Tranpak tetrisean

Juan Luis Zabala

Aipatu ez banuen ere, duela bost aste argitaratu nuen artikuluak (Nire hizkuntza) Jose Mari Esparzaren Migrazioa? Ez, mila esker artikulua (BERRIAn urriaren 25ean argitaratua, besteak beste) izan zuen eragile eta akuilu. Zehatzago esanda, artikuluari eman zitzaizkion erantzunak, ezinegona eragin baitzidaten horietako askok, batez ere sare sozialetakoek, bereziki Twitterrekoek.

Esparzak artikuluan plazaratutako iritzi batzuekin ez nago ados, eta izenburua ere ez zait egokia iruditzen, baina erantzun askotan deskalifikazio lodia nagusitu zitzaion arrazoibide finari, xenofobia eta gisako gaitz larriak leporatuta, horretarako oinarri erreal sendorik izan gabe, nire ustez, migratzaileekiko errespetu faltarik ez bainuen sumatu artikuluan.

Migrazioak gure gizarteari hainbat arlotan kalte egiten diola pentsatzeak eta esateak, eta kalte horiei buruz ohartarazi eta gogoeta sustatzeak, ez du inor xenofobiaren edo ultraeskuinaren hauspo bihurtzen. Migratzaileen drama eta tragedia ulertzeak, haien alde jokatu nahi izateak, ezin gaitu behartu migrazioak eragiten dizkigun kalteak ukatzera, kalte horiek agerikoak direla uste badugu.

Beste upel bateko sagardoari trago eginez, euskalkiak eta azpieuskalkiak zorameneraino maite izateak ez zaitu batuaren aurkako egiten, edo ez du zertan behintzat. Ezta batuak euskalkiei eta azpieuskalkiei kalte egiten dielako kezka agertzeak ere, edo are kalte hori salatzeak ere… baldin eta horrekin batera ez baduzu esaten batua desagerrarazi beharreko plastikozko hizkera graziarik gabekoa dela behintzat. Eta alderantziz: batuaren aldeko hautua egiteak ez zaitu euskalkien eta azpieuskalkien etsai bihurtzen, baldin eta horrekin batera ez baduzu esaten euskalkiak eta azpieuskalkiak desagerrarazi beharreko euskara kaskarra direla, zabor huts.

Halako batean, bataren edo bestearen aurka egon gabe, bataren aldeko hautua egin eta bestea baztertu beharra egokituko zaizu. Baina horrek ez du zertan fobia adierazi.

Urte asko dira jada Luistxo Fernandezek Tetris saiakera argitaratu zuela, 27 zehazki. Izenburu harekin egileak aditzera eman nahi zuen gai politiko eta sozialei erantzuterakoan ez zegoela jada eskema uniforme eta unibokorik, ez zegoela jada eskuliburu finkorik gai gero eta konplexuagoei kontraesanik gabe ihes egiteko, eta, tetris bideo-jokoan bezala, unean uneko erantzuna eman behar zela, aurretik ezarritako gida oro-hartzaile baten geriza ziurrik gabe.

Erraza da transbertsal hitza txostenetan idaztea. Dozena bat tekla zanpatzea aski. Baina errealitatean transbertsal izatea tokatzen denean, tetrisean bezala, aukera bat egin behar duzu, eta transbertsalitate garbi, aratz eta makularik gabea ezinezkoa da. Gero eta ezinezkoagoa gainera, askoz ezinekoagoa gaur duela 27 urte baino, eta, seguru asko, askoz eskuragarriagoa 27 urte barru baino.

Ez dago —gai konplexuetan behintzat— erasorik gabeko iritzirik. Eraso horiek ondo arrazoituak egon daitezke, oinarri sendoak izan ditzakete. Tetris jokalari zintzoen jokaldiak izan daitezke. Eta hala dira batzuetan. Tamalez, ordea, tristeki, tetris horretan tranpaleku zabar dira askotan —ez beti— sare sozialak, Twitter bereziki, eskuliburuko irainari emanago arrazoizko argudiaketari baino.

Leave a Reply

Your email address will not be published.