Bergarako taldeak, lan berean

Bergarako taldeak, lan berean

June Romatet

Herri askotan izaten dira musika talde bat baino gehiago, bai gazteek sortutakoak, bai gaztetan sortu eta heldu izanik doinu artean jarraitzen dutenenak. Bergara da horietako bat. Musika talde asko daude herrian, eta, horiek bultzatzeko asmoz, Bergarako Udalak proiektu bat jarri du martxan. Herriko talde bakoitzari abesti bat grabatzeko aukera emango dio, denak disko bakarrean elkartzeko. Ondoren, herrian eta inguruan zabalduko du lana.

Zenbait helburu ditu egitasmoak: besteak beste, herrian musika talde asko daudenez, egoera hori bilduta gelditzea nahi du udalak, eta, horrez gain, talde askori lehen aldiz grabaketa bat egiteko aukera ere eman nahi die —Auryn estudioan izango dira—, produkzioak nola egiten diren ikasteko. Bergarako herritarren batzordeko lehendakari da Ekaitz Aranberri zinegotzia, eta esan du azaroan ireki zutela izena emateko epea: “26 taldek eman zuten izena, gutxi gorabehera 98 parte hartzailek, batzuek bi taldetan jotzen baitute”.

Proiektua lehen aldiz antolatu du Bergarako Udalak, baina ez da herrian halako disko bat grabatuko duten lehen aldia izango. “Duela hogei urte inguru, gazte asanbladak bultzatuta edo, antzeko bat grabatu zuten, eta fanzinea ere egin zuten, taldeak deskribatzeko eta abar”, azaldu du Aranberrik. Hamar urtera, beste bat grabatu zuten garai hartako musika taldeek, baina orduan Bergarako Txapa irrati libreak bildu zituen musika taldeak.

Gaur egun, udalak ikusi du herriko taldeen egoera ona dela, eta, haiei ahotsa emateko asmoz, proiektua bere gain hartu du. Baldintzak jarri zituzten izena emateko: lehenengoa, taldekideen erdiak baino gehiago Bergarakoak izatea; bigarrena, taldeak gaur egun martxan egotea, hau da, gutxienez entseguak egitea; eta hirugarrena, grabatu nahi duten abestiak egile eskubideak betetzea edo taldearen lan original bat izatea.

Izena emateko epea itxi ondoren, kideekin elkartu ziren proiektuaren nondik norakoak hobeto azaltzeko. Orain, grabatzen hastear daudela kontatu du Aranberrik: “Bilerak egin ondoren, ordutegi bat prestatu dugu, eta taldeek haien grabaketa orduak hautatu behar dituzte”. Hil honetan hasiko dira grabatzen, eta martxora arte arituko dira lanean, apirila edo maiatza inguruan diskoa argitaratzeko.

Askotariko estiloak

Zinegotziak esan du oso pozik ari direla lanean. Espero zituzten talde batzuk, baina asko poztu dira hainbesteko parte hartzea izateagatik. Gainera, esan du parte hartzaileak estilo askotarikoak direla: “Trikitia oinarri duten taldeak daude, baita rock, trap eta elektronika lantzen dutenak ere”.

ORHI taldea

Pop-rocka lantzen du, adibidez, Orhi taldeak, diskoan parte hartuko duten taldeetako batek. Ainhoa Martin kideak esan du iaz sortu zutela taldea: “Duela urtebete elkartu ginen. Nire taldekide denak bergararrak dira, eta ni bergarartutako azpeitiarra naiz”. Bi gitarrak, baxu batek, bateria batek, teklatuak eta ahotsak osatzen dute, eta Martinek kontatu du programaren berri izan zutenean, baldintzak betetzen zituztenez, hasieratik erabaki zutela izena ematea.

Brigade Loco taldeak ere hala egin zuela azaldu du Alex Arteaga gitarra jotzaileak: “Nirekin harremanetan jarri ziren udaletik, eta, proiektuaren asmoak politak eta garrantzitsuak iruditu zitzaizkigunez, izena eman genuen”. Taldeak ia sei urte daramatza lanean, eta bi gitarra jotzailek, baxu jotzaile batek, bateria batek eta abeslariak osatzen dute punk-rock eta punk-oi! estiloan ezaguna den taldea.

Azken ukituak abestiei

Proiektuaren helburuetako bat grabaketa estudio batean lan egiten ikastea da, eta bi musikariek horren garrantzia azpimarratu dute. “Guk urtebete daramagunez, ez dugu aukerarik izan ezer grabatzeko, eta oso gogotsu gaude lehen aldiz gure abesti bat grabatzeko”, aitortu du Martinek.

Arteagak gaineratu du lehenago egin ziren diskoak entzun izan dituela, asko gustatzen zaizkiola eta horrelako proiektuek momentu politak gordetzen dituztela. Bat egin du Martinek, eta esan du Bergarako musika taldeen egoera ona dela, eta hori biltzea garrantzitsua dela: “Une esanguratsua da oraingoa, ez dakit pandemiak eraginik izan zuen, baina haren ostean talde asko sortu ziren herrian, eta aprobetxatu eta bildu beharra dago”.

Azarotik hona, bi taldeek lan egin behar izan dute grabaketak hasi baino lehen abestia hautatzeko edo sortzeko, nola lan egingo duten erabakitzeko eta abar. Brigade Loco taldeak abesti berri bat sortzea erabaki zuen, eta lehen bileraren ondoren hasi ziren lanean: “Bileraren ostean, kide batekin lanean jarri nintzen, eta abestia ia amaitua dugu; beraz, orain abestia guztiz bukatu behar dugu, eta grabaketako data jarri”, kontatu du Arteagak. Orhi taldea ere, beste 25ak bezala, abestiari azken ukituak ematen ari da, baita taldekide guztien egutegiak elkartzen ere, grabaketak egin ahal izateko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.