Susperraldi motela zineman

Susperraldi motela zineman

Maria Maya Manterola

Urtea hastearekin batera egin du iazkoaren balantzea EZAE Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zinema areto pribatuak biltzen dituen elkarteak: iaz hiru probintzietako aretoak indarra berreskuratzen hasi ziren arren, diru sarreren %40 eta publikoaren %43 galdu dituzte pandemia aurreko urtearekin alderatuta; 2019arekin alderatuta, alegia.

“Susperraldi motel baten hasiera” izan daitekeela uste du EZAEk, baina baita sektoreak, “ezinbestean”, laguntza ildo iraunkorrak beharko dituela ere. Elkarteak ohar bidez jakinarazitakoaren arabera, Gipuzkoaren kasuan diru bilketa %37 murriztu da, eta ikusle kopurua, %40.

Datuok joera bera dute eskumen publikoko aretoetan ere. Hala baieztatu du Bergarako, Elgoibarko eta Zumaiako zinema aretoak kudeatzen dituen Aisilaneko kide Andoni Garaizarrek. EZAEko kide diren zinema aretoak ez bezala, udalek ateratzen dituzten pleguetan proposamenak aurkeztu eta hautatuak izanez gero eskaintzen dute zerbitzua. Beraz, sarrera gutxiago saldu arren markoa “desberdina” dela egin du azpimarra Garaizarrek: “Ekonomikoki bideragarriak izan behar dugu, baina zerbitzu publikoarekin lotura handiagoa izan nahi dugu”. Izan ere, zinema areto pribatuen aldean, “sarrerak saltze hutsa baino gehiago” eskaini nahi dute.

Aisilan hautatzen duten lehiaketek irizpide batzuk izaten dituzte aintzat. Garaizarrek adibidetzat jarri ditu urtean film kopuru jakin bat euskaraz eskaintzea, amerikarrak ez izatea, edota gazteria eta generoa jorratzen dituztenak izatea. “Udalek halako sentsibilitate bat dutenean edo halako bideak hartzen dituztenean aurkezten gara gu. Gure esparrua ez da esplotazio hutsa”, argitu du Garaizarrek.

Nolanahi ere, publikoaren eta diru sarreren jaitsierak eragin diela aitortu du Aisilaneko kideak: “Gaizki pasatu dugu; oso sarrera gutxi saldu ditugu tarte batean. Egon behar dute ohiko pelikulek oreka ekonomikoari eusteko, baina funtzio sozial bat ere badago tartean”. Izan ere, Garaizarren hitzetan, film komertzialak soilik ez eskaintzea izan liteke areto publikoetako ikusleen jaitsieraren zioetako bat.

Distribuzio kate bat

Haurrei zuzenduriko filmen kasua, esaterako, “desastre hutsa” izan da, Garaizarren arabera. Eta krispetekin ikusi ohi diren blockbuster-en publikoaren jaitsiera ere zerrendatu du. “Gainerakoak badakigu publiko murritz batentzat direla, eta ez dutela arrakasta izugarria edukitzen. Beherakada izan da, baina gehiago nabaritu dugu gainerakoetan”.

Garaizarrek zinemaren industriako enpresa garrantzitsuenei eskatu nahi die ez pasatzeko zuzenean streaming plataformetara. Izan ere, haren hitzetan, enpresa horiek ez dute kontuan hartu distribuzio katearen katebegi bat. Plataformetara filmak “oso azkar” bidaltzen dituztela uste du, eta horrek murriztu egiten duela filmok zinema aretoetan kontsumitzeko aukera. Haren ustez, “hanka sartze handia”da urrats hori gainditzea.

Aisilan zerbitzuetako langileak azaldu duenez, zinema aretoetako enpresa handietan ikusi ahal izaten dira lehendabizi filmak, eta handik bizpahiru astera pasatu ohi dituzte herrietako aretoetara. Askotan, film horiek plataforma digitaletan ikusgai egoten dira hirugarren asterako, Aisilaneko kidearen arabera. Film konbentzionalekin ez dute zereginik, Garaizarrek dioenez: “Horiek etxean ikus daitezke, sakelakoari begiratu bitartean”.

Bestelako zinema baten aldeko aldarria egin du Aisilaneko langileak: “Badago bestelako esperientzia komunitario bat, herrigintzaren barruan gai sozialekin lotuta edo begirada publiko batekin egin daitekeena. Izan ere, guretzat, zinema kultura da, eta esperientzia horrek leku bat izan beharko lukeela uste dugu”.

Garaizarrek nabarmendu du horrek ez duela zerikusirik etxe batean film bat ikustearekin. “Are gehiago: gaur egun, zinema aretoetatik kanpo ezin diogu ordu eta erdi edo bi ordu eskaini zerbaiti”. Uste du horren eraginez badaukatela merkatu bat, eta horri heldu nahi diote aurrerantzean ere.

“Kontrakultura gara”

“Gu ez gara industria bat, ez ditugu zinema aretoak beteko, baina uste dugu badaudela esperientzia horiek bizitzen eta horien inguruan elkarrizketak edukitzen jarraitu nahi duten herritarrak”. Izan ere, Aisilanen “espiritu kritikoa elikatzeko osagaitzat” daukate zinema. Alde horretatik, kontrakultura direla nabarmendu du Garaizarrek.”Lerro nagusi orokorren edo mainstream-aren inguruan daude alienazioa, filma ikusi bitartean sakelakoari begiratzea, eta, oro har, arreta galaraztea”.

Zehazki, beste bidea landu nahi dute. “Bi ordu horiek babestea eta elikagarria izatea dira gure helburuak, besteak beste”, jakinarazi du.

Leave a Reply

Your email address will not be published.