Margolari baten arnasbideak

Margolari baten arnasbideak

Laida Goiburu

Maider Urretabizkaia artista goierritarrak (Lazkao, 1971) urte mordoa darama arte munduan eta hartatik bizitzen. Hainbat bide jorratu ditu artea ogibide izateko. Azken urteetan, bere margolanak saltzeaz gain, haurrei eskolak eman dizkie Lazkaon duen tailerrean. Pandemiaz geroztik, baina, gogaitasuna nabari du zeregin horretan, eta beste bide bati ekingo dio. Kartzeletan irakasle izateko ikasketak egiten ari da. Bihar amaituko den Goierriko Artisten XXI. Topaketan ere jarri ditu bere lanak ikusgai.

Gaztetatik du sortzeko grina. “Lotsatia nintzen, eta asko egoten nintzen nire kasa”. Etxean denbora asko pasatzen zuenez, sormena landu du umetatik, “distraitzeko”. Haren margolanek bere nortasuna islatzen dute. Koloreak eta trazoa ditu gustuko, eta marraztu gabe osatzen du irudia, margoarekin zuzenean. “Nire margoa ni naiz. Ume puntu asko daukat, gauza guztien esentzia gustatzen zait, bai naturarena, bai gizakiarena ere, oraindik kutsatu gabekoa”. Hasierako zerizan horren isla da bere lana, eta “azkartasunetik” osatzen du irudia. Bilbon Arte Ederrak ikasi ondoren, eskolak ematen hasi zen Lazkaon, eta bertan dabil gaur egun. Zaldibian ere ematen ditu klaseak. Artetik bizi ahal izateko, askotariko lanak egin ditu: erakusketak, eskaerak eta irakasle lanak, baina Urretabizkaiarentzat “filosofia bat” da artea, “bizitzeko modu bat”. “Zu margotzen duzun hori zara. Momentuero pentsatzen egoten naiz, begiratzen. Egun batzuetan kolore edo ideia batzuk dituzu buruan, eta beste egun batzuetan beste batzuk”.

Gelditzeko unea

Mundua ikusteko modutzat eta nork bere burua gainditzeko modutzat du artea, “barrutik” daraman elementutzat. Bere oporretako planik gogokoena pintzel bat eta pareta handi bat dira, “baina ez da posible beti erritmo horretan ibiltzea, asko nekatzen duelako”. Pandemiak eragindako geldialdiaren ostean, hori da gehien nabari duena, “nekea”. “Ez da artea baloratzen, eta nik dagoeneko ez dut berdin erakusten. Hemen ez du balio ‘ongi edo gaizki’ edo ‘ona eta txarra’; bakoitzak berea egin behar du. Arteak niri barruan daukadana ateratzeko balio dit. Nork bere burua landu eta ezagutzeko da”.

Urretabizkaiak bere burua artista garaikidetzat ez duen arren, sormena behar du bizitzeko, ez du beste modurik ezagutzen. “Behar dut eta naiz, barrukoa ateratzeko balio dit”. Urte luzez arteari lotutako zeregin askotan ibili eta gero, haurrei eskolak emateari uztea pentsatu du, beste bide batzuk jorratzeko asmoz. Margotzen jarraitu nahiko luke, baina beste era batera, lasaitasunez. Margotzen ez dagoenean, irakasten edo erakusketetan dabilela dio, eta ezin diola erritmo horri eutsi. “Disfrutatzea eta ondo pasatzea ere gustatzen zait, eta horretarako ere denbora hartu behar da”.

Bere kuriositatea eta intuizioa artetik eta margolanetatik bideratzen segiko duela argi du, baina bizkortasunetik ihesi dabil. “Hori egiteko aukera bakarra da uztea umeei klaseak emateari. Bizitzan ikuspuntu ezberdin bat behar dut. Lana gustukoa izatea bilatu nahi dut, eta klaseetan ez daukat lehengo motibazio bera”. Irakaskuntzaren bidetik jarraituko du, halere. Kartzeletan irakasle izan ahal izateko beharrezko ikasketak egiten ari da. “Asko motibatzen nau horrek, eta ondo moldatuko nintzatekeela pentsatzen dut”.

Igandera arte ikusgai

Goierriko Artisten XXI. Topaketan ere parte hartu du Urretabizkaiak. Hori izan du haren azken erakusketa. Abenduaren 17an inauguratu zuten aurtengo ibarreko artisten topaketako erakusketa kolektiboa, eta igandera arte ikusi ahal izango dira lanak, Beasaingo Igartza Burdinolako jauregian. Berrogei artelan inguru jarri dituzte Goierriko 30 bat artistarenak, arte diziplina ezberdinetakoak: pintura, karikatura, zeramika, argazkilaritza, eskultura… Ideiak eta iritziak partekatzeko espazioa da topaketa, eta, bide batez, artisten azkeneko sorkuntza lanak erakusgai jartzekoa.

Topaketaren 21. aldia dute, eta ia denetan izan da Urretabizkaia, lehenengo lauzpabost urteetan izan ezik. Horrelako elkarguneekin bat egiten jarraitzeko asmoa du, eta baita barruan duen hori ateratzekoa ere, margotik. Irakasle lanetan jarraituko badu ere, beste posizio batetik egin nahi du, eta horretan dabil, betiere sormenarekin erraietatik gozatzen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.