Mugak gainditu dituen herri baten arnasa

Nork esan behar zigun CII proiektuak kaltetutakoen plataformako kideei, gure ibilbidea hasi eta hiru hilabetera, Espainiako Diputatuen Kongresuak 2023ko Estatuko Aurrekontu Orokorren kargura onartu duen 476.000 euroko diru saila ospatuko genuenik.

Andoain parean, N-1 eta A-15 errepideen arteko loturarako trazadura proiektua idazteko onartu dute diru partida hori. Aurrekontu horri esker, Andoainen indarrean dagoen Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean jasotako helburuekin bat datorren proiektu bat birpentsatu ahal izango da.

CII proiektuaren kaltetuen plataformaren iritziz, ondoriozko arazoei erantzuteko hurrengo urratsek Administrazio Publikoaren izena daramate. Alde batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiarena, berari baitagokio Andoaingo udalbatzak irailaren 12an hartutako erabakia errespetatzea: hau da, CII proiektuaren inguruan abian dauden prozedurak geldiaraztea, Andoaingo plan orokorrean ezarritako helburuekin bat datorren proiektu baten eguneratzea berriz pentsatzeko.

Eta, bestetik, Andoaingo Udalak bere gain hartu behar duen erantzukizuna, onartu berria duten diru saila zuzenean datorrelako Madriletik Andoainera. Hori kudeatzeko ardura bere gain geratzen da, ingurumenarekiko jasangarria izango den eta pertsonen interesak errespetatuko dituen trazadura proiektu alternatibo bat idazteko, eta, aldi berean, indarrean dagoen Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean jasotako helburuak bideragarri egiteko.

Pozik gaude CII proiektuaren kaltetuen plataformako kideak, Andoaingo herriaren arnasak udal mugak gainditu dituelako eta 476.000 euro lortu dituelako; giza komunitate bizi, kohesionatu eta berdintasunezkoa eraikitzen lagunduko duen proiektu alternatibo bat idaztea da helburua. Andoaingo herritarrok harro eta eroso sentitzeko moduko herria eraiki nahi dugu. Hirigintza atsegina nahi dugu, irisgarria, interakzio soziokulturaleko espazioak izango dituena, tokiko garapen ekonomikoak ahalbidetuko dituena, eta, batez ere, kutsadura atmosferikorik eta akustikorik gabeko ingurunea bermatuko duena. Asko eskatzea al da?

CII proiektuaren kaltetuen plataformako kideek pentsatzen dugu herrian eta kanpoan badaudela egiteko beste modu batzuk, badagoela esperientzia, jakituria eta adimena Madriletik Andoainera zuzenean datorren diruarekin ondo pentsatutako alternatiba errealista bat idazteko.

Bestela, norantz goaz herri bezala, gipuzkoar bezala, zenbat eta auto kongestio gehiago, orduan eta errepide gehiago ekuazioa onartuta konponbide modura?

Leave a Reply

Your email address will not be published.