Ondarea betirako gordetzeko

Ondarea betirako gordetzeko

Irati Saizar Artola

Euskal mendizaletasunak utzitako ondarea leku fisiko batean jasotzeko nahiak bultzatuta sortu zuten Emmoa fundazioa, hamar urte atzera. “Euskal mendizaletasunaren museo bat sortzea” zen helburua. Hala azaldu du Antxon Iturriza Emmoa fundazioko idazkariak. Hamar urte geroago, eta “bide luze eta latzaren ondoren”, lortu dute museoak egoitza egonkor bat izatea. Tolosako Larramendi auzoan dagoen Arkaute etxean irekiko dute museoa, 2024an. Tolosako Udalarena da eraikina. Orain gutxi teilatua berritu diote, eta EAEko eta Nafarroako federazioek hartu dute obra proiektua egiteko konpromisoa.

Iturrizak kontatu du hainbat herritan ibili direla museoa irekitzeko espazio fisiko baten bila; besteak beste, Elgetan, Arantzazun (Oñati), Durangon (Bizkaia) eta Donostian. “Hainbat arrazoirengatik, ordea, orain arte ez dira gauzatu proiektuak, baina zortea izan dugu Tolosan”. Izan ere, Tolosak museoa hartzeko “tamaina egokia” duela uste du Emmoako idazkariak, eta nabarmendu du herriak “tradizio izugarria” duela mendi eta eski kontuetan.

“Euskal mendizaletasunak mendea bete du, eta zaletasun hori bideratu zuten lehenengo belaunaldiak pixkanaka desagertuz joan dira”, dio Iturrizak; fundazioak kezka hori dela-eta abiatuta eman zituen lehen pausoak. Hark gaineratu du era berean desagertuz joan direla beren jardueren nortasun eta ezaugarri ziren tresnak, “eta ondare garrantzitsua osatzen zuten horiek ere”.

Ondare hori desagertzeko zegoen arriskuaz jabetuta sustatu zuten fundazioaren sorrera, Euskal Mendizale Federazioaren eta Eskalada Kirolen Napar Federakundearen bermearekin. “Ez badugu ondarea jasotzen, galdu egingo da, eta historiarik gabe geratuko gara. Horixe da nahi ez duguna, historia polita delako, eta, era berean, erakargarria ere badelako museo batean egoteko”. Zaletasunak eta historiarekiko errespetuak bultzatuta abiatu zuten proiektua, Iturrizak azaldu duenez. “Jakitun gaude berandu izan aurretik egin beharreko zerbait dela”.

Ondarea jasotzen

Azken urteetan euskal mendizaletasunaren ondarea jasotzen ari da Emmoa fundazioa, dohaintzaren bidez. Liburutegi bat ere badauka, 5.000 liburu ingururekin. Argazki zaharrak ere badituzte, beste 5.000 inguru. Objektuak ere bai: oinetakoak, motxilak, sokak, kranpoiak, pioletak, iparrorratzak, agiriak…; hirurehun baino gehiago. “Oroimen historikoaren zati txiki bat salbatu da, denbora asko pasatu delako, baina, duen berezitasunagatik, balio handiko herentzia da”.

EUSKAL MENDIZALETASUNAREN MUSEOA

Museoa ireki artean, “lan handia” daukate egiteko. Ondarea biltzen jarraitu nahi dute, “mendizaletasunaren ezaugarriak biltzeko, gordetzeko, zaintzeko, zabaltzeko eta erakusteko”. Eta ondarea jendaurrean jarri nahi dute, museoaren bidez. Bide horretan, mendiarekin lotutako gaietan espezializatutako liburutegi handi bat jarri nahi dute, batetik; agirien artxibategi bat, bestetik, eta baita kontserbazio eta segurtasun baldintza guztiak beteko dituen fototeka bat, hemeroteka bat eta balio historikoa duten piezen gordetegi bat ere.

Mendeurrenaren bueltan

Iturrizak esan duenez, 2024a “urte aproposa” izango da euskal mendizaletasunaren museoaren ateak zabaltzeko. Izan ere, orduan beteko dira ehun urte Euskal Herriko Alpinismo Federazioa sortu zutenetik. “Ehun urte pasatu dira, baina lehenagokoa da euskal mendizaletasunaren historia; hiru belaunaldi pasatu dira gutxienez, lau ez badira”.

Emmoa fundazioko idazkariak gogoratu du ez dela oraingo kontua museoa zabaltzeko nahiarena: “1924an, Euskal Herriko Alpinismo Federazioa sortu zutenean, elkartearen sorrerako estatutuetan jasota dago mendiari eta mendizaletasunari buruzko museo bat sortzeko nahia”.

Pozik eta, aldi berean, lanerako gogoz daude fundazioaren parte direnak. “Lanean ari gara eta lanean jarraituko dugu aurrerantzean ere, museoa irekiagatik ibilbidea ez baitzaigu amaituko”. Proiektua teoriatik praktikara eramatea tokatuko zaie orain, eta, museoa irekita, elikatzen jarraituko dute: “Behin esan ziguten museo baten gauzarik errazena inauguratzea dela, baina lasterketa ez zaigu hor amaituko”. Orain lanean ari direnek “adin bat” badaukatela esan du Iturrizak. “Gurea amaitu egingo da, baina izango ditugu ondorengoak, eta lasterketak aurrera jarraitu beharko du”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.