Mireia Gabilondo: “Askotan, besteak onartzea ez da hain erraza izaten”

Onarpenaren inguruko gogoeta egitea izan da ‘Ez naiz inoiz Dublinen egon’ antzezlanaren helburua. Komedia onenek gai serioak dituztela oinarrian uste du Gabilondok, eta gai sakonez aritzea errazten dutela.

June Romatet

Gaur aurkeztuko dute Donostiako Antzoki Zaharrean Ez naiz inoiz Dublinen egon antzezlana. Tentazioa Produkzioak taldearen lan bat da, Markos Goikoleak idatzitakoa, eta Mireia Gabilondok (Bergara, 1965) zuzendu du. Alegiazko pertsona bat ardatz hartuta, bizipenen eta sinismenen onarpena landuko dute antzezlanean. Gabilondok, lana zuzentzeaz gain, aktore lanak ere egingo ditu. Bi zereginak uztartzen dituen lehen aldia da: “Erabaki handia izan zen, baina oso gustura egin dut”.

Gaur estreinatuko duzue Ez naiz inoiz Dublinen egon antzezlana. Zer ikusi ahal izango da lanean?

Markos Goikoleak idatzitako komedia bat da, eta familietako harremanez hitz egiten du. Kasu honetan, Gabon gau batean, duela hiru urte Londresera joandako alaba etxera itzuliko da neskalagun batekin. Iristen direnean, familia konturatuko da neska ez dela guk espero genuena. Gau horretan pasatako egoerak ikusiko dira, eta batez ere besteen onarpena lantzen du proiektuak.

Nola sortu zen antzezlana?

Antzerki berri izeneko programan, urtero zortzi pertsonak hartzen dute parte: antzezlanak idazten dituzte. Iaz, Markos Goikoleak aurkeztu zuen bat. Asko gustatu zitzaidanez, eta harekin harremana nuenez, oholtzaratzeko aukera eman nion. Bion artean testua landu ondoren, gaur aurkeztuko dugu.

Lanak bizipen eta sinismenak onartzea du ardatz, ezta?

Bai, hori da. Bakoitza garen bezalakoa onartzea erraza egiten zaigu, baina, askotan, besteak onartzea ez da hain erraza izaten, eta horren inguruan hitz egiten du.

Nolakoa da horrelako gai baten inguruan antzeztea?

Komedia onenek gai serioak dituzte oinarri, gureak bezala. Horrek gaiaz hitz egitea errazten du, eta askotan badakizu ondo bukatuko dela. Gainera, bidean sufritu arren, amaieretan poztasuna izaten da askotan.

Nolakoa izan da antzezlanaren lan prozesua?

Prozesua eta entseguak oso politak izan dira. Erraza izan da, denok ondo ulertzen baikenuen zer nahi genuen lortu: bagenekien jendeak onarpenaren inguruko gogoeta egitea nahi genuela. Gainera, lehenago ere lan egin nuen aktoreetako batzuekin, eta bagenekien bakoitzak lan egiteko zer behar zuen eta zer modu zituen.

Iñigo Aranburu, Iñigo Azpitarte eta Aitziber Garmendia izango dira aktoreak zurekin batera. Nolakoa izan da zuen arteko harremana?

Aitziberrekin telebistan eta antzerkian aritu nintzen, asko miresten dudan aktorea da, dena ematen dizun horietakoa, eta, gainera, asko gustatzen zait aktore lanetan nola aritzen den. Iñigo Aranbururekin, berriz, ez nuen lanik egin orain arte, nahiz eta ikusia nuen eta gertutik jarraitzen nuen. Bestetik, Iñigo Azpitarterekin lana egin nuen lehenago, nahiz eta zuzentzen dudan lehen aldia den: oso aktore potentea da, pertsonala, bere unibertso guztia jartzen du agertokian. Laurok oso sintonia ederrean aritu gara lanean, eta prozesua erraza izan da, elkarri lagundu diogu. Gainera, zuzendari lana aurrera eramateko ere bidea erraz jarri didate, ez dut arazorik izan entseguetan.

Alegiazko pertsonaia batek garrantzia du antzezlanean. Norbaitek antzeztuko du?

Ez, kasu honetan pertsonaia existitzen bada ere, ez dago inor hori antzezten. Aitziber Garmendiak antzezten duen Elena pertsonaiak bakarrik ikusten duen pertsonaia da. Harentzat benetan existitzen da emakumea, baina ez dago inor hura antzezteko.

Eta nola egiten da lan alegiazko pertsonaiekin?

Moldatu behar izan dugu, eta kontuan hartu bost garela agertokian, lau izan beharrean. Guk ere imajinazio handiz egin behar izan dugu lan. Mugimenduak, elkarrizketak eta beste gauza asko baldintzatzen ditu ikusten ez den norbaiten inguruan egindako antzezlan bat egiteak. Askotan, pertsonaia hori gorpuztu behar izan dugu entseguetan, guk jakiteko nolako mugimenduak egingo lituzkeen han egongo balitz, non egongo litzatekeen eta abar. Ez da erraza izan, baina interesgarria izan da, eta uste dut bosgarren pertsonaia oholtzan ondo kokatzea lortu dugula.

Antzezlana egin ondoren, nola ikusten duzu alegiazko pertsonen onarpena?

Gizartean, ohituago gaude horrelako kasuak haurrengan ikustera, eta horren inguruan informatu gara. Helduaroan, berriz, arraroa izaten da, eta normalean bakardadearekin, dezepzio puntu batekin edo benetako harremanak izatearen beldurrarekin izaten du zerikusia. Ez ohi da hitz egin gaiaz, baina, nire ustez, oso polita da lantzeko, eta hausnarketa bat egiteko modukoa ere bai.

Zuzendari ez ezik, aktore ere bazara antzezlanean. Nolakoa da zuzentzen ari zaren antzezlanean parte hartzea?

Lehenengo aldia izan da. Erabaki handia izan zen, baina oso gustura egin dut lana. Nire kideak gertu izan ditut, eta Sara Cozar izan dut zuzendari laguntzaile. Horrek lana erraztu dit, batzuetan berak egiten baitzuen nire rola, nik kanpotik ikusi ahal izateko. Beste batzuetan barrutik zuzentzen nuen, eta sentitzen nuena ondo azaltzen saiatzen nintzen. Hala ere, ez zait zaila egin bi lanak uztartzea, oso gustura egin baitut eta garbi ikusten bainuen hasieratik ikuskizuna nolakoa izatea nahi nuen.

Pasatu dira zenbait hilabete koronabirusaren pandemiari aurre egiteko murrizketa neurriak kendu zituztenetik. Nabari da aldaketarik antzerki munduan?

Bai, noski, denak gogotsu geunden, eta ez da urte erraza izan guretzat. Denok dakigun bezala, zuzeneko gauza guztiak gelditu egin ziren epe batez. Emanaldi gutxi batzuk atzeratu egin ziren, eta beste asko galdu egin genituen. Gainera, jendeak antzokietara joateko ohitura ere pixka bat galdu du, eta pena da. Baina, orain, pixkanaka dena ahazten ari gara, eta antzokiak betetzen hasi dira berriz ere. Pozgarria da oholtzara atera eta eserleku guztiak beteta ikustea.

Zergatik gomendatuko zenioke jendeari Ez naiz inoiz Dublinen egon ikustea?

Ordu eta erdiko komedia batean barneratzea denoi datorkigu ondo, une batez deskonektatzeko, istorio batean murgiltzeko, eta barre egiteko. Gainera, une batzuetan identifikatuta sentitzeko aukera izango du jendeak; beste batzuetan, agian ez, baina hausnarketa bat ere egin ahal izango dute ondo pasatzen duten bitartean.