AEB-ak, Japonia… eta Urretxu

AEB-ak, Japonia… eta Urretxu

Asier Zaldua

Exoeskeletoen bidez, pazienteei mugikortasunaren neuro-errehabilitazioan espezializatutako tratamenduak eskaintzeko gune berri bat sortu dute Urretxun. Saiakuntza laborategi bat da. Gune horretan, hainbat berrikuntza aplikatuko dizkiete gorputz adarretan errehabilitazioa behar duten herritarrei. Gogoa Mobility Robots enpresak —Abadiñon (Bizkaia) dauka gune nagusia— Movex Living Lab izeneko laborategia inauguratu berri du Urretxuko Mugitegi industrialdeko Sortzen enpresa haztegian.

Exoeskeleto eredu berri bat da Gogoa enpresak garatu duena, munduan aitzindaria, eta beheko gorputz adarretan mugikortasuna berreskuratzen laguntzea izango du xede. Hank+ izena jarri diote gailuari. Armadura baten modukoa da exoeskeletoa, eta lesio fisiko eta neuronalak dituzten pertsonei gorputz adarrak mugitzen lagunduko die; aginduak ordenagailu baten edo ahotsaren bidez ematen zaizkio gailuari. Urretxuko laborategi berriak, gainera, eskuen errehabilitaziorako ekipamendua eta errealitate birtualeko ekipo bat ere baditu, baita diagnostikorako ekipamendu berri bat ere.

Hutsetik hasitako proiektua

Urola Garaia Mankomunitateak eta Goierri garaiko Uggasa garapen agentziak sektore soziosanitarioan egin duten apustuaren fruituetako bat da Living Lab laborategia. Carlos Fernandez Gogoa enpresako buruak gogoratu du hutsetik hasi zirela proiektua lantzen. “Urretxun eman genituen lehen pausoak. [Madrilgo] Ramon y Cajal institutuak garatu zuen lan bat izan zen abiapuntua. Gorputzak lan egitea lortuz gero, beharbada, lan horrek burmuina estimulatzea lortuko zuen. Hori zen oinarria”.

Fernandezek aitortu du “lan gogorra” izan zela exoeskeletoa egitea: “Entsegu klinikoak, probak, Europako Medikamentu Agentziaren baimena… 2018an, ziurtagiria zeukan exoeskeleto bat zuen Europako lehen enpresa bihurtu zen gurea”. Hiru urteko lana izan zela jakinarazi du. “Urretxu bezalako herri batentzat, harro egoteko modukoa da. Exoeskeletoak egiten dituzten gainontzeko enpresek beste dimentsio bat dute. Gurea baino askoz enpresa handiagoak dira. Japoniako Cyberdyne enpresak, adibidez, milioi asko lortu zituen balore burtsan kotizatzen hasi zenean”. AEBetan ere badaude.

“Pertsonei laguntzea” da helburua. “Iktusak edo gaitz neurodegeneratiboak dituztenen, adinekoen… bizi kalitatea hobetu nahi dugu”, esan du Fernandezek. “Zazpi urte eta erdiko lanaren ondoren, horiei laguntzeko produktuak ditugu. Mugikortasuna berreskuratzeko terapiak garatuko ditugu laborategian”.

Gogoa Mobility Robots enpresak bi klinika ditu gaur egun: Urretxukoa eta Bilbokoa. “Osasun sistema publikoak oraindik ez ditu bere gain hartu exoeskeleto bidezko terapiak”, hasi du azalpena Fernandezek. “Gure kliniketatik ehun pertsona baino gehiago pasatu dira jada, eta hobekuntzak nabaritu dituzte denek. Oinez ibili gabe urteak zeramatzaten pertsonak makuluen laguntzaz ibil daitezke gaur egun”. Pertsona horien bizi kalitatea “hobetu” egin dutela azpimarratu du. “Eta euren familiei eta osasun sistema publikoari dirua aurrezten lagundu diegu”.

Ikerkuntzan jarraituko dute

Urretxuko klinikan aurrerantzean ere terapien inguruan ikertzen jarraituko dutela azpimarratu du Fernandezek. “Oraindik inork ez du ikertu zenbat saio behar diren mugikortasuna hobetzeko. Zer gertatzen da saioak gogortzen baditugu? Eta saio gehiago egiten baditugu? Burmuina azkarrago errekuperatuko al da? Zein da estrategiarik onena?”. Galdera askoren erantzunak nahi dituzte.

Exoeskeleto berria “oso lagungarria” izango dela uste du Gogoa enpresako buruak. “Zaharra baino errazago jartzen da. Lehen, bospasei minutu behar ziren jartzeko, eta, orain, bizpahiru. Hori oso garrantzitsua da ahalik eta paziente gehien artatzeko”. Euren exoeskeletoa “orkatila duen bakarra” dela gaineratu du. “Eta errehabilitazioa egiten ari den pertsona modu naturalagoan ibil daiteke horri esker. Poliki doanean, modu batera mugitzen da, eta azkar doanean, beste batera”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.