Nere Lertxundi: “Berez, edozer arautu daiteke portaleetan, baina badaude mugak”

Nere Lertxundi: “Berez, edozer arautu daiteke portaleetan, baina badaude mugak”

Miren Garate

Askotariko gatazkak edo nahiak sortu ohi dira bizilagunen artean: txakurrak debekatzea proposa dezakete bizilagunen komunitate batean; beheko lokaleko negozioak sortzen dizkien eragozpenengatik kexu izan daitezke beste batean; gastu bat ordaintzeko portzentajeek eragin dezakete desadostasuna… Donostiako Lertxundi Abokatuak bulegoko Nere Lertxundiren (Orio, 1977) esanetan, Jabetza Horizontalaren Legearen 18. artikuluak zehazten du zein izan daitezkeen mugak.

Zer legek arautzen dituzte ezkaratzak?

Jabetza Horizontalaren Legea izango da ezkaratza arautuko duen legea. Etxe askok estatutuak ere badituzte erregistratuak, eta portale horretan dauden arau bereziak arautzen dituzte. Adibidez, Jabetza Horizontalaren Legearen arabera, etxe azpiko lokalak ere etxepearen parte dira, baina estatutuek esan dezakete lokalek ez dutela ezkaratzeko gasturik ordainduko edo etxabeek ez dutela igogailuko gasturik ordainduko. Horrez gain, jabeen gehiengoarekin hartutako akordioen bidez ere erregulatzen dira portaleak.

Nahi dutena arautu dezakete bizilagunek? Zein dira mugak?

Berez, edozer arautu daiteke portaleetan, baina badaude mugak. Jabetza Horizontalaren Legearen 18. artikuluaren arabera, arau horiek ezin dira izan legearen edo estatutuen kontrakoak, ezta komunitatearen interesen aurkakoak edo jabe gutxi batzuen alde hartutakoak ere, eta ezin diote jabe bati kalte egin, baldin eta kalte hori jasateko legezko betebeharrik ez badago, edo eskubideen abusuz egindako akordioa bada. Adibidez: bizilagun guztiek terrazan zerbait instalatuta badaukate, ezin zaio bakar bati horretarako baimena ukatu. Halako akordiorik hartzen bada, oso garrantzitsua da kontrako botoa ematea, epaitegian inpugnatu ahal izateko.

Zer egin behar da bizilagunen akordio horiek balioa izateko?

Estatutuak aldatzeko, oro har, aho batez hartu behar da erabakia, baina badaude gehiengo kualifikatua aski duten erabakiak ere; adibidez, irisgarritasunari lotutakoak. Ezinbestekoa da erabakitakoa jabetza erregistroan erregistratzea; bestela, ez da izango hirugarrenen aurka jartzeko modukoa. Demagun ados jartzen garela estatutuek etxe bakoitzari fatxadako gastuak ordaintzeko emandako portzentajea aldatzeko; jabe aldaketa bat badago, adostutako horrek ez du balioko ez badago erregistratuta.

Horiek horrela izanik, bizilagunek debekatu dezakete, adibidez, txakurrak izatea edo etxeren batean eskola partikularrak ematea?

Etxean txakurra edukitzea inork ezin dizu galarazi; beste gauza bat da txakurrak komunitate horretako igogailuan sartzea debekatzea. Elementu komuna izanik, hori, agian, arautu dezakete bizilagunek. Klase partikularrei dagokienez, baimen guztiak badituzu, komunitatea ez da nor legeak debekatzen ez dizun gauza bat debekatzeko. Erabaki hori jabe batentzat oso kaltegarria izan daiteke, hura jasateko legezko betebeharrik ez dagoenean. Baina hor ere komunitateak esan dezake, adibidez, haurrak ezin direla jolasean ibili portalean eta halako gauzak.

Balkoietan aldarrikapen banderak jartzeari buruzko bozketak ere egin izan dira. Debeka daitezke?

Kasu bereziagoa da hori, balkoiak elementu komunak baitira —hau da, komunitatearenak—, baina erabilera pribatibokoak. Balkoi barruan, zure etxean, nahi duzuna egin dezakezu; kanpoan, komunitateak arautu dezake zer egin daitekeen. Beraz, kanpoan jartzea debekatuz gero bizilagunek, barandaz barrura jarri beharko litzateke.

Eta etxe azpiko lokaletako negozioetan badute zeresanik bizilagunek? Tabernek, elkarte gastronomikoek, beilatokiek eta abarrek sortu izan dituzte gatazkak.

Berez, estatutuek ez badute ezer esaten, eta lokalak administratiboki eskatzen diren baldintza guztiak betetzen baditu, komunitatea ez da nor hori murrizteko. Taberna bada, soinu aldetik baldintza batzuk bete beharko ditu. Sukaldea badu, tximinia eduki beharko du… Halakoetan ere gerta daiteke komunitateak ez uztea lokal bati tximinia jartzen elementu komun batean.

Etxebizitza turistikoak debekatu nahian ere ari dira bizilagunen komunitate batzuetan. Akordio horien aurka egin den kasuetan, zer epai egon dira?

Etxe turistikoen kontua berezia da. Jabetza Horizontalaren Legearen 17.12 artikuluak esaten du mugatu edo baldintzatu egin daitekeela jarduera. Denetariko sententziak daude: batzuek komunitateek mugatzearen alde egin dute, eta beste batzuek esan dute akordio horiek baliogabeak direla, jabetzaren kontrakoak direlako. Oraindik ikusteko dago [Espainiako] Auzitegi Gorenak zer iritzi duen, jurisprudentzian kontraesanak baitaude.

Leave a Reply

Your email address will not be published.