Urolako trena bizirik dago

Urolako trena bizirik dago

Tere Madinabeitia

Urolako trenak Urola ibaiaren ibarrean gora egin du Legazpiraino, Zumarraga eta Zumaia artean egiten zuen ibilbidea gogoratzeko. Duela 37 urte egin zuen azken bidaia hain kutuna zen tren hark, baina gipuzkoar askoren oroimenean sakon gordeta dago oraindik ere.

Sabino Legarda-Ereño legazpiarrak eta Ignacio Galdona urretxuarrak imajinario hura berpiztu dute, diapositiba batzuk eta proiektore zahar bat tarteko. Legazpin egin zuten lehen emanaldia, urtarrilaren 13an, Iraganera bidaia izenburuarekin, eta ondoren etorriko dira Zumarraga-Urretxukoa, Azkoitikoa, Azpeitikoa, Zestoakoa eta Zumaiakoa. Trenbidea gogoratzea dute helburu, eta belaunaldi gazteen artean ezagutzera ematea. Aldarrikapenerako tartea ere gorde dute.

UROLAKO TRENA

Orduko baliabide teknikoak

Trena bera, geltokiak, bidaiariak, Urola ibaia, itsasoa, paisaiak… Urolako trenaren Zumarraga eta Zumaia arteko ibilbidearen inguruan sortu zen ekosistema da diapositiba sorta horren muina, eta duela 37 urte itxi zuten trenbidea gogoratzeko eta ezagutzera emateko helburuarekin berreskuratu du Legarda-Ereñok, 1980ko hamarkadaren hasieran atera zituen 150 irudi baino gehiagoren bitartez. Angel Muruaren laguntzarekin, ganbara batetik erreskatatutako proiektorearekin erakusten ditu diapositibak, Jose Mari Azpeitiak aukeratutako musikaz lagunduta.

“Garai haietan genituen baliabide teknikoak ez ziren gaurkoak bezalakoak, baina orduko diapositibek fidelki islatzen dute zer zen tren hura, gure trena”, dio Legarda-Ereñok. “Garai haien lekukotasuna biltzen dute”. Kodak eta Fuji filmak erabili zituen, eta Madrilera bidaltzen zituen errebelatzera. Urolakoak atera berritan erakutsi zituen Legazpin bertan egindako proiekzio batzuetan. Ia berrogei urte geroago ikusi ahal izan dituzte berriz ere Legazpin, eta “egoera bikainean” jarraitzen dutela ziurtatu dute, urte askoan erabilerarik gabe egon den proiektorea bezala.

SABINO LEGARDA-ERENO

Gertu-gertuko harremana izan zuen Legarda-Ereñok Urolako trenarekin. Familia Azkoitikoa du hark, amama Zestoako Baltzola baserrikoa… “Txikia nintzenean, askotan ibili nintzen trenean gora eta behera, haiek bisitatzeko, ama Inocencia Ezkurra ondoan nuela, eta baita nerabezaroen ere”.

UROLAKO TRENA

“Trenaren oroitzapen politak” dituela esan du. “Magikoa iruditzen zitzaidan, eta magia hura konpartitu nahi izan dut orain antzinako argazki haiek berreskuratuta”.

Urolako trenaren ibilbidea egin nahi duen emanaldian Ignacio Galdonaren laguntza du Legarda-Ereñok; trenbide hartako langilea zen Galdona. Makina bat datu ezagutzen du; batez ere, haren itxierak eragindako kalteak. “Ia 37 urteko borrokan murgilduta nabil, tren hura berreskura dezaten eskatzen. Politikariek ez dute jaramonik egiten, baina ez dut etsiko”, azaldu du.

IGNACIO GALDONA

Aldarrikapenerako tartea

Otsailean 97 urte beteko dira Zumarraga eta Zumaia arteko ia 37 kilometroko tren linea hura martxan jarri zutenetik. 1926ko otsailaren 22an inauguratu zuen Espainiako errege Alfontso XIII.ak. Iazko udan, berriz, 36 urte bete ziren Urolako trenak azken bidaia egin zuenetik; 1986ko uztailaren 13a izan zen linea haren amaiera eguna; azken trenak egun hartan atera ziren, 20:09an, Azpeititik Zumaiara, eta 21:10ean, Azpeititik Azkoitira. Handik urte eta erdira, 1988ko otsailaren 2an, Eusko Jaurlaritzak trenbidearen behin betiko itxiera agindu zuen, hirurogei urtez martxan egon ondoren.

Itxiera salatzeko makina bat protesta egin zuten Urola ibarrean, eta ezaguna izan zen Galdonak Urretxuko udaletxean egindako gose greba. Han ezagutu zuen Legarda-Ereñok, eta, haren aldarrikapenekin bat eginda, berriz elkartu dira borrokari jarraipena emateko. “Garraio kolektiboaren eta horrelako tren txikien alde egin nahi dugu”. Diapositiba zaharrak berriz argitara ekartzea izan da lehen pausoa.

Leave a Reply

Your email address will not be published.