Bidaide, garuneko kalteak izan ostean

Bidaide, garuneko kalteak izan ostean

Miren Garate

Egun batean ondo zaude, eta hurrengo egunean, jada ez. Ezin duzu pixkanaka barneratzen joan. Hori da iktusak ematen dizun kolpea”, nabarmendu dute Iñaki Diez donostiarrak eta Jose Antonio Floro zizurkildarrak. Biek izan dituzte iktusak, eta Atece, Burmuineko Gaitza dutenen Gipuzkoako Elkartean ezagutu zuten elkar. Jaiotzetikoak ez diren burmuineko gaitzak dituzten pertsonak eta haien ingurukoak biltzen ditu Atecek, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen duen boluntariotza saria jaso berri du.

Batak zein besteak ondo gogoan dute iktusak eman zien eguna. 2012ko maiatzaren 27an izan zuen Diezek. 53 urte zituen, eta sukaldaria zen, Gureak taldearen sukalde industrialean. Enpresen arteko lasterketa bat zegoen egun hartan, eta, lankide batzuek parte hartzen zutenez, lasterketa ikustera joan zen. Haiekin egon ostean, motoa hartu eta etxera abiatu zen. Emaztearekin ere hitz egin zuen bidean telefonoz, eta ogia hartzeko eskatu zion. “Bat-batean, eskuak ez zidala erantzuten igarri nuen, sentsazio arraro bat. Motoa geratu, eta lurrean utzi nuen”.

Bikote bat zetorren atzetik autoan, eta haiek lagundu zioten. “Bietako bat medikua zen. Irribarre egiteko esan zidan, eta hala moduz egingo nuen. Segituan telefonoa hartu, eta ‘iktus kodea, Prim kalera’, esan zuen. Primeran akordatzen naiz horretaz”. Gerora esan zioten, iktus kasuetan, injekzio bat jartzen zaiola berehala gaixoari, odola mehetzeko.

Atece elkartea

2017ko martxoaren 10ean eman zion iktusak Florori, 59 urte zituela. Metalean lan egiten zuen, eta 22:00etan, lana amaitu ostean, etxera joan zen. Afaldu, zigarro bat erre, eta ohera joan zen. 01:30 aldera esnatu egin zen, eta beste zigarro bat erretzera jaikitzea pentsatu zuen. “Baina ezin nintzen altxatu. Emazteari esan nion zerbait ari zitzaidala pasatzen”. Donostia ospitalera eraman zuten larrialdi zerbitzuetakoek. “Erresonantzia bat egitera sartu ninduten, eta beste ezertaz ez naiz akordatzen. Etxekoek esaten didate hurrengo egunean hitz egin nuela haiekin, eta gero proba bat egitera eraman nindutela, eta handik ZIUra”. 23 egun egin zituen ZIUn.

Denboraren garrantzia

Iktusetan, artatu artean denbora gutxi pasatzea funtsezkoa izaten da geroko sekuelei begira. Era berean, errehabilitazioan ere, lehen hilabeteak izaten dira garrantzitsuenak; gerora zailagoa da hobera egitea. Urtebete egin zuen errehabilitazioan Diezek, Donostiako Amara Berriko anbulatorioan. “Niri garunaren eskuineko aldean eman zidan iktusak; beraz, ezkerrean eragin dit. Alde horretatik, zortea izan dut, eskuina naizenez, bakarrik egin ditzakedalako gauza asko”. Zurrun geratu zaio ezkerreko eskua, eta mugikortasunean ere baditu arazoak, nahiz eta oinez ibil daitekeen. Florok, berriz, Arrasateko Aita Mennin egin zituen hiru hilabete, “oso zorrotz”, eta Amara Berriko anbulatorioan jarraitu zuen. “Niri mintzamenean geratu zaizkit sekuelak, eskuin eskuarekin ere ez dut trebetasun handirik, eta oreka gutxi dut, baina ezin naiz kexatu”.

Amara Berriko anbulatorioan eman zieten biei Atece elkartearen berri. “Oso-oso pozik gaude hemen”, nabarmendu dute. Astean bizpahiru aldiz joan ohi dira, goizetan. Azaldu dutenez, egunkariak irakurri eta memoria ariketa batzuk egin ohi dituzte, eta eskulanak ere bai. Horrez gain, fisioterapia zerbitzua, logopediakoa, errehabilitazio neuropsikologikoa, ikastaroak eta abar dituzte.

Atece elkartea

Aisialdiari ere tarte handia ematen diote: igerilekura joaten dira, hilean behin ibilaldi bat egiten dute, oporren programa bat du elkarteak, bazkaltzera eta kafea hartzera joaten dira… “Izugarrizko bizitza soziala daukagu”, esan du Florok. Diezen arabera, “abantaila bat” ere badute beste herritarrekiko. “Elkarteko kide gehienok heriotza oso gertu ikusi dugu, eta gehiago estimatzen dugu egun bakoitza”.

Atecen “familia bat” osatzen dutela adierazi dute biek. Igartzen da giroan, txantxak bat bestearen atzetik baitatoz Diezen eta Flororen arteko elkarrizketan. Baina iktusaren osteko prozesua gogorra izan zenik ere ez dute ezkutatzen. “Ez zait gustatzen ZIUko egunei buruz hitz egitea. Etxekoei goizeko hiruretan deitu zieten ni agurtzera joateko esanez, pentsa”, azaldu du Florok. Iktusak eman osteko hurrengo eguna ez zuela gaindituko esan zioten Diezen gertukoei ere. Ospitalean, gauak izaten zirela bereziki gogorrak esan du. “Desordutan esnatzen zara, eta mamu guztiak etortzen zaizkizu: ni hala egonda emazteak banantzea nahiko zuela, lanik ezingo nuela egin eta semearen unibertsitatea nola ordainduko genuen…”.

Bereziki gogoan du behin egin zuen amets bat. Mendian zebilen. “Nire garunak ondo irudikatzen ninduen, baina gero esnatzen zara, eta errealitatea dator: jabetzea gehiago ezingo duzula halakorik egin… Orain ez dakit ametsetan nola agertzen naizen: iktusaren aurretik bezala edo ez”.

Pozik jaso dute aldundiak Ateceri eman dion boluntariotza saria. Abenduaren 1ean izan zen ekitaldia, Donostian, eta han izan ziren biak ere. “Oso hunkigarria izan zen guretzat”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.