Zer da Gipuzkoa?

Inoiz ez diozue zeuen buruari galdetu zer den Gipuzkoa? Ez? Nik, askotan. Listorren batek Wikipediara jotzeko gomendatuko dit, eta besteren batek lurraldea zedarritzen duten elementu geografikoen zerrenda egingo dit. Bai, hori ere bada probintziaren zati bat; ibaiek, Kantauri itsasoak eta mendikateek osatzen dute lurraldea. Baina nire galdera sakonagoa da: badago Gipuzkoa Gipuzkoa bihurtzen duen ezer? Badago zerbait berezirik?

Beharbada Gipuzkoako azken herrikoa naizelako (edo batek esan zidan moduan, Gipuzkoako lehenengo herrikoa) jartzen dut ezbaian Gipuzkoa. Zerk lotzen gaitu eremu honetako biztanleok? Zein da gure itsasgarria? Niri kostatu egiten zait topatzea, egia esan behar badut. Agian makinatxo bat bider nahikoa gipuzkoartzat ez nautelako/gaituztelako hartu benetako gipuzkoarrek mendebaldeko biztanleak. Bizkaitarregiak ginelakoan, jakinekoa delako gipuzkoarra izateko bizkaitarra izatetik urrun egon behar dela. Eta muga imajinario eta absurdo hori egunero zeharkatzen dugunondako hain da barregarria auzoari zaion ikara…

Euskarak ere ez gaitu batzen. Euskalki bi dauzka probintziak, nahiz eta bakarra hartzen den propiotzat; izan ere, Bonapartek mapa famatu hura egin zuenean, bat “gipuzkera” bataiatu zuen. Bestea, nola ez, “bizkaiera”. Orain, Koldo Zuazok egindako sailkapenean probintziei egindako erreferentzia galdu da izendapenetan, eta euskalkien izenak “erdialdekoa” eta “mendebaldekoa” dira. Deba ibarreko euskara “mendebaldeko sortaldekoa” da, hain zuzen. Horretan ere ez batean ez bestean gaudela ematen du!

Ahoa zabaldu orduko, mesfidantza sortzen da. “Bizkaitarra da hau” pentsatzen dute askok berbetan entzuten gaituztenean, baina ahaztu egiten dute lurralde hau askotarikoa dela, eta gure hizkera hemen egin dela beti. Det bezain gipuzkoarra dela dot, alegia. Batzuei aurreko adierazpenak lehertu egingo die burua, baina hala da: laguntxo giputzak, gure euskara ere gipuzkoarra da!

Beste leku batzuetan futbola izaten da lokarria. Ez zait egokia iruditzen, zeren pertsona askorendako nortasun ikur bakarra futbol talde batekiko zaletasuna izaten baita. Mendebalderagoko lurraldean gertatzen da hori, gurtzeko motibo bihurtu da kluba, eta zaletasun hori, maila batzuk handitu, eta erlijio bilakatu da. Erlijio den edozer irrazionala eta zentzubakoa da sinistunak ez direnendako, eta horiek baztertzeko arriskua ere badakar. Gipuzkoan hori ere ezin da, hiriburuko taldea ez delako talde bakarra, eta zuri-gorriek Gipuzkoako far west-ean ere zale asko dauzkatelako historikoki. Ahaztu barik, beste talde bat ere indartsu ibili izan dela mugan bertan…

Baina zer eska lekioke ibarka antolatuta dagoen probintziari? Antolaketa hori egokia bada ere kontu askotarako (osasungintza, zerbitzuak…), elkar ez ezagutzea ere badakar. Gure inguruan esaten da gipuzkoar askorendako herrialdea Zarauzko autopistako ordainlekuan amaitzen dela. Hortik aurrera mapa mentala zuri, amildegi hutsa. Ez gaituzte eurentzat hartzen.

Horretara, zer da Gipuzkoa? Zerk batzen gaitu? Ogasuna ote da gipuzkoar egiten gaituen kontu bakarra?

Leave a Reply

Your email address will not be published.