“Gurea dena eskatzen dugu”

“Gurea dena eskatzen dugu”

Imanol Garcia Landa

Geroako Kaltetuak plataformak borrokan jarraitzen du. Geroa Pentsioak BGAE borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundera egindako ekarpenak nahi duten bezala jasotzeko eskatzen dute bertako kideek. Geroak 45.120 eurotan ezarria du diru guztia aldi berean eskuratzeko muga, eta hortik gora egindako ekarpena errentaren bitartez bakarrik itzultzen du. Beraz, ez du kapital osoa bueltatzen. “Gure dirua da, eta diru hori guk nahi dugun bezala kudeatu dezagun nahi dugu. Gurea dena eskatzen dugu”, zehaztu du Jose Mari Lazkano plataformako kideak.

Jaiotzez getariarra da Lazkano, baina hainbat urte daramatza Zarautzen bizitzen. 2019an hartu zuen erretiroa, eta Geroan egindako ekarpena jasotzeko eskaera egin zuen. Kapital osoa ezin zuela jaso esan zioten, muga pasatzen zuelako, eta errentan jasoko zuela esan zioten: 188 euro hilean, 24 urtez. “Niri nire semeak eta bilobak jotzen didate adarra, beste inork ez”, esan zien Lazkanok, eta ez zuen sinatu. 2016an hasi zen Geroa jendeari esaten ezin zutela kapitala jaso, eta Lazkano lehenengoa izan zen horrelako jarrera hartzen. Mitxel Piedrahitarekin batera kaltetuen plataforma jarri zuen abian.

1996an sortu zuten Geroa Pentsioak BGAEa. Adegi patronalak eta ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek bultzatu zuten. CAF enpresa izan zen lehenengoa; langileek eta enpresak kopuru bera jartzen zuten, lan hitzarmenean hala zehaztuta, eta, beraz, derrigorrezkoa bihurtu zen. Metalgintzako sektorera zabaldu zuten ondoren. “Bere garaian sinatu genuen guk”, esan du Lazkanok. “Sindikatuak ere bazeuden plan horren atzean, eta guk garai hartan familia aurrera ateratzea genuen buruan. Hori bai, ez ziguten esan gure dirua itzultzea tokatzen zenean baldintza eta muga horiekin topo egingo genuenik”.

Sindikatuekin minduta

Gaia auzitara eraman du plataformak, eta Lazkanoren kasua izan da lehenengoa. Informazioa ez zutela behar bezala eman salatu dute auzian, baina euren aurka ebatzi du epaileak. “Gure asmoa da helegiteak jartzea, Europako auzitegietara iritsi arte”, esan du Lazkanok, eta epaiketan ELA sindikatuko ordezkariak emandako bertsioa salatu du: “Dirua jasotzeko baldintzen inguruan informatu gintuztela esan zuen hark, batzarrak egin zituztela, baina gezurra da hori. Batzar horien aktak eskatu zizkien gure abokatuak, eta garai horietan aktak ez zirela gordetzen erantzun zuen”. Bizkaian beste auzi bat irekitzeko asmoa ere badu plataformak, kaltetuetako bat han bizi baita.

Plataformako kideek minduta hitz egin dute sindikatuek duten jarreraren inguruan. Bittor Eskisabel Tolosan bizi den ataundarrak ezin du ulertu sindikatuen jarrera: “Ni militantea izan naiz, LAB sindikatukoa, eta modu pertsonalean bertako kideek esaten dizute arrazoia dugula, baina ezin dutela ezer egin”. Ezin du ulertu gai honetan sindikatuek langileen kontra egitea. “Langileak defendatu beharrean, diruaren jabetza berea izango balitz bezala aritzen dira. Hori da tristeena”. Geroaren batzar orokorrean eserlekuen erdiak Adegik ditu, eta beste erdiak sindikatuen esku daude. “Erabakiak aurrera ateratzeko, derrigorrezkoa da sindikatuen onespena. Beraz, eurek ikus dezatela zeinen alde dauden”.

Plataformako kideak ez daude geldirik egoteko prest. Eskualdeka bilerak egingo dituzte aurki, egoeraren berri emateko; maiatzaren erdialdean, manifestazio bat antolatuko dute Donostian; enpresetara ere joan nahi dute, langileei zuzenean informazioa emateko. “Izan ere, gaur egungo langileek egoera horrekin egingo dute topo erretiroa hartzean”, ohartarazi du Lazkanok. “Jakin dezatela zer datorkien”. CAFeko langile batzordeari eskatu diote baimena bertara joan eta langileak informatzeko, baina ezezkoa jaso dute. “Sindikatuek zergatik ez dute nahi langileek informazio hori jasotzerik? Zer interes daude hor?”, galdetu du Eskisabelek.

Geroakoekin hizketaldia

Plataformako kideek ez dute ulertzen Geroak zergatik ez duen onartzen kapital guztia itzultzea. Orain gutxi arte, Virginia Oregi izan zen hango zuzendaria, eta Lazkanok gogoratu du hari galdetu ziola erretiroa hartzen duten guztiek dirua kapital moduan ateraz gero zer gertatuko zitzaion Geroari. “Erantzun zidan peccata minuta izango zela. Beraz, zer arazo dute pertsona bakoitzak bere dirua nola jaso erabaki dezan? Zer ezkutatzen ari dira?”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.