Soldata arrakalak jomugan

Soldata arrakalak jomugan

Miren Garate

Lan baldintza hobeak eskatzeko jo dute grebara Gipuzkoako Onkologikoa garbitzen duten Ilunion enpresako hemezortzi langileek. Astelehenean hasi zuten lanuztea, eta negoziazioetan aurrerapenik ez badago, otsailaren 19ra arte eutsiko diote. Aldarrikapen bat baino gehiago dituzte langileek, baina bat nabarmentzen da: kale garbitzaileen aldean duten soldata arrakala desagertzea. Ane Alberdi ELAko Gipuzkoako garbiketako arduradunaren esanetan, garbitu egiten dute batzuek zein besteek. “Baina kale garbitzaileek 5.000 euro gehiago irabazten dituzte urtean; %25 gehiago. Ez da kasualitatea. Hori gertatzen da sektore maskulinizatuei feminizatuei baino balio ekonomiko handiagoa ematen zaielako”.

Kale garbitzaileen eta Onkologikoko garbitzaileen arteko soldata ezberdintasuna kalkulatzeko, kalean aritzeagatik urtero jasotzen duten plusa ez du kontuan hartzen ELAk. Urtean 3.000 euro ingurukoa da ordain hori, eta kale garbitzaile guztiek jasotzen dute. “Politikoki ere oso eztabaidagarria da plus hori kendu egin behar dugun kalkulua egiteko. Izan ere, plusak zergatik ematen dira sektore maskulinizatuetan bakarrik?”.

Negoziazio mahaian ikusten dituzte bestelako alde batzuk ere. Kale garbitzaileen hitzarmenak “beti KPIaren erreferentziak” izaten dituela esan du Alberdik; aldiz, kontatu du eraikin eta lokalen garbiketako hitzarmenean patronalak “inoiz” ez duela jaso nahi izaten KPIaren erreferentzia. ELAko kidearen hitzetan, patronalaren negoziazio planteamendua bera “erabat matxista” dela erakusten du horrek.

Kale garbitzaileekiko bakarrik ez, Onkologikotik metro gutxira dagoen Donostia Ospitalean aritzen diren garbitzaileekiko ere badute soldata arrakala. Osakidetzak azpikontratatutako enpresa batean aritzen dira haiek, eta beste lan hitzarmen bat dute; Onkologikoa, ordea, gaur-gaurkoz ez da Osakidetzaren parte. “Batzuek eta besteek ospitaleak garbitzen dituzte, baina Onkologikokoek 3.000 euro gutxiago irabazten dituzte urtean”.

Hitzarmen propio eske

Egoera “guztiz prekarioa” dutela iritzita, Onkologikoko garbitzaileen hitzarmen bat eskatzen dute langileek. Gaur egun, Gipuzkoako eraikin eta lokalen garbiketakoa aplikatzen zaie garbitzaile horiei, baina haren negoziazioak “guztiz blokeatuta” daude 2018tik. Horrenbestez, ordutik ez dute inolako hobekuntzarik izan lan baldintzetan.

Ilunioni jakinarazi zioten hitzarmen propio hori negoziatzeko nahia, ekainean. “Abendura bitartean, hiru eskaera formal egin genizkion, eta hiruretan esan zigun ez duela inolako interesik hitzarmen propio bat negoziatzeko”. Azken bezeroa den heinean, Onkologikoko zuzendaritzari ere eman zioten beren egoeraren eta eskaeren berri. “Erantzun ziguten asko eskertzen zutela informazioa, baina nahiago zutela aurrena enpresarekin eseri; guri oraindik ez digute deitu”.

Aurrena, elkarretaratzeak egiten hasi ziren langileak, eta astelehenean abiatu zuten greba. Ezarritako gutxieneko zerbitzuekin —%50ekoak— ez dago konforme ELA. “Egin beharreko lanak ere zehazten dira, eta gehiegizkoak iruditzen zaizkigu”. Ulertzen dute erradioterapia eta kimioterapia ematen diren guneak egunero garbitu behar izatea. “Baina zer greba eskubide dugu korridoreak edo medikuen komunak eta aldagelak astero garbitu behar baditugu?”. Zeregin horiek bete beharrak eragiteko gaitasuna “mugatzen” diela esan du.

Era berean, Alberdiren hitzetan, ostiral arratsaldera arte ez zuten izan gutxieneko zerbitzuen berri. Hori ere “administrazioaren estrategia bat” dela dio, langileek antolatzeko inolako aukerarik ez izateko. Zehaztu du berez bilera bat egin behar dela gutxieneko zerbitzuei buruz, eta langileei entzuteko obligazioa duela enpresak.

Oihartzun txikiagoa

Protesten dinamikan, Donostian manifestazioa egingo dute gaur langileek, 12:00etan. Aste barruan ere, egunero egin dituzte elkarretaratzeak eta bestelako ekintzak. Astelehen goizean, esate baterako, ospitalera doazen errepideak guztiz blokeatu zituzten. Sare sozialetan eta abar, herritar batzuk haserre agertu ziren, baina biharamunean, batik bat “babesa” sentitu zutela esan du Alberdik. Halako protestetan protagonistak emakumeak edo gizonak izan alderik igartzen duten galdetuta, esan du “mediatikoki” dagoela aldea. “Ziur asko borroka moldeak ez dira berdinak, eta guk ELAn horren alde apustu egiten dugu: sindikalismoa ez da sindikalismo maskulinoa bakarrik. Sektore feminizatuak sektore prekarizatuenak dira, eta antolatu egin behar dugu, baina ikusten dugu gizartean eta mediatikoki sona eta babesa ez direla berdinak”.

Langileak “indartsu” daudela dio Alberdik, eta negoziatzeko eskatu dio enpresari. “Hori da konponbide bakarra”. Era berean, beharrezkotzat jo du Gipuzkoako eraikin eta lokaletako garbiketaren negoziazio mahaia “aktibatzea eta edukiz betetzea”. “Bestela, nonahi izango ditu lan zentroetako gatazkak patronalak”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.