Bakarrik ez, lagunekin bai

Bakarrik ez, lagunekin bai

Jon Miranda

Elkarren “esperientzia, indarra eta itxaropena” partekatzen dutenen komunitatea da alkoholiko anonimoen talde bakoitza. Munduan 116.000 baino gehiago daude, eta Gipuzkoan berrogei inguru biltzen dira astero. Tolosako Uzturre alkoholiko anonimoen taldeak 30 urte bete ditu egunotan, eta lagunartean egin dituzte ospakizunak. Aurreko larunbatean alkoholismoaren inguruko hitzaldi bat egin zuten Tolosako kultur etxean, eta elkarrekin afaltzera joan ziren taldean ibilitako hainbat lagun.

“30 urteotan hemendik pasatu diren guztiak elkartuko bagenitu, ez ginateke kabituko areto honetan”, esan du taldekide Joxe Elduaienek —asmatutakoak dira erreportajeko izen-abizen guztiak—. “Anonimotasuna da gure oinarrietako bat. Hona etortzen denak lasai bota ditzake bileran esan nahi dituen guztiak, lau pareta hauetatik ez baita txintik aterako”. Taldeko kideek familia handi bat osatzen duten irudipena du Arantxa Gomezek ere, nahiz eta ez dakien alboan dituenen izen-abizenik: “Kide berriei ez diegu fitxarik egiten. Ez dugu inon apuntatzen zein etorri den eta zein ez. Norberaren borondatean oinarrituta dago taldea; alkohola utzi nahi izatea da parte hartzeko baldintza bakarra”.

Tolosan du egoitza nagusia Gipuzkoako alkoholiko anonimoen koordinakundeak, eta gaixoak handik bideratzen dituzte herriz herriko taldeetara. “Medikuak esanda, psikologoarenetik pasatu ondoren, familiakoak konturatuta… Modu askotara iristen dira herritarrak alkoholiko anonimoen talde batera. Norberari kostatu egiten zaio bere buruarekin zintzoa izatea eta arazo bat duela aitortzea”, nabarmendu du Elduaienek.

Astearte eta ostegunetan 19:30ean biltzen dira Uzturre taldeko kideak San Esteban auzoko 20. zenbakian udalak utzi dien lokalean. Bilera bakoitzean gutxienez hamabost laguneko taldea biltzen dela esan du Gomezek. Azken astean beste bi kide joan zaizkie. “Trago bakarrekoa da etorri berria denaren eta urteak daramatzagunon arteko aldea. Badakigu berriro edango bagenu, zulo berera jausiko ginatekeela”. Urteak pasatuta bileretara joaten jarraitzeak pauso horren laburraz ohartarazten dituela azaldu du Gomezek. “Hemen biltzen garenak beti gaude edateko pronto, edozein egunetan eta edozein ordutan”.

Emakumezkoak, itzalean

Gomezek urte asko daramatza taldean. 27 urte zituela utzi zion edateari, eta denbora askoan bera izan zen taldeko emakumezko bakarra. “Garai hartan, emakumezkook ez genuen jendaurrean edaten, eta isilean pasatzen zen gure alkoholismoa. Gaur egun, ikusgarriagoa da problematika, eta emakumezko gehiago etortzen da taldera”.

Uzturre taldeko kideek ez dute uste alkoholismoak behera egin duenik azken 30 urte hauetan, baina ezagunagoa da, besteak beste, OME Osasunaren Mundu Erakundeak 1953an gaixotasun bezala aitortu zuenetik. “Alkoholismoa gaixotasun progresibo bezala definitzen du mundu erakundeak, eta askotariko ondorioak ekar ditzake: emozionalak, familiakoak, osasun arlokoak… Heriotza ere eragin dezake”, aipatu du Rosa Etxebestek, Uzturre taldeko beste kideetako batek. Gomezek azaldu du sarritan esan izan duela ama izatea dela bizitza honetan egin duen gauzarik handiena, baina aldatuta dauka iritzia. “Alkoholiko anonimoen taldera etortzea izan da gauzarik handiena. Hona etorri izan ez banintz, gaur egun ez nengokeen hemen, eta nire umeak ama gabe leudeke”.

Alkoholismoak jotakoen estigman egin du azpimarra Elduaienek: “Bi trago hartu eta pertsona bat bertsotan hasten denean, laster arrimatuko zaio jendea eta harentzako txaloak izango ditu. Baina pertsona bera, handik pare bat ordura, total eginda lurrean botata badago, inor gutxi gerturatuko zaio”. Etxebestek zehaztu du edana beti dagoela eskura alkoholikoarentzat. “Guk alkoholaren kontra ez dugu ezer, baina argi dugu ezin dugula tantarik probatu. Inauterizale amorratua naiz, esate baterako, eta festa gozatzen ikasi behar izan dut berriro, edanari eman gabe”.

Oinarriak ondo zehaztuta

Uzturre taldean 36 oinarriri jarraitzen diete kide guztiek, gainerako alkoholiko anonimoen taldeetan gertatzen den moduan: hamabi urrats, hamabi tradizio eta hamabi kontzeptu dauzkate. Irabazi asmorik ez duen erakunde bat da, eta argi utzi dute ez duela loturarik inolako erlijio, alderdi politiko edo erakunderekin. Talde bakoitzak finantzatzen du bere burua, eta Uzturren ere horrela egin dute azken 30 urteotan. Urteurreneko ospakizunen ondoren, elkarri laguntzen jarraitzeko borondatea azaldu dute Uzturreko kideek. “Elkar babestu, elkarri entzun eta inor ez juzgatu. Hori da gure taldearen gakoa”, laburbildu du Etxebestek.

Leave a Reply

Your email address will not be published.