Zertaz ari gara laikotasuna aldarrikatzen dugunean?

Estatuaren eta erlijioen arteko bereizketa aldarrikatzen duen teoria politikoa da laikotasuna. Laburra eta erraza ulertzen, salbu aipatu diren bi erakundeentzat. Horiek badirudi, askotan errepikatu arren, ez dutela konprenitzen.

Joera hori (ez ulertzekoa) oso hedatuta dago mundu zabaleko gobernuetan, baina mundu zabala oso zabala denez, Europako txoko honetaz jardungo dugu guk. Hauek dira gure erreibindikazioak labur-labur kontatuta:

1. Erlijioa eskoletatik at, bereziki eskola publikotik at. Irakasleen jarrera etikoa zalantzan jartzen duen “eta nork irakatsiko die etika ikasleei?” galderaren erantzuna da “guk guztiok”. Ez irakasleak soilik; gizarte osoa da gazteen balio etikoen erantzule. Metafisika klaseak ematea Filosofiako irakasleen lana da; morala eta mistika, ordea, sakristia, medersa, sinagoga eta abarretan irakatsi behar da, ez eskolan. Ez gaude batere ados bitartean erlijio gehiago sartu behar direla diotenekin. Ateratzea da gaia, ez sartzea; hain zaila al da ulertzen?

2. Elizaren mantenua. Eliza bakoitzak bere burua mantendu behar du. Denok dakigu Espainiako Estatuan zerga aitorpenean bi laukitxo daudela, baina horietako bat Eliza katolikoari denon artean bete dugun kutxatik dirua emateko da. Behin baino gehiagotan azaldu dugu Caritasi dirua eman nahi diotenek beste laukitxoa markatu behar dutela. Eta, ondasun arkitektonikoa mantendu nahi dutenek, ez bata eta ez bestea, horretaz Patrimonio Nacional arduratzen baita.

Aurreko kasuan bezala, badira uste dutenak batzuei ematen bazaie besteei ere eman egin behar zaiela, baina horrekin ere ez gaude ados. Denon artean bete dugun kutxatik zenbat eta sos gehiago atera, Estatuak orduan eta diru gutxiago izango du guztiok behar ditugun zerbitzuetarako (adibide modura: hezkuntza, osasunbidea, errepideak..), eta zerbitzu horiek kaskarragoak izango dira. Pribatizatuta amaituko dute.

3. Agintari zibilek urtean behin mezatara joateko duten joera. Demokratak gara gu, eta alkateei inola ere ez diegu ukatzen beren buruaren izenean mezatara joatea eta nahi adina hezur musukatzea, ezta gutxiagorik ere! Ez zaiguna gustatzen da aginte zibila Elizaren aurrean belaunikatzea eta, gutxiago, bere burua zuritzea esanez gu guztion izenean egiten dutela. Edozein santuren hezurren bati muin eman nahi diodanean, neuk egingo dut, tartekorik gabe.

4. Ez zaigu gustatzen apezpiku batzarreko ordezkariaren hitz egiteko modua prentsaurrekoetan. Aurreko puntuan bezala, oso ondo iruditzen zaigu guzti-guztiek beren iritzi apala ematea abortuari, sexu bereko pertsonen arteko ezkontzari eta nahi duten guztiari buruz, eta baita kalera ateratzea ere, “manifetara”, baina ez dezatela hitz egin bataiatutako guztien izenean (izendatuak zarete eta inork ez zaituzte bozkatu), eta ezta tonu mehatxagarrian ere: “Ezabatu legea, ez zaigulako gustatzen; aldatu beste hori, ez gaudelako ados… edo…”. Edo? Zer? Arma kontrabandoa babestuko duzue 1936an bezala?

Bada beste puntu bat azken urteetan Espainiako Estatuan, Euskal Herrian eta Frantzian harriduraren harriduraz entzuten ari garena: “Ni laikoa naiz, baina ez laikotasunaren aldekoa, baizik eta laizitatearena”. Hiztegian begiratu dugu, eta Euskaltzaindiak laizitate hitza ez dauka jasota, baina DRAEk bai; biak daude eta definizioa oso antzekoa da.

Beraz, horrelakoak esaten dituztenei galdetu izan diegu zertaz ari diren: “Bereizketaren alde nago, baina uste dut Eliza katolikoak abantailak merezi dituela, azken finean Europako kultura kristaua da”. Estatuak Eliza mantentzeak eta erlijioko klaseen alde dagoen laikoak aho zabalik uzten gaitu, baina, era berean, zalantza sorta ederra sortzen digu: Europako kultura kristaua bada, Euskal Herriko mairu baratzeak zer ez dira? Kultura ala Europakoak? Eta Granadako Alhambra? Stephen Hawkingnen liburuak? Sergei Eisensteinen filmak? Eta horrela zerrenda luze bat. Ai, ene! Zalantzak eta zalantzak.

Espero dugu laikotasuna zer den eta zer eskatzen dugun garbi utzi izana.

Beste batean jardungo dugu Jesus El rico-ren irudiak epaile batek zigortutako preso bat askatzearekin duen eskubideaz.

Leave a Reply

Your email address will not be published.