Itsaso Pagoaga: “Umearen jolasak izan behar du protagonista, ez jostailuak berak”

Jostailuen aukeraketari buruzko aholkuak ematen ditu Itsaso Pagoagak, Arrasateko Olgeta egitasmoaren arduradunak, eta, Gabonei begira, interesgarria iruditzen zaio lau oparien araua aplikatzea; hau da, guztira lau opari baino gehiago ez jasotzea haurrek.

Miren Garate

Jostailu denda bat izateaz gain, jolaserako baliabideak eta zerbitzuak eskaintzen dituen egitasmoa da Arrasateko Olgeta. Prestakuntza eta hitzaldiak ere ematen dituzte, eta aste honetan Aretxabaletan eta Arrasaten izan da Itsaso Pagoaga (Arrasate, 1985) egitasmoaren arduraduna. “Batez ere, jolaserako espazioa, denbora eta pertsonak behar dituzte haurrek, ez materialez itotzea”, azaldu du.

Jostailu bat aukeratzeko orduaan, zer alderdiri begiratu behar zaie?

Laburbilduz, nire ustez, garrantzitsuena da begiratzea jostailua hartuko duen umearen adinari, gustuei eta testuinguruari —anai-arrebarik duen, haiekin zenbaten aldea duen adinean, familian dituzten jolas ohiturak…—. Horrez gain, kontuan hartu behar da aukeratzen dugun jostailu horrek haurraren sormena ahalbidetzen duen; hau da, umearen jolasak izan behar du protagonista, ez jostailuak berak. Adibidez, oparitzen badiogu argiz eta soinuz betetako auto bat, elementua bera da protagonista, eta umeak ezer gutxi du egiteko; aldiz, beste jostailu batzuek material sinpleak izaten dituzte —egurrezko piezak bakarrik, agian—, baina umearen sortzeko gaitasuna sustatzen dute.

Askotan gertatzen da umeak nahi duen hori ez etortzea bat jostailua erosi behar duen helduaren irizpideekin. Zer gomendatzen duzu halakoetan?

Gatazka bat sortzen da hor. Hitzaldietan aipatzen dugu estrategia interesgarria izan daitekeela lau oparien araua aplikatzea. Haurrek Gabonetan jostailu pila bat jasotzen dute, larregi, eta hori mugatze aldera, eta denen nahia presente egoteko, haurrak lau opari bakarrik jasotzea interesgarria iruditzen zaigu. Bat izango da haurrak benetan eskatu duen opari bat, hau da, berak eskatutakoen artean bat. Bigarrena, haurrak egunerokotasunean beharko duen zerbait izango da; adibidez, oinetakoak, udalekuetarako lotarako zakua, txamarra… Hirugarrena, irakurketarekin lotura daukan opari bat izango da. Eta laugarrena, helduak nahi duena; hau da, helduaren ustez haurraren interesentzat interesgarria izango den jostailu bat.

Batzuetan ohikoa izaten da aitona-amonek eta inguruko askok ere nahi izatea opariak egitea… Lau opari, guztira, ezta?

Denekin negoziatu behar da, eta hori ere oso zaila da. Gatazka iturri izaten da, baina komeni da haurraren ongizatea erdigunean jartzea eta adostea zer oparitu eta zenbat. Helduok askotan kexatzen gara haurrek jostailu pila bat dutelako, baina horren errua guk geuk dugu. Haurrek behar dutena da jostailu gutxi eta onak; batez ere, jolaserako espazioa, denbora eta pertsonak behar dituzte haurrek, ez materialez itotzea.

Olgetara egitasmora joaten diren bezeroek zer kezka adierazi ohi dizkizuete?

Kezkarik handiena izaten da denetik dutela haurrek; batez ere, bigarren edo hirugarren haurrekin. Helduek ez dute jakiten zerekin ase umeak, eta ez dira konturatzen askotan ez dutela ezer materialik behar, gurekin egotea eta jolastea eskatzen dutela. Horrez gain, jostailuari, askotan, berezkoak ez dituen funtzioak eskatzen dizkiogu: ‘Nahi dut jostailu bat matematika ikasteko, edo irakurtzen ikasteko’. Jostailuak jolasa ahalbidetzeko eta ondo pasatzeko tresna dira, eta, bide batez, agian, haurrak ikasiko du zerbait, baina ez dira zerbait ikasteko berariaz.

Genero aldetik ere lantzen duzu gaia. Jostailu aukeraketa egitean, zer kontuan hartzea gomendatzen duzu?

Jostailuek ez dute generorik, erabileran-edo egozten diogu hori. Baditugu merkatuan genero bati egotzitako estetika bat erreproduzitzen duten panpina edo jostailu konkretuak; hortik aldendu behar gara, eta merkatuan badaude alternatibak. Saiatzen gara alternatiba hori eskaintzen: panpinak bai, baina bestelako eredu batzuetakoak. Askotan, ordea, helduok ditugu aurreiritziak: ‘Mutila da, eta hori mutilentzat bai?’. Helduok baldin bagara beraien eskaintza mugatzen dutenak…

Eta materialari dagokionez, zer komeni da?

Interesgarria da goxotasuna eta aniztasuna bilatzea, batez ere 0-3 urtekoetan, haurrak zentzumenen bidez deskubritzen baitu mundua adin tarte horretan, eta, horrez gainera, dena ahora eramateko ohitura baitu. Gainontzeko adinetan ere garrantzitsua da materialetan arreta jartzea: merezi du gutxiago erostea eta erosten dugun horretan inbertitzea.

Jostailuak umeekin lotzen dira, baina nagusiagoei ere oparitu ohi zaizkie?

Nabaritu dugu pandemia sasoian eta ostean, etxean egoteak jolasera bideratu gaituela gehiago helduok, eta, adibidez, mahai jolasak asko saltzen ditugu helduentzat. Gainera, konturatzen gara mahai jolasek oso funtzio garrantzitsua dutela adinekoentzat, beren funtzioak aktibo mantentzeko.

Pantailak tartean sartzen direnean, arrakasta txikiagoa izaten dute jostailuek?

Nola eta zenbat sartzen diren izan daiteke gakoa. Pantailak gailentzen badira, berdin du zer eskaini, haurrak samurrera joko du; aldiz, harremana orekatua baldin bada, gainontzekoak ere ez du zertan galdu protagonismoa. Irakurzaletasunarekin gertatzen den bezala, helduok ematen dugun ereduak ere badu garrantzia.

Euskararekin ere ahalegin berezia egiten duzu zuk, eta itzuli egiten dituzu argibideak. Nolatan hasi zinen horretan?

Euskal Herrian baditugu jostailu ekoizleak, baina ez dira asko. Olgetan egitasmoan, interesgarriak iruditzen zaizkigun mahai jolasak ekartzen ditugu, eta argibideak euskaratu egiten ditugu. Horrez gain, dendan mahai jolasa probatzeko aukera ematen dugu, eta erostean denek izaten dute euskarazko argibidea ere txertatuta. Orain urtebete mahai jolasen argibideak bideoan grabatu eta YouTuben igotzen ere hasi ginen. Uste dugu garrantzitsua dela jolasean hasten garenean erabiltzen dugun hizkuntza euskara izatea. Egunerokotasunean euskaraz bizi nahi badugu, behar ditugu tresnak, eta ondo pasatzeko baldin bada, askoz hobeto.

Mahai jolasak alokatzeko aukera ere ematen duzue Olgetan. Zerbitzu hori ez da hain ohikoa jostailu dendetan, ezta?

Europatik ekarri genuen ideia. Hainbat funtzio ditu zerbitzuak; adibidez, asteburu-pasa bagoaz lagunartean erabiltzeko edo haurrarekin probatu ahal izateko, gustatuko zaion edo ez ikusteko.