Oihan Loiti: “Arrasateko Udalak aldatu egin behar du gurekiko jarrera”

Oihan Loiti: “Arrasateko Udalak aldatu egin behar du gurekiko jarrera”

Unai Zubeldia

Haserre daude Arrasateko gaztetxeko kideak: konpromiso falta leporatu diote udalari. Urteotan konpondu ez diren hainbat arazo dauzkatela argitu du Oihan Loitik (Arrasate, 2003), Arrasateko gaztetxeko kideak, eta udalak euren eskaerak ez dituela aintzat hartzen salatu du, “nahiz eta herri osoari eragiten dioten”. Udalak gai horri buruz iritzirik ez du eman nahi komunikabideetan, gazteekin eurekin hartu-emanetan daudela argituta.

Urtarrilaren 18an prentsaren aurrera atera zineten, eta Arrasateko Udalaren konpromiso falta salatu zenuten. Zer ari da gertatzen gaztetxean?

Udala azken urteotan ez da ari kasurik egiten gure eskaerei. Hiru arazo nagusi dauzkagu gaztetxean: kanpoaldeko garbitasuna, espazioaren segurtasun baldintzak eta igogailua. Gaztetxeko erabiltzaileek zikintzen dituzten guneak garbitzeko asteroko konpromisoa hartuta daukagu guk, baina askotan ez da nahikoa izaten. Udala, ordea, ez da ezertaz arduratzen. Segurtasunari dagokionez, 2002koa da eraikina, baina mendi magal batean dago, eta, hasieratik, hezetasun handia dago. Azken zazpi urteotan areagotu egin dira arazoak: oholtzaren atzealdean, ur tantak erortzen dira sabaitik, eta zati bat erori egin zen behin; zorionez, ez zuen inor azpian harrapatu. Egiturazko arazo bat dago hor, eta udalak ez du aztertu ere egin nahi; ez dauka konpromisorik.

Igogailua badago, baina ezin duzue erabili, ezta?

Hala da. Eraikin hori egin zutenetik, igogailuari ate bat irekitzeko konpromisoa hartu zuen udalak. Urte askoan eduki dugu aukera hori, irisgarritasuna bermatzeko, baina blokeatzea erabaki zuen udalak, zama lanetarako erabiltzen genuela argudiatuta. Guk prentsaurrekoan ere aitortu genuen behin edo behin erabili genuela zama lanetarako, baina oso noizean behin. Iazko ekainean egin genuen bileran esan genien irisgarritasuna bermatzeko bakarrik erabiliko genuela igogailua. Sistema desblokeatzeko konpromisoa hartu zuten, baina zazpi hilabete pasatu dira, eta berdin gaude. Kultur ostegunak egitasmoko erabiltzaile batek eta kultur elkarteak berak erakunde gisa ere egin dute eskaera igogailua desblokeatzeko, baina ezezkoa jaso dute. Argi gelditu da udalak ez daukala inolako interesik gaztetxera etorri nahi duten guztien eskubideak bermatzeko.

Udalak dio etengabeko harremana daukatela zuekin, hizketan ari zaretela. Hala al da?

Abenduaren 1ean eduki genuen azken bilera alkatearekin berarekin eta bost sailetako teknikariekin. Egoerak ezin zuela horrela jarraitu erabaki genuen bilera horretan, ezin dugulako ahaztu udal eraikin bat dela Arrasateko gaztetxea, nahiz eta gaztetxeko batzordearen esku dagoen kudeaketa. Lehen azterketa egiteko konpromisoa hartu zuen udalak. Bermeak eskatu genituen guk, ahalik eta azkarrena irtenbideren bat aurkitzeko. Bileraren akta ere eskatu genien, hitz egindakoa idatziz edukitzeko. Baina hori ere ez ziguten bidali. Gazteria Sailarekin iristen gara gu, normalean, udalera. Teknikari batekin eta Maitane Muñoz zinegotziarekin elkartzen gara normalean, baina ikusi dugu bide hori agortuta dagoela; oso motela da harremana eta mezu askori ez diete erantzun ere egin. Jorratu genitzakeen bide guztiak jorratu eta gero, udalak konpromisorik ez daukala ikusita atera ginen prentsaren aurrera. Gaztetxea herriarena den neurrian, herria udalarekin dugun harremanaren inguruan informatuta mantentzea dagokigu.

Hamar egun igaro dira prentsaurrekoa eman zenutenetik. Zer diote herritarrek?

Herrian asko zabaldu da gaia. Askok ez zuten ezagutzen gaztetxeko kideok udalarekin geneukan harremana, eta ezta gaztetxearen gaur egungo errealitatea ere; obra beharrezkoa dela konturatu dira asko. Bereziki harrituta gelditu dira igogailuaren kontuarekin, oso oinarrizkoa den eskaera bat delako igogailua erabiltzen uztea, guztion eskubideak bermatzeko eskaera.

Zer mezu bidaliko zenieke alkateari berari, udalari eta bitartekariei? Nola desblokea daiteke arazoa?

Udalak aldatu egin behar du gurekiko daukan jarrera. Gure gaztetxea uste dut badela Arrasaten bizitza eskaintzen duen eragile bat; kulturaz gozatzeko, politikoki formatzeko… Uste dut alternatiba bat eskaintzen dugula. Erantzun bat eskatzen diogu udalari: arazoaren aterabide bat.

Leave a Reply

Your email address will not be published.