Osasungintza

Donostia ospitaleko zerbitzuburuak ikusi ditugu erresidentziaren ate nagusian protestan. Irudi harrigarria benetan, mediku arduradun horiek, hain zuzen, establishment-aren parte direlako, eta osagileen kolektiboa ez delako errebeldeena, nahiz eta iraultzaile ikonikoena, Che Guevara, sendagilea izan zen. Bitxia, ezta?

Beharbada, aspaldiko kontuengatik da medikuak establishment-arekin lotzearena. Herrietan, antzina, apaizak eta alkateak boterea zeukaten eta agindu ere egiten zuten, indar biziak zirelako, berorika hitz egiten zitzaien, eta “don / on” ere jarri izenaren aurrean, estatusa adierazteko.

Denbora horiek pasatu dira, zorionez, baina eskola zaharreko medikuen artean halako kontuen usain batzuk geratzen direla esango nuke, batez ere “elitean”.

Hori guztiori buruan nerabilela, hara non iritsi zaidan Marta Macho anestesistaren —Osakidetzako oposizioetan iruzurra salatu zutenetako baten— Eldiario.es-eko artikulua. Machok dio “kasketaldia” dela arduradun horiena, Osakidetza oraingo egoerara eramatea ahalbidetu dutela, eta euren boterea murrizteko arriskua ikusi dutenean, protestatu egin dutela.

Artikuluan gogor jotzen du ospitaleko atarian egon direnen kontra. Berak barrutik bizi du, eta esperientzia latz batetik dator, gainera. Erabiltzaile hutsa naizen aldetik, inguruan dauzkadan osasun langileen partetik kontu batzuk hala direla esango nuke. Dena dela, pribilegioak galtzeko beldurrak protesta eragin balie ere, osasun sistema publikoaren gainbeheraren sintoma argia delakoan nago.

Bestalde, sektoreko profesionalek aspaldi salatzen dihardute Osakidetza desegiten ari direla, lan-karga handitu zaiela duela urte askotik eta urterik urte, eta lan baldintzak okertzen dabiltzala pandemiaren aurretik ere.

Osasun sistema publikoa kolokan dago, eraso etengabea sufritzen du, eta hortxe dago datua: 2019tik 2021era %6,4ko igo zen osasun aseguru pribatua kontratatu zutenen kopurua. Albiste beltzak eman komunikabideetan osasungintzaz, eta ostean aseguru pribatu merkeen iragarkiak egin. Zerk egin lezake kale negozio biribil horretan?

Hori gutxi balitz bezala, EAEko irrati-telebista publikoko erakundeak telemaratoiak antolatzen ditu, aurten esklerosi anizkoitza ikertzeko. BIOEF izeneko fundazio publiko batek jasoko du dirua. Alegia, karitatea erabiliko da fundazio publiko batek iker dezan. Limosna eske dabiltza, finantzaketa nahikorik ez dutelako. Beraz, Eusko Jaurlaritzak ez ditu diruz ondo hornitzen… Atera kontuak!

Zoritxarrez, udazken honetan ospitale bat baino gehiago bisitatzea tokatu zait, laguntzaile, eta eman diguten tratua ikaragarri ona izan da. Osakidetzak profesional bikainak ditu, baliabide ederrak, momentuz. Osasungintza publikoa daukagu, eta sekulako altxorra da hori, defendatu beharrekoa. Pribatizazioa antidemokratikoa da, pribilegiatu batzuendako bakarrik. Zaindu dezagun erabat gaixotu aurretik.

Leave a Reply

Your email address will not be published.