Marce Constanzo: “Beti pentsatzen nuen ezingo niola erretzeari utzi”

Marce Constanzo: “Beti pentsatzen nuen ezingo niola erretzeari utzi”

M. Garate

Berrogei urte inguruan izan zen erretzaile Marce Constanzo. Beste asko bezala, gaztetan hasi zen erretzen, 18-19 urte zituela. “Beti pentsatzen nuen ezingo nuela utzi, baina iragarkia ikusi [minbiziaren aurkako AECC elkartearena], eta joatea pentsatu nuen”. Bilera bat izan zuen elkarteko psikologoekin, eta terapian parte hartzeko baldintzatzat jarri zioten egun hartan erre gabe joatea. “Ostiral batean izan zen bilera, eta astelehenean hasi nintzen terapian”. Bost urte daramatza erre gabe.

Kontatu du batez ere taldeak lagundu ziola tabakoa lagatzen. “Erretzea adikzio bat da, eta erretze ekintza hutsetik harago eramaten zaitu. Adikzioaren atzean, badaude beste gauza batzuk, eta horien inguruan hitz egiten duzu taldean. Niretzat, taldea funtsezkoa izan zen”. Aurrez, beste pare bat alditan saiatu zen Constanzo erretzeari uzten. Hotzeri handi bat izan zuenean lehenik, eta sendalari batekin gero. “Pare bat lagunekin joan nintzen harengana, eta nik ez nion utzi erretzeari. Mesede egin beharrean, kalte handiagoa egin zidan”.

Ohitura aldaketak

Aldaketak igarri ditu gizartean erretzeari buruz dagoen ikusmoldean. “Ni hasi nintzenean, erretzen ez zuena zen salbuespena: gelan erretzen zen, autobusean… Taldearen parte izan nahi bazenuen, zeure burua erretzera derrigortzen zenuen ia, sozializatzeko aukera ematen zizun…”. Denborak aurrera egin ahala, ordea, kontrakoa etorri dela uste du Constanzok. “Ikusten nuen mundu guztiak erretzeari uzten ziola; erretzeko, kalean erre behar nuen, bakarrik, eta hotza pasatu; jendeak esaten zidan tabakoaren usaina nuela…”. Eta uztea erabaki zuen.

Constanzok kontatu duenez, urrats hori egin aurretik ere lortua zuen kontsumoa murriztea. “Gutxi erretzen nuen, baina erretzen nuen”. Terapiako taldekideen artean, bazeuden egunean pakete bat edo bi erretzen zituztenak ere. “Jende hark adikzio handia zuen, eta hainbesteko adikzioa zutenek ere uztea lortzen zutela ikusteak erakusten dizu zuk ere utz dezakezula. Horrez gain, guztiok helburu bera izateak dakarren adorea ere nabarmenduko nuke”.

Bost urtez erre gabe egonda, Constanzok ez dauka berriz hasteko beldurrik. “Beldurrik ez daukat, baina alerta moduko bat bai. Badakit gerta daitekeela”. Terapiako taldean, bazegoen hogei urtean erre gabe egon ostean berriro hasi zen bat. “Zenbait egoera berriz bizitzen dituzunean, eta, gainera, oraindik erretzaileak direnekin gertatzen direnean, artean garuneko konexio horiek hor daude; nolabait, emozionala da, baina, zorionez, ez naiz berriz hasi”.

Terapien garrantzia nabarmendu du. “Horrelako gehiago behar dira; medikazioak baino gehiago laguntzen du terapiaren indargarri psikologikoak”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.