “ahalegin arriskatu” bat da.

Pandemiaren atarian antolatu zuen lehen mintegia oriotarrak, duela bi urte eta erdi, eta Agustin Arrieta eta Maddi Nazabalek eman zuten lehen solasaldi hura, umorearen inguruan. Saioak “harrera bikaina” izan zuen, eta, pandemia igaro ostean, beste pare bat saio antolatu zituen hizlari adituekin. Ondoren, Pardinak berak hartu zuen solasaldiak emateko ardura. “Hainbat faktorek eraginda” jendearen erantzuna ez zenez espero bezalakoa izan, formatua aldatzea otu zitzaion, eta, hilabete honetan, irakurketa saio moduan lantzen hasi da filosofia.

Talde egonkor bat helburu

Batetik, gaztetxetik Orioko Salatxo aretora lekualdatu du pentsamendu gunea, “herritik gertuago” dagoelako. Bestetik, irakurketa formatuari bide ematea erabaki du, “jendearen parte hartzea erraztuko” duelakoan. Pardinak ez du ulertzen tailer hori feedbackik gabe; hau da, ez du nahi jendea kontzertu bat entzutera joan eta amaitzen denean bezala etxeratzea. “Talde egonkor bat sortu nahi dut aurrera begira; hamar bat lagunekin konformatuko nintzateke. Jarraitutasuna eta interesa izango lukeen talde bat nahi dut, iritzia emango duena”, azaldu du.

Abiapuntua eta helburua “filosofia herritarrengana hurbiltzea” da. Baina “estigma handiak” daude filosofiaren inguruan. “Filosofiaren arazoak ertz asko ditu. Askotan esan ohi da oso gauza abstraktua dela, ulergaitza dela, ez dela guztiz agerikoa errealitatearekin lotura egiteko orduan… Alde horretatik, badaude estigma batzuk”, aitortu du Pardinak. “Bestalde, beste zientzia guztiekin gertatzen den bezala eta filosofia ez da berezia horretan, oso zaila da ezagutza akademikoaren eta ezagutza orokorraren artean zubi lana egitea”. Filosofiako ezagutzak, adibidez, komunikatzen dituztela esan du Pardinak, “baina artikulu eta konferentzia akademikoen bitartez. Lengoaia teknikoa erabiltzen da hor, eta hori ez da edonorentzako aproposa”.

Hori guztia apurtzen saiatu da Pardina, “filosofia denen eskura jartzeko, erakusteko edonork uler dezakeela eta aberasgarria dela”. Baina, azken gako gisa, filosofiak “norberaren ideiak zalantzan jartzera” behartzen dituela ohartarazi du. “Oro har, geure baitan ideia bat finkatzea lortu dugunean, asko kostatzen zaigu hori ezbaian jartzea. Beraz, bistakoa da filosofiak ertz asko dituela”.

Egunerokoari lotuta

Platon, Sokrates, Aristoteles, Kant, Descartes…; izen potoloak ageri dira beti filosofiaz hitz egiteko orduan. Pardinaren ustez, garrantzitsua da egile handi horiek zer pentsatzen zuten jakitea. “Baina errealitatearekin lotura eginda. Adibidez, Hannah Arendt oso ezaguna da filosofiaren esparruan, ez Platon bezainbeste, baina hilabete honetan antolatu ditudan bi irakurketak bere pentsamenduan oinarritu ditut. Lotura handia dauka gaur egungo testuinguru politikoarekin eta gerrarekin. Azken finean, boterea eta indarkeria ditu hizpide”.

Irakurriko dituzten liburuak “gaur egunera ekartzea” du oriotarrak xederik behinena. Horrez gain, “luzera begira”, euskal pentsalarien filosofia landu eta sustatu nahi du, euskaraz. “Badirudi izen handi horien ideiak bakarrik direla filosofia, baina Euskal Herrian tradizio filosofiko oparoa dugu, eta jendea ari da horren inguruan lanean”.

Adibide gisa, egile eta liburu batzuk aipatu ditu erreferentziatzat Pardinak: Iñigo Martinez Peñaren Mandamentu hipermodernoak; Ekaitz Goikoetxearen Balio erantzia; eta Oi(h)artzun Filosofikoa taldearen gidaritzapean kaleratutako Hamaika kutixi filosofiko. “Beraz, Euskal Herrian badago filosofiaren inguruko interesa, eta badago filosofia egiten duen jende gaztea. Euskal pentsalari gazteen lana ezagutarazi nahiko nuke, oharkabean pasatzen baitira askotan”.

Abenduan ez da saiorik izango, baina, datorren urtearen hasieran, jarraipena eman nahi dio egitasmoari.