Nire hizkuntza

Zertarako aipatzen didazu orain ditxosozko sorioneku horren kontua? Uste duzu inporta zaidala duela 2.000 urte hemen edo hemendik gertu bizi zirenak zer hizkuntzatan mintzatzen ziren?

Barkatu, baina ez daukat astirik horrelako kontuekin liluratu eta burutazio poetikoetan galtzeko, beste bat da nire eguneroko borroka, oso bestelakoa, prosaikoagoa, eta horretan, sentitzen dut, zure hizkuntza traba bat da niretzat beste ezer baino gehiago. Inguruko herri batzuetan ez da hala izango akaso, ez dakit, baina hemen behintzat, Donostian, hala da.

Bai, arrazoi duzu, konturatzen naiz, zure hizkuntza, zure sehaska-hizkuntza, zure etxekoa, zure herrikoa, zure arbasoena, bertakoa, munduko beste inongo bazterretan hitz egiten ez den hizkuntza zahar eta misteriotsu hori, hainbat eta hainbaten ahalegin nekagarriei esker bizirik dagoena, eskolara, unibertsitatera, kazetaritzara, literaturara, zinemara, kulturara oro har, distiraz iritsi dena, hizkuntza hori nire hizkuntzaren azpian dago hemen, nire hizkuntza baino gutxiago erabiltzen da era guztietako denbora-pasetan, bertsolaritzan izan ezik, jakina.

Ez dakit bidezkoa den edo ez, ez naiz nor hori epaitzeko, baina hala da, nire hizkuntza zurearen gainetik dago, nahiz eta ni urrutitik etorria izan, nire jaioterrira ere iritsi baitzen, aspaldi, oso aspaldi, zuenaren gainetik dagoen hizkuntza, nirea, nire sehaska-hizkuntza, nire etxekoa, nire guraso eta aitona-amonena, nire hizkuntzarik barrukoena eta maiteena izango dena betiko, gurea, eta badakit orain kanpotik etorri eta zure hizkuntza hori ikasten eta erabiltzen ez dugunok ez diogula mesede egiten zuk, edo zuek, edo zuetako batzuek behintzat, asko ere ez zarete azken finean, zeuen hizkuntza indartzeko eta biziberritzeko duzuen asmoari, ulertuko ez dut ba.

Ez da xenofobia esatea migrazioak kalte egiten diola gaur eta hemen zure hizkuntzari, begien bistakoa baita, ez da arrazakeria esatea migratzaileen artean oso gutxi direla zure hizkuntza ikasten eta erabiltzen dutenak, eta horren froga argia da, hain zuzen ere, horietako bat ezagutu orduko adierazten diozuen mirespena, eredu moduan aurkeztuta eta komunikabideetan elkarrizketak eginez, baina ez eskatu niri zure hizkuntza ikasi eta erabiltzeko, ez baitut astirik eta indarrik horretan hasteko, are gutxiago ikusirik zeuen artean ere, bertakoon artean, are bertako zortzi abizen dituzuenon artean ere, asko eta asko direla zure hizkuntza hitz egiten ez dakitenak, edo jakin bai baina mintzatu ez, edo mintzatu bai baina irakurri eta idatzi ez, eta ez dudala zure hizkuntza ikasteko batere premiarik ia-ia ezertarako, lanpostu batzuetarako derrigorrezkoa bada ere, lanpostu horiek ez direlako nire espektatibetan sartzen, ezta ni bezalako migratzaile askoren, gehienen, espektatibetan ere, ez eskatu niri zure hizkuntza ikasi eta erabiltzeko, ez behintzat agintariek eta jende printzipalak hizkuntza hori, asko jota eta onenean, aldi bakanetan eta apaingarri gisa baino erabiltzen duten bitartean, inoiz ez beren laneko hizkuntza nagusi gisa.

Ez dakit zer erakutsi nahi didazun orain ditxosozko sorioneku horren kontuarekin. Uste duzu inporta zaidala duela 2.000 urte hemen edo hemendik gertu bizi zirenak zer hizkuntzatan mintzatzen ziren? Badaukat aurreragoko kezkarik!

Leave a Reply

Your email address will not be published.