“Nire garaipenik handienetakoa izan da emakumeak korrika ikustea”

“Nire garaipenik handienetakoa izan da emakumeak korrika ikustea”

Aitziber Arzallus

Txumai Fernandez (Zarautz, 1956) Zarautzen barrena korrika ikusteak inor ez du harritzen gaur egun, baina dio duela 45 urte lau katu besterik ez zirela ibiltzen. Atletismoaren alde lan handia egin du Zarautz Kirol Elkartean, baina ardurak uztea erabaki du orain. Lagunekin korrika jarraitzeko asmoa du, hala ere.

30 bat urtez Zarauzko kros mistoa antolatzen jardun eta gero, aurten ezetz esan duzu. Zer dela eta?

Zarautz Kirol Elkartearen [ZKE] barruan, atletismo taldea eraman dut urte askoan. ZKEn sartu nintzenean, kluba ez zegoen atalka banatuta, eta kros mistoa antolatzea elkartearen ardura zen. Gerora, atalak egin zituzten, eta, atletismokoaren kargu egin nintzenez, kros mistoa antolatzeko ardura nire gain gelditu zen. Aurten erabaki dut ZKE eta probaren antolakuntza uztea. Bat-batekoa izan da erabakia; batzuek esaten dute argi bat ikusi eta apaiz edo moja sartzea erabakitzen dutela; niri ere antzeko zerbait gertatu zait. Pandemia dela eta, bi urtean ez dugu egin kros mistorik, eta aurten, antolatzen hasteko garaia iritsi zenean, sekulako pereza eman zidan. “Orain berriz hasi behar al dut?”, pentsatu nuen neure artean, eta ezetz erabaki nuen.

Erreleboa hartuko zizunik bazegoelako, agian?

Ez ba! Neuk bakar-bakarrik eraman izan dut ZKEko atletismo taldea: neuk entrenamenduak prestatu, neuk fitxak egin… Korrika egiteko talde polita elkartu izan gara, baina laguntzea eta ardurak hartzea desberdina izaten da. Atletismo taldea arduradunik gabe gelditu denez, proba antolatzeko ardura ZKEren esku gelditu da. Errugbian ibiltzen direnek antolatu dute aurten; datorren urtean, ez dakit.

30 urteotan, nolako bilakaera izan du Zarauzko kros mistoak?

Parte hartzeari dagokionez, beti izan da proba arrakastatsua. Orain dela 30 urte, 80-100 bikotek hartzen zuten parte, eta garai hartan bazen zerbait ehun neska korrika ikustea. Gerora, korrikarako afizioak sekulako booma izan du, eta hori, noski, antzeman da kros mistoko parte hartzaile kopuruan ere; urteren batean, mila bikotera ere iritsi ginen. Hala ere, azken urteetan seiehun bikotetan jarri izan dugu muga, tamaina polita dela iritzita. Antolakuntzari dagokionez ere izugarri aldatu dira gauzak. Lehen, eskuz egiten genuen dena: izenak eman, irabazleak nortzuk izan ziren apuntatu, denborak hartu… Urteekin hori dena sistematizatzen joan da; antolatzeko errazagoa da orain, baina lehengoak bazuen beste xarma bat.

Nola iritsi zinen ZKEko atletismo taldearen ardura hartzera?

[Zarauzko] Antoniano eskolak atletismo taldea sortu nahi zuen, eta ardura nik hartzea proposatu zidan Aita Ajuriak, kirol arloa eramaten zuenak. Ordurako korrika ibiltzen nintzen, eta zerbait banekien, baina talde bat gidatzeko formakuntza pixka bat izatea beharrezkoa iruditu zitzaidan. Ajuriaren bitartez, hiru urtean Madrilera joan-etorrian ibilita, atletismoko entrenatzaile titulua atera nuen. Antonianoetan talde polita osatu genuen, neska eta mutil, eta, haiekin nenbilela, ZKEko kideek proposatu zidaten beraiekin hastea. Bi taldeak elkarrekin entrenatzea egoki ikusi nuen nik, baina Antonianoetakoek ez horrenbeste, eta, haserretu gabe, erabaki nuen Antonianoetako taldea uztea eta ZKEkoarekin bakarrik jarraitzea.

Zeu nolatan hasi zinen korrika?

Umetan futbolean jokatzen genuen, plaieroetan, eta atezain jartzen nintzen, korrika egitea ez zitzaidalako batere gustatzen. Baina korrika hasi nintzen gero, 20-22 urte nituela, kuadrillakoekin, eta ikaragarri gustatu zitzaidan. Erretzaileak ginen, kirolik ez genuen egiten, eta zerbait egite aldera hasi ginen. Ez geunden sasoiko, eta nola entrenatu arrastorik ez geneukan, baina berehala hasi ginen maratoiak-eta egiten. Egia esan, neuri ondo etorri zitzaidan hori, hobeto moldatzen bainaiz distantzia luzeko probetan, baina orduan ez nekien; probatuz ikasi nuen. Denborarekin, kuadrillakoak lagatzen joan ziren, baina ordurako taldetxoa egina nuen lantokikoekin-eta; bi edo hiru baginen egunero korrika egitera ateratzen ginenak.

Zu hasi zinen garaian, duela 40-45 urte, Zarautzen inor ibiltzen al zen korrika?

Bai zera! Hemen tarteka korrika ikusten ziren futbolean, eskubaloian edo beste kirolen batean ibiltzen zirenak, taldean, baina, bestela, inor ez. Garai hartan, 2.000 lagunek parte hartzen genuen Behobia-Donostia lasterketan, eta, gaur egun, 30.000 lagun izaten gara. Gogoan dut neguan galtza elastikoak jantzita ateratzen hasi ginenean jendeak nola begiratzen zigun eta zer-nolako komentarioak entzun behar izaten genituen. Donostian-eta normalagoa zen, eta gu hango jendeari ikusita hasi ginen erabiltzen; izan ere, pistan entrenatzeko belodromora joaten hasi ginen.

Pistan ere bai?

Bai, bai; denboraldi guztia egiten genuen eta ahal genuen proba gehienetan parte hartzen genuen. Neguan egiten genituen pista estaliko lasterketak eta krosak, eta udaberritik aurrera, aire libreko pistako eta asfaltoko lasterketak: herrietako probak, maratoiak eta abar.

Nola gogoratzen dituzu lehendabiziko proba haiek?

Oso oroitzapen politak ditut. Beti izan naiz pertsona lehiakorra, oraindik ere bai, eta egiten nuena izaten zen neure buruari helburu batzuk jarri eta horiek lortzeko entrenatu. Helburuak izan zitezkeen hamar kilometroko herri probetan 45 minututik jaistea, maratoia hiru ordu baino gutxiagoan bukatzea… Horrek bultzatzen ninduen beti hobetzen joatera. Lanak emaitzak ere eman ditu, eta tokatu izan zait Euskadiko Txapelketan bigarren egitea, baina nire lehia besteen kontrakoa baino gehiago izan da erlojuaren kontrakoa, neure buruaren kontrakoa.

TXUMAI FERNANDEZ
Zegama-Aizkorri maratoian. Mendiko maratoiak berandu deskubritu zituen Txumai Fernandezek, baina Zegama-Aizkorrin parte hartutakoa da. 2003an ateratakoa da argazkia, bigarren ediziokoa.

Euskal Herritik kanpo asko lehiatu izan al zara?

Bai, asko. Zarauzko taldean ez zegoen lehiatzeko nik adinako grina zeukan jende askorik, eta, ZKEn nituen ardurak utzi gabe, Donostiako Laister atletismo taldean entrenatzen hasi nintzen. Maila handiko kirolariak ibiltzen ziren han, Peio eta Juan Garin anaiak-eta, adibidez, eta haiekin ibiltze hutsak ematen zidan halako motibazio gehigarri bat. Asko lehiatu izan ginen elkarrekin, eta asko bidaiatu genuen. Estatutik kanpo ez naiz ibili izan, baina estatuko maratoi gehientsuenak eginak ditut: Madril, Valentzia, Sevilla…

Zeu korrika asko egindakoa zara, baina, horrez gain, lan handia egin duzu emakumeak korrikara bultzatzeko. Zarautzen eta inguruetan erreferentzia zara aspalditik.

Hala izango da, baina ez da nahitako zerbait izan; halaxe suertatu da, nahi gabe. Bai Antonianoetako taldean eta bai ZKEkoan, bazeuden mutilak, baina neskak ere bai, eta neskekin beti izan dut mutilekin izan ez dudan zera berezi bat. Zergatik? Agian, gehiago kostatzen zitzaidalako neska bat entrenatzen hasteko konbentzitzea mutil bat konbentzitzea baino; erronka modura hartu izan dut hori beti. Ikusten banuen neska batek bazituela korrikarako gaitasunak, ez nuen izaten hura konbentzitu arteko onik. Agian horregatik, beti izan dut neska talde bat inguruan, eta horrek berak balio izan du neska gehiago taldera erakarri ahal izateko.

Horretan desberdinak dira neskak eta mutilak: mutilei jar diezaiekezu entrenamendu bat eta egingo dute beraien erara, baina neskek taldean gusturago jarduten dute. Alde horretatik, pozik nago egindako lanarekin. Neuk lortu izan ditut garaipenak eta markak, eta horiek beti dira pozgarriak, baina atzera begira jarrita, esan dezaket nire garaipenik handienetakoa izan dela emakumeak korrika ikustea.

Gerora ibilbide oparoa izan duten emakume atletak ere entrenatu izan dituzu, ezta?

Bat esan beharko banu, Iratxe Aranburu esango nuke. 14 urte zituela ezagutu nuen, eta gogoan dut haren lehendabiziko Zarauzko kros mistoa elkarrekin egin genuela. Artean 15 urte zituen; berez ez zen legala, 16 urte behar baitziren proban parte hartzeko, baina antolatzailea neu nintzenez, biok egin genuen. Gerora, Espainiako txapelketetan punta-puntan ibili izan da, eta inguruan horrelako kirolari bat izateak asko laguntzen du; hura eredu hartuta, neska gehiago hasi ziren entrenatzen eta lehiatzen.

Atletismoa izan duzu zaletasunik handiena, baina ogibidez elektrizista izan zara, eta, horrez gain, senarra eta aita ere bai. Nola uztartu izan duzu hori dena?

Nola ez dakit, baina uztartu izan dut. Semeak txikiak zirenean ere jarraitu nuen entrenatzen, agian beste maila batean, baina… Denbora ateratzen nuen handik edo hemendik. Urte batean Arrasaten jardun nuen lanean, anaiarekin. 19:00etan bukatzen genuen lana, eta, uda partean, artean egun-argiz egoten zenez, honakoan anaiak Iraetan [Zestoa] uzten ninduen; hura autoz etortzen zen etxera eta ni korrika. Neguan, berriz, hori ezin egin, eta etxera etorri, aldatu eta entrenatzera joaten nintzen. Erokeriak ematen dute, baina garai hartan on egiten zidan horrela ibiltzeak, ez zidan estresik eragiten. Emaztea ere korrikalaria da, talde berean ibiltzen gara, eta, alde horretatik, oso ondo ulertu izan dugu elkar beti; familian ibili izan gara hara eta hona.

Sekula ez duzu pentsatu izan profesionalki atletismoko entrenatzaile izatea?

Gaur egun, agian, posible izango nukeen, baina, lehen, beste garai batzuk ziren. Madrilen ikasketak bukatu nituenean, ikasle batzuei lau urterako Venezuelara joateko aukera eman ziguten, hango selekzioa entrenatzera, baina ezetz esan nuen, familiarekin hara joatea ez zitzaidalako egokia iruditu. Gauzak orain bezala izan balira, agian joango nintzatekeen.

Zer asmo dituzu orain?

Ardurak utzi ditut, baina oraindik aktibo jarraitzen dut. Badugu korrika egitera joaten garen taldetxo bat, eta taldean ez bada bakarrik, egunero entrenatzen jarraitzen dut. Mendia gustatzen zait asko, mendian korrika egitea, eta ahal dugun guztietan Pirinioetara joaten gara. Arazo fisiko bat daukat, oinez ondo ibiltzea eragozten didana, baina ez korrika egitea, korrika sentitzen naiz ondoen —mendian, batez ere—, eta ahal dudan bitartean, horri eutsiko diot.

Leave a Reply

Your email address will not be published.