Igandeak festa giroz esnatzen

Igandeak festa giroz esnatzen

Miren Garate

Igandero 09:15 alderako ateratzen da balkoira Mari Axen Rikondo. Handik bost bat minutura pasatzen dira txistulariak Donostiako Getaria kaleko bere etxe aurretik. Rikondoz gain, beste etxe askotan dituzte jarraitzaile leialak txistulariek. Igandez igandeko jardunean, haurtzaroan balkoira ateratzen hasi ziren ume asko nola joan diren hazten ikusi dute txistulariek. Diana horiek bizilagunekin solasalditxo bat izateko aitzakia ere badira beste batzuentzat. Txistuak oso presente jarraitzen du udalerri gehienetako jai eta ospakizun garrantzitsuetan. Alabaina, garai batean ez bezala, gaur egun ez dira asko igande eta jaiegun guztietan diana izaten duten herriak: Donostia, Hernani, Errenteria, Azpeitia…

“Urrunetik hasten dira agurtzen; oso atseginak dira”, esan du Rikondok Donostiako txistulariei buruz. 82 urte ditu, eta ia hirurogei urte daramatza etxe horretan bizitzen. “Oso-oso aspalditik” du txistulariei begira egoteko ohitura. “Lagun-mina dut Jose Ignazio Ansorena [txistularia], eta hura ateratzen hasi zenetik-edo ateratzen naiz balkoira”. Etxe ondoko Bilbo plazan geldialdi bat egin ondoren, aurrera nola joaten diren begira egoten da. “Asko gustatzen zait”. Igande eguerdietan, kontzertu bat ere egiten dute Donostiako txistulariek, eta hara ere joan ohi da senarrarekin.

Jon Ansorena da Donostiako txistularien taldean joan ohi diren zortzi kideetako bat. Haren hitzetan, ez dago garbi nondik datorren txistularien dianak egiteko ohitura. “Duela hirurehun urte baino gehiagoko dokumentuetan ikusten da nola kontratatzen zituzten txistulariak herrietako festetan jotzeko”. Dianen atzean dauden arrazoiak ere askotarikoak direla azaldu du. “Militarren kasuan, argi dago eguna hasteko abisua direla; gure kasuan, helburua da goiza edo eguna musika entzunez hastea, festa giro hori ospatu edo iragartzea”.

Hamaika anekdota

Herritarrek, oro har, harrera ona egiten dietela esan du Jon Ansorenak. “Noizbehinka tokatzen da lo egitea asko gustatzen zaion jendea edo musika gustuko ez duena, eta haserre ere entzun izan ditugu, baina gutxi dira. Jende dezentek du txistulariak pasatzen direnean balkoira ateratzeko ohitura”. Txistulariek kale jakinen batetik pasatzeari utzitakoan edo beste arrazoiren batengatik ez ateratakoan, herri batean baino gehiagotan joan izan dira herritarrak udaletxera kexa jartzera.

Bestelako anekdota ugari ere badituzte txistulariek: arrautzak bota izana norbaitek, zero azpitik bost gradu zirela jo izana, jende oso ezaguna aurkitu izana dianan, eta abar. “Guri, behin, Mick Jagger pasatu zitzaigun ondotik, eta begira-begira geratu zitzaigun”, esan du Ansorenak.

09:00etan jarria dute ordua Donostiako txistulariek, eta buelta horretan atera ohi dira beste herrietan ere. “Goizago ere izan dira urte askoan, baina garaiak aldatzen doaz, eta dianen ordutegiak ere mugitzen joan dira. Berez, ez dago diana goizeko bederatzietan izateko arrazoirik”. Hiru tresnak eta lau kidek osatzen dute Donostiako taldea: lehenengo txistuak, bigarren txistuak, silboteak eta atabalak. Ansorenaren esanetan, “sekulako errepertorioa” duen musika tresna da txistua. “Gainera, azken urteetan txistulari askok egin duten bilaketari esker, asko handitu da errepertorio hori”.

Ikasteko plazak, beteta

Igande goizetan jo behar izatea, beharbada, ez da txistulari gazteak erakartzeko amurik onena, baina ez dago bereziki kezkatuta Jon Ansorena. “Sobera ez, baina gazteak ere badatoz”. Dena den, kritika bat ere egin du: “Hezkuntza sistemak berak ez du lagundu txistulariak ateratzen, ratioak mugatu dituelako. Gaur egun, bai Donostiako eta bai Iruñeko eskoletan txistuari eskainitako tokiak beteta daude”.

Horri lotuta, txistulari profesionalen artean lanik ez dela falta esan du Ansorenak. “Enplegu publikoaren zerrendetan gauden guztiok, leku batean edo bestean, baina lanean ari gara gaur egun”. Hala ere, uste du udalek ez dutela bultzatu txistulari lanbidearen profesionalizazioa. “Musikariak nominan mantendu beharrean, nahiago izan dute beste formatu batzuetara jo, edo talde amateurretan aritu”.

Ia XX. mende guztian izan dira txistulariak udal langile udalerri ugaritan. Adibidez, 1981ean, kide kopurua bikoiztea eta zortzi kide izatea erabaki zuen Donostiako Udalak —hala dira orain ere—, beharrak areagotzen ari zirelako eta behin baino gehiagotan gertatzen zelako txistulariak aldi berean behar izatea hiriko gune desberdinetan. Gipuzkoan, gaur egun, Donostian eta Errenterian bakarrik dira txistulariak udaleko langileak; gainerako herrietan, bestelako formula batzuk erabiltzen dituzte. “Gehienak elkarteetan biltzen dira, eta udalekin hitzarmenen bat dute, entseguak egiteko, baliabide batzuk izateko eta usadio hori mantentzeko”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.