“Betidanik eduki izan dut umorea presente; zoriontsu egiten nau”

“Betidanik eduki izan dut umorea presente; zoriontsu egiten nau”

Kerman Garralda Zubimendi

Nerea Garmendia (Beasain, 1979) Joxe Felipe Auzmendi herrikidearen bitartez hasi zen telebista munduan, 1998an: ETB1eko Easy Peasy programan. Nerabea zen orduan, baina argi zuen interpretazio lanetara bideratu nahi zuela bere ibilbide profesionala. 25 urte eman ditu mundu horretan, bizitza erdia baino gehiago. Ilusiorik ez duela galdu esan du, halere.

25 urte pasatu dira telebistan lanean hasi zinenetik. Azkar pasatu al zaizu denbora?

Oso azkar. Baina atzera begiratzean jabetzen naiz zenbat esperientzia bizi izan ditudan eta zenbat ikasi dudan. Amortizatu dut denbora.

Nolatan hasi zinen aktore lanetan? Eta nola gogoratzen dituzu hasierako urte haiek?

Film edo telesail bat ikustean, zeinek ez du zera pentsatu: “Zenbat gustatuko litzaidakeen pertsonaia hori interpretatzea!”. Pentsatu, denok pentsatu izan dugu, baina serio horretara jartzea beste gauza bat da. Nik argi nuen aktore izan nahi nuela, eta hala esan nien etxean. Amak serio hartu ninduen; aitak, ez. Aitak uste zuen beroaldi bat zela, probatu eta gero kenduko zitzaidala tontakeria hori burutik. Baina asko iraun dit tontakeriak.

Beste planik bazenuen?

Oso objektiboa naiz, errealista. Denbora tarte bat eman nion neure buruari, eta argi nuen epea agortutakoan ezer lortzen ez banuen beste zerbait probatuko nuela; administrazio arloa, adibidez. Asko gustatzen zait, eta, gainera, enpresa bat zuten gurasoek. Hori zen nire beste plana: gurasoen enpresari jarraipena ematea.

Telebistaren munduan aritu izan zara nagusiki. Telebistak zer du berezitik?

Aktore lanetan hasi nintzen, baina beste aukera batzuk ere landu izan ditut bidean. Telesail asko daude orain, eta lanerako aukera gehiago dago, baina, hasi nintzenean, ez zegoen hainbeste. Casting batean ez bazintuzten hartzen, hurrengo aukerara arte itxaron behar izaten zen, eta hilabeteak pasatu zitezkeen. Interpretazioaren beste alor batzuk jorratzen hasi nintzen orduan: aurkezle gisa, bakarrizketalari… Guztietan gozatzen dut; hiru adarrek balio izan didate ikasteko.

Orain, zer aholku emango zenioke Nerea hasiberriari?

Ezezko asko jasoko dituela esango nioke, baina beti bezain positibo jarraitzeko; ametsak bete arte borrokan jarraitzeko, baiezkoak ere iristen direlako.

Zineman ere egin izan duzu lanen bat edo beste. Non aritzen zara gusturago?

Musikazale bati rocka, folka edo fandangoa, zer duen gustukoago galdetzearen parekoa da hori. Bere xarma du bakoitzak. Zergatik aukeratu bat, denak eduki baditzaket?

Oso ezberdina da telebistarako edo zinemarako lan egitea?

Telebistaren erritmoa azkarragoa da. Zineman denbora gehiago dago prestatzeko, eta antzerkia egun berean hasi eta bukatzen da. Hazteko balio du denak, eta, azken batean, batuketa horretatik atera da egungo Nerea.

Batean edo bestean, ia beti umoreari lotuta egin izan duzu lan. Lotu egiten du jendeari barre eginarazteak?

Oso polita da jendeari irribarre bat ateratzea. Sare sozialak, adibidez, asko erabiltzen ditut umorea egiteko. Jende askok esaten dit, pandemia garaian bereziki, Instagramera sartzen zela zer jarri nuen ikusteko. Sare sozialak erabiltzeko arrazoia aldatu dit horrek.

Itxialdian egin zitekeen umorea, hortaz.

Pandemia latza izan zen niretzat, eta umorea izan zen terapiarik onena. Nahiz eta egun txarra eduki, umorezko edukia banatzen saiatzen nintzen, niretzat ona zelako eta jendeari gustatzen zitzaiolako. Ikusi dut jendeari on egiten diola umoreak, eta hori motibazio bat da aurrera egiteko.

Edozein gai da aproposa umorea egiteko?

Ditudan akatsez hitz egiten dut nik nire bakarrizketetan. Denok dugu zerbait, baina estigma eta lotsa asko daude tartean. Bakarrizketekin lortzen dut horiek guztiak normalizatzea. Pozik egiten ditut.

Bakarrizketekin ere bidea egiten ari zara pixkanaka, ezta?

Izango dira hamar urte ETBrako bakarrizketa bat egin nuela, baina dena idatzita eman zidaten, eta interpretatu bakarrik egin nuen nik. Hori bai, asko gustatu zitzaidan esperientzia. Ordurako, gainera, asko miresten nituen komikoak: zaila da jendeari barre eginaraztea, bakarrik zaudenean eta publikoa zaila denean, bereziki. Probatu egin nahi nuela erabaki nuen, gainditze ariketa gisa. Duela lau edo bost urte hasi nintzen serio bakarrizketekin. Egia esan, sekulako errespetuarekin hasi nintzen, eta ordu mordoa eman nuen. Baina jendearen aurrean jarri nintzenean, jabetu nintzen asko gustatzen zaidala alor hori. Adrenalina kolpe handia da.

Orain zuk idazten dituzu zure bakarrizketak, ezta?

Egunerokoan, bizitzari gehiago begiratzen diot orain, eta horretan oinarritzen naiz bakarrizketak idazteko. Ez dut esan nahi denbora guztian bakarrizketetan pentsatzen ari naizenik, baina begiak irekita edukitzen ditut egunero gertatzen zaidana eta baliagarria izan daitekeena apuntatzeko. Ederra da, bakarrizketak nire proiektuak direlako: nik idazten ditut, nik erabakitzen dut zer esan eta zer ez, noiz esan, non eta noiz lan egin…

Zer da zailagoa: bakarrizketak idaztea ala gidoiak ikastea?

Bere metodoa dauka bakoitzak. Bakarrizketak edo gidoiak ikastean, ez ditut ahots goran errepikatzen, txoritxo baten moduan. Grabatu egiten ditut, beste teknika batzuk erabiltzen ditut… Oso ondo pasatzen dut aurrena idazten eta gero entseatzen.

Erraz idazten duzu? Etorri handikoa zara?

Betidanik eduki izan dut umorea presente. Neure burua ez dut behartzen, berezkoa dut. Zoriontsu egiten nau umoreak.

Sorkuntzaren munduan, merezi duen aitortza du umoreak?

Badirudi komedia erraza dela egiteko, eta beste genero batzuk baino meritu txikiagoa duela. Susmoa dut meritu handiagoa ematen zaiela telesail dramatiko bat egiteari edo pertsonaia sufritu bat antzezteari, umorea egiteari baino. Baina ez da hala. Bi gauzak egin izan ditut nik, eta niretzat zailagoa da barre eginaraztea, negar eginaraztea baino.

'VAYA_SEMANITA'
‘Vaya semanita’ saioan. Nerea Garmendiak hainbat rol jokatu zituen ETB2ko Vaya semanita umorezko saioan. Irudian, 2004an, lankideekin, esketx bat grabatzen —zutik, ezkerretik hasita bigarrena da—.

Emakumeentzat are zailagoa da umorea egitea?

Orain arte gizonak izan dira ia komiko guztiak, baina joera aldatzen hasi zen duela hamar bat edo hamabost bat urte; emakume asko gara orain. Jada ez daukagu aldarrikatu beharrik emakumeak izan arren umoregileak garela. Normalizatuago dago dena. Eskerrak aurrerapausoa eman dugun.

Lan egiteko garai onak al dira?

Orain bakarrizketekin nabil buru-belarri, han eta hemen. Aktore lanetan, berriz, El Hogar filma estreinatuko dugu laster. Umorezko lana da hori ere, nola ez! Oso proiektu berezia da: zuri-beltzean, zinema mutua… Erronka handia izan da; bereziki, aktore lana egiteko. Telebistan, berriz, ETB2ko Akelarre saioan hasi naiz kolaboratzaile gisa. Oso gustura nabil, sekulako lantaldea dagoelako. Valeria Ros da aurkezlea, umorea lantzen duen beste emakume bat; eta ETB1erako telesail bat ere bidean dut, Jon Plazaolarekin. Oso gustura nago etxean lan egin ahal izateagatik.

Madrilen bizi zara. Beasainen hutsunea nabaritzen duzu?

Lanagatik bizi naiz Madrilen. Bestela, ahal dudan guztietan itzultzen naiz Beasainera, etxera. Aurreko asteburuan, bakarrizketa saio bat izan nuen Lazkaon, eta Beasainen egin nuen lo, familia eta lagunak bisitatzeko. Beharrezkoa dut.

Beste proiektu bat ere baduzu: Campermendia. Kultura eta karabanarekin egiteko moduko turismoa uztartzen duzu. Nolatan sortu zitzaizun ideia?

Itxialdia amaitu zenean eta kalera irteten hasi ginenean, artean itxita zeuden herrialdeetako mugak. Ezin ginen joan munduko beste muturreraino. Muga horri esker, ordura arte ezagutzen ez nituen leku asko ezagutu nituen. Gipuzkoarra izanik, Bizkaia ia ez nuen ezagutzen. Gaztelugatxera inoiz joan gabea nintzen, pentsa! Gure lurraldea ez nuela ezagutzen jabetu nintzen. Neure buruari galdetu nion hain lurralde polita edukita zergatik joaten garen beti New Yorkera, Parisera edo Tokiora. Sekulako turismo aberatsa dugu hemen alboan, baina ez dugu behar beste ezagutzen. Karabana bat erosi eta etxeko turismoa sustatzen hasi nintzen. Has gaitezen gure planak bertan egiten, urrutira joan gabe.

Errepideak eta bidaiatzeak inspiratzeko balio izaten dizu?

Ez askorik, egia esan. Bidaiatzen dudanean, ez dut asko idazten. Bat-batean etortzen zaizkit ideiak, txisteak… Apuntatu egiten ditut denak, eta mordoxka bat ditudanean, orduan bai, orduan patxadaz idazten dut. Batzuetan, gidatzen edo bidaiatzen ari naizela bururatzen zaizkit ideiak; ez naiz ni joaten ideia horien bila.

Modaren munduan ere egin zenuen sartu-irten bat…

Bizitza nola ikusten nuen adierazi nahi nuen oihalen eta jantzien bidez. Asko erabiltzen nituen motibatzeko esaldiak, umore kutsukoak…, nire izaerarekin bat datozenak. Gustatzen zitzaidan, baina utzi egin behar izan nuen. Horrek ere denbora eskatzen du, eta denera ezin nintzen heldu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.