Schuberten obra ezagutzeko aukera izango da Donostian

Schuberten obra ezagutzeko aukera izango da Donostian

Unai Zubeldia

Ludwig van Beethoven konpositore alemaniarra (Bonn, 1770-Viena, 1827) berpiztu zuten 2020an, musikaria jaio zenetik 250 urte bete zirela baliatuta; eta Wolfgang Amadeus Mozart (Salzburgo, Austria, 1756-Viena, 1791) eta Johannes Brahms (Hanburgo, Alemania, 1833-Viena, 1897) aurrez aurre jarri zituzten iaz. “Herritarrak musika klasikora, ganbera musikara gerturatzea” da Donostia Musikaren helburua, Carlos Benito elkarteko presidentearen hitzetan. Eta, bide horretan, “hain ezaguna ez den konpositore handi bat” aukeratu dute aurten: Franz Schubert austriarra (Viena, 1797-1828). Etzi izango da lehen emanaldia: Frederic Jost (baxua) eta Hilko Dumno (pianoa) alemaniarrak, Viktoria Eugeniako Club aretoan (19:00).

Hiru zatitan banatu dute aurtengo zikloa. Batetik, pianorako saioak izango dira Viktoria Eugenia antzokian; bestetik, lied emanaldiak Viktoria Eugenia antzokiko Club aretoan; eta, azkenik, gazte musikarien kontzertuak Antzoki Zaharrean. “Izango da beste espazio bat ere”, zehaztu du Benitok: “Gipuzkoako Sendagileen Elkargokoa. Bost bideo musikal eskainiko ditugu hor, baina ziklorako bonuren bat erosi dutenak soilik sartu ahal izango dira, doan”.

Schubertek “seiehun obra baino gehiago” dauzkala gogoratu du Benitok. “Nahiz eta batzuk amaitu gabe utzi zituen eta gehienak oso motzak diren: bizpahiru minutukoak. Hain aditu ez direnentzat oso musika entzunerraza da, gainera”. Donostia Musikako presidenteak uste du “itzalean” gelditu izan den konpositore bat dela austriarra. “Batean eta bestean beti programatzen dute Beethoven, beti programatzen dute Mozart, [Piotr Ilitx] Txaikovski, [Gustav] Mahller… baina onenetan onentsuena da Schubert ere”.

Ordubete pasatxoko emanaldiak izango dira guztiak, “nahiko motzak”. Eta Schuberti buruzko liburu bat ere egin dute, ikus-entzuleek gida moduan erabil dezaten. Euskaraz eta gaztelaniaz publikatuko dute liburua, eta sarreraren bat erostearekin batera doan eskuratuko dute ikus-entzuleek.

Schubert jendaurrean ez zela askorik agertzen azpimarratu du Benitok. “Lagunekin gelditzen zen hilabetean behin-edo, eta Schubertiada delakoak egiten zituzten taldean; euren obrak jotzen zituzten denen artean, eta arratsalde osoa pasatzen zuten elkarrekin”. Hain zuzen ere, Donostia aurten Schubertiada bat izan zedin nahi zuten. “Eta lortuko dugula uste dut”.

Musikarien “maila handia”

Zikloan parte hartuko duten musikarien “maila handia” goratu du Donostia Musikako presidenteak. “Musikenen ibilitakoa da Sarah Perarnaud, adibidez, eta garrantzitsua da ikustea Musikenen sartuta etorkizunean gure hirian kontzerturen bat eman dezakezula. Gainerakoak, berriz, puntako piano jotzaileak dira jada: Marta Zabaleta, Luis Fernando Perez, Josu Okiñena, Judith Jauregi, Noelia Rodiles… Europan eta Amerikan kontzertu asko ematen dituzte gehienek”.

Ez daki 2020an hasi zuten bideak jarraipenik izango duen edo ez. “Aurrekontua amaitzen ari da, eta zaila izango da egitura honi eustea”. “Badaezpada ere”, hori bai, gordeta dauzkate 2024rako datak eta espazioak. “Baina diru asko behar da honi aurre egiteko, eta gaur egun daukagun babesa halako bi beharko genuke etorkizuna bermatzeko”. Benito ez da erraz amore ematekoa, ordea. “Pena litzateke dena bertan behera utzi behar izatea, hemendik kanpo harrituta gelditzen baitira zer egiten ari garen ikusita; Madrilen, esaterako”. Horregatik, herritarrak deitu ditu “musika klasikoarekin gozatzeko aukerari heltzera. Ez zaie damutuko, ziur nago”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.