Mikel Alberdi gudaria Tolosan hilobiratu dute

36ko gerra frontean hil zuten Alberdi, Albizturren. Zarautzen egon da lurperatuta orain arte, baina familiak ez zekien. Aranzadiren ikerketa bati esker berreskuratu dituzte haren gorpuzkiak, eta Tolosan hilobiratu.

Jon Miranda

1936ko abuztuaren 16an hil zuten Mikel Alberdi Garcia (Madril, 1907-Albiztur, 1936) eta, ordutik, Zarauzko hilerrian egon dira haren gorpuzkiak. Aranzadi zientzia elkarteak egindako ikerketa lanari esker topatu dituzte gorpuzki horiek, eta Gogora institutuak familiaren esku utzi zituen joan den igandean. Tolosan hilobiratu dute gerra frontean eraildako lehenengo gudarietako bat izan zena, udalak herriko seme-alaba kutunentzako duen panteoian, Xabier Lizardi poetaren aldamenean.

12434495

Jagi-jagi mugimendu politikoko kidea eta Gipuzko Mendigoizale Batzako buruzagia izan zen Alberdi. 1936ko uztailean altxamendu militarra gertatu eta berehala emaztea eta semea Zarautzen familiarekin utzi, eta Azpeitira jo zuen boluntario gisa izena ematera. Eusko Gudarostearen sortze agiriaren sinatzaileetako bat izan zen, eta Loiola batailoiaren sorreran parte hartu zuen. 1936ko abuztuaren 16an hil zuten, familia bisitatzeko baimen batetik bueltan, Albizturren. 29 urte baino ez zituen.

Haren gorpua bahituta eduki zuten pare bat egunean, baina, Candido Saseta komandantearen bitartekaritzari esker, hilotza berreskuratu eta kideek Bidania eta Albiztur ingurutik Loiolako (Azpeitia) basilikara eraman zuten, lepoan hartuta. Han solemninate handiz egin zioten beila; lau gudarik zaindu zuten gorpua. Garaiko prentsan oihartzun handia izan zuen Alberdiren heriotzak, eta haren bilobek uste dute gatazkaren testuinguru zail horretan “behin-behinean” hilobiratu zutela Zarauzko hilerrian. “Inongo ikurrik eta izenik jarri gabe lur eman zioten”, aipatu du Nuria bilobak. “Orain jakin dugu Zarauzko familiaren panteoian sartzea arriskutsuegia iruditu zitzaiela ordu hartan, eta Altunatarrei eskatu zietela mesedea, gorpua haien hilobian sartzeko. Gertukoak zituzten”.

12434496

Aranzadiren laguntza

Lurdes Herrasti Aranzadi zientzia elkarteko kideak esan du bi bilaketek bat egin dutelako topatu ahal izan dituztela Alberdiren gorpuzkiak. “Bilobak aitonaren gorpuaren bila zebiltzan, batetik, eta gu desagertutako gudariaren bila, bestetik”. Aranzadik Saseta Defentsa Sistema ikertzen eman ditu azken urteak, Karlos Almorzaren zuzendaritzapean, eta bazekiten Mikel Alberdiren gorpua falta zela.

Herrastik aitortu du azkenean espero ez zuten toki batean eta ikerketa luze baten ondoren topatu dutela gorpua, Zarautzen, Altuna-Enea panteoiaren atzealdean, ezkutatuta. “Gorpuak hortzetan zituen bi enpaste oso lagungarri izan zaizkigu identifikaziorako. Aita odontologoa zuen Mikel Alberdik, eta hark egin zizkion enpasteak. Zantzu horiekin guztiekin eta ikerketa genetikoei esker jakin dugu haren gorpua zela Zarautzen topatutakoa”.

12434497

Alberdiren biloba Nuriak aipatu du gerra bukatzean familiako kideek gorpua Tolosara eramateko gogoa izango zutela, baina gudak “uste ez zuten bukaera” izan zuenez, 86 urte pasatu behar izan direla asmo hori gauzatzeko. Horregatik, familiak eskerrak eman dizkio Altunatarren sendiari, hilobia zaindu eta Alberdiren oroimena gorde baitute denbora honetan guztian. Iñigo Altunak sendiaren izenean azaldu duenez, Alberdirekin borrokatu zen kide gazte batek, 15 urte baino ez zituen gudari azpeitiar batek, Zarauzko hilerrira joan, eta kandela pizten zuela Alberdiren oroimenez urtero, Santu Guztien Egunean. “Bizi zen artean egin zuen hori. Beraz, familiakoak egon zaitezte lasai, jakin ezazue ez dela sekula ahaztuta egon”, azaldu du Altunak.

Alberdiren beste biloba bat ere izan zen igandean Tolosan egin zuten ekitaldian. “Hil egin zuten, baina ez zuen bizia galdu. Haren memoriak bizirik dirau hemen gauden guztion oroimenean”, zioen hark. Aitona zena “balioz betetako gizona” zela aipatu zuen bilobak, “fededuna, ideal handikoa eta eskuzabala”, eta horrek bultzatuta eman zuela bizitza maite zuen horren eta maite zituen horien alde. “Historia pertsonala eta herriena aurrera doa beti. Batzuetan, tamalez, atzera egiten dugun sentipena daukagu, eta iraganekoak errepikatzen ditugu. Baina iraganak, hala nahi izatera behintzat, irakaspen bat dakarkigu: gure jendearen eta balioen alde borrokatzeko aukera ematen digu, guztion artean etorkizun hobea eraiki dezagun”.

12434498

Jaurlaritzarekin lankidetzan

36ko gerrako desagertuak bilatzeko Eusko Jaurlaritzaren programaren barruan egin dute gorpuzkiak berreskuratu eta identifikatzeko prozesua, eta, hain zuzen, Beatriz Artolazabal Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eman zizkion igandean hezurrak familiari. Tolosako Udalak ere parte hartu zuen berreskurapenean, eta familiaren esku utzi du hilerrian herriko seme-alaba kutunentzat gordetako panteoia.

12434499

Alberdik Lizardiren ondoan hartuko du atseden hemendik aurrera, eta Nuria bilobak Tolosan bizi izan zen poeta zarauztarraren Izotz ondoko eguzki olerkiaren pasarte batekin agurtu nahi izan zuen aitona: “Aran ta muño gaiñez / Aralar aundia / euskotarren zaindari / Mikel’en mendia / (…) Gazte-sail kementsua, goraiño badadi / izozpetik eguzkik yare dik Euzkadi”.