Erakusleiho txiki eta berritu bat

Erakusleiho txiki eta berritu bat

Unai Zubeldia

Dinbi eta danba, 2004an horrela sortu zuten Danbaka musika lehiaketa, Bergaran, “garai hartan Debagoienean zegoen burrunbarekin, eskualdeko musika taldeen erakusleiho izateko”, azaldu du Jokin Bereziartua Debagoieneko Danbaka musika lehiaketaren koordinatzaileak. Azken hamabi urteotan isilean egon ondoren —2010ean egin zuten azkena—, indarrean itzuli da aurten. Iazko urriaren 14an egin zuten bost kontzertuetatik lehena, Bergarako Seminarixoa aretoko agertokian, eta toki berean izango dute finala, gaur, 21:30ean —Elgetako Espaloia kafe antzokian egin zituzten aurreko lau aldiak—.

DANBAKA JAIALDIA - THE CLAYTON

Hogei talde hasi ziren lehian, eta hiru igoko dira gaur oholtzara: Aiert Alberdi bakarlari oñatiarra —bakarlari bakarrak parte hartu du aurtengo Danbaka musika lehiaketan—, Arragoa Bergarako taldea eta The Clayton Aramaikoa (Araba). 45 minutu izango ditu bakoitzak, eta ondoren emango du azken epaia epaimahaiak. Goiena Komunikazio Taldeak antolatzen du lehiaketa, Bergarako Udalaren laguntzarekin. Finalarekin gozatu nahi dutenek Seminarixoan bertan erosi ahal izango dituzte gaur sarrerak, 4 euroren truke —Goienakide direnak doan sartu ahalko dira, Goiena aplikazioa erakutsita, eta aplikazioa jaitsia eta instalatua dutenek 2 euro ordaindu beharko dituzte—. Bostehun lagunentzako tokia egongo da aretoan.

DJ Gela ere bai gaur

Hiru taldeen emanaldiaz gain, chill out gune bat ere izango da aretoaren kanpoaldean, San Martin plazan, eta DJ Gelaren saioa izango da bertan. Hiru kontzertuak amaituta, DJ Gela bera ariko da agertoki nagusian, epaimahaikideen epaia iritsi bitartean. Aurten disko bat grabatzea izango da sari nagusia, baina ez bakarra; publikoaren saria —bideoklip bat grabatzea— eta Ekinez saria ere izango dira; ekainean bigarren aldiz Bergaran egingo duten Ekinez jaialdian jotzeko aukera izango du sari hori jasotzen duen bakarlariak edo taldeak. Iaz, estreinako urtean, 4.500 lagun inguru elkartu ziren jaialdi horretan.

DANBAKA JAIALDIA - AIERT ALBERDI

Hiru finalistak hizketagai hartuta, Bereziartuak “freskotasuna, ahots gozoa eta ausardia” azpimarratu ditu Aiert Alberdiren kasuan. “Arragoa Bergarako bi familiak osatzen dute, musika eskolako musikariek. Folkaren bueltan elkartu ziren, eta askotariko folka eskainiko dute”. Sailkapen faseko “zuzenekorik onena” izan zen, berriz, The Claytonena. “Tsunami bat dira agertokian. Erraietatik ateratako rocka da eurena, distortsio handirik gabea. Oso musikari gazteak eta onak dira; oso potenteak dira”.

Bereziartuak gogoratu du 2004an “bestelakoa” zela musika errealitatea Debagoienean. “Eta gogoan daukat ezer argitaratu gabe izatea zela baldintzetako bat. Gaur egun edozein taldek publikatzen du zerbait, baina hauspotze lan hori egiten saiatu ginen; musika taldeen hauspotze lana egiten eta eskualdeko musika erregistroen aniztasuna islatzen”. Bereziartuak gogora ekarri nahi izan du Iker Barandiaranek aurreko lau aldietan egindako koordinazio lana.

Debagoieneko taldeei hauspoa ematea izaki Danbakaren helburuetako bat, partaide bat gutxienez Debagoienekoa izatea eskatzen du lehiaketak. “Horri esker, mugimendu handia sortu da eskualdean, herri askotako musikariak inguratu baitira: Antzuola, Aretxabaleta, Eskoriatza, Arrasate, Oñati, Elgoibar…”. Antolatzaileei “buruhauste asko” sortu dizkie lehiaketa berritzeak. “Baina irribarre asko ikusi ditugu inguruan, eta seinale ona da hori; hori da garrantzitsuena. Oso gustura nabaritu ditugu bai musikariak eta bai entzuleak”.

Euskara oinarrian

Lehiaketak euskara dauka oinarrian, eta talde guztiei eskatzen diete, abestekotan, bi abesti gutxienez euskarazkoak izateko. “Bertsioak jo daitezke, baina norberak sortutako abesti batzuk ere eskatzen dizkiegu derrigor. Eta kolaborazioak ere sar daitezke. Aiert Alberdik esan digunez, esaterako, kolaborazioren bat eduki dezake finalean”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.