“Oholtza gainean baino gehiago gozatzen dut atzeko aldean”

“Oholtza gainean baino gehiago gozatzen dut atzeko aldean”

Irati Saizar Artola

Bere bizitzaren erdia baino gehiago darama Idoia Gereñuk (Tolosa, 1980) antzerkiari lotuta: ikasketak amaitu berritan, euskal antzerkiaren inguruko ikerketan murgildu zen; bi urtez EHAZE Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteko koordinatzailea izan zen; duela hamar urte, Katiuska antzerki taldea sortu zuen Tolosan; eta, gaur egun, antzerkiaren inguruko Eleak eta Beleak irratsaioa gidatzen du Ataria irratian.

Antzerkigilea baino askoz gauza gehiago zara zu, ezta?

Ez dakit antzerkigilea naizen. Antzerkiaren munduan aritzen naiz, baina antzerkia sekula ez dut izan ofizio. Ofizioz, beste arlo batzuetan aritzen naiz, eta antzerkia nire bigarren ogibidea izan da beti; gehienetan, kobratu gabekoa.

Noiztik zara antzerkizalea?

Ez daukat gogoan egun batetik bestera zerbait gertatu eta zaletu izana. Gogoan dut behin amari esan niola antzerkian hasi nahi nuela, eta Tolosako kultur etxeko antzerki tailerra zen aukera bakarra. Tailer hura helduentzat zen, 16 urte behar ziren, eta nik artean ez nituen; zain egon nintzen 16 urte bete arte.

Probatzea pentsatu zenuen orduan.

Egia da ez zela izan antzerkiarekiko gogo sutsu bat, dantza ere hor baitzegoen, eta zalantza egin bainuen dantzaren eta antzerkiaren artean. Baina banuen artistikoki gorputzarekin lanketa bat egiteko gogoa. Betidanik gustatu izan zait mugimenduaren eta sormenaren mundu hori.

Grina hori haziz joan zen gero?

Antzerki tailerreko lehen egunean, futboleko atezain baten lanak egiten jarri gintuen irakasleak, eta zeharo lotsatuta egon nintzen, baloiak beldurra emango balit bezala. Etxera joan, eta zalantza egin nuen berriro bueltatu edo ez. Bigarren aukera bat ematea erabaki nuen, eta gustua hartu nion gero. Niretzat, ikasketa prozesu handi bat izan zen tailerra. Antzeztea gustatzen zait, baina sufrimendua ere izan da kasu askotan. Asko kostatu zitzaidan neure buruarekiko ziurtasun hori lortzea, baina, aldi berean, erronka horrek heldu egin ninduen, eta barruko nahia gero eta handiagoa zen. Filosofia ikasketak amaitzera Irlandara joan nintzen, eta han, zorionez, antzerki ikasgai bat egiten utzi zidaten. Atzean mundu bat zegoela ohartu nintzen, eta interesgarria iruditu zitzaidan.

Bide horri heldu zenion, beraz?

Filosofia ikasketak Irlandan bukatu, eta antzerkiari lotuta zerbait egin nahi nuela ikusi nuen. Handik bueltan, ikasturte bat egin nuen Iruñeko antzerki eskolan. Nire sufrikario guztiak atera ziren han. Gustatzen zitzaidan, baina niretzat erronka handi bat izan da beti oholtza gaina. Oholtzaren atzeko aldean askoz gehiago gozatzen dut; han ikusi nuen ikerketa mundua gehiago gustatzen zitzaidala. Haur batzuei tailer batzuk ematen hasi nintzen, eta bide hori askoz nahiago nuela konturatu nintzen. Gerora antzerki tailerrak ematen aritu nintzen Tolosaldeko eskoletan. Madrilen ere izan nintzen; tesina egin nuen lehenengo, eta tesia gero, antzerkiaren inguruan. Orduan jabetu nintzen oso garrantzitsua izan zela atzeko lan hori ezagutzea. “Antzerkia egin bai, sortu ere bai, baina zeren gainean sortu behar dut?”, galdetu nion neure buruari. Antzerkian aurrez zer egin zuten ikasten aritu nintzen urte haietan, eta orduan ikusi nuen euskal antzerkiaren inguruan ez nekiela ezer. Horregatik erabaki nuen nire ikerketa hortik abiatzea.

Zer ikertu zenuen zehazki?

Euskal Herrira etorri eta euskal antzerkiaz galdezka hasi nintzen; inork ez zekien ezer. Ez zegoen ikerketarik ia, Patri Urkizuren Euskal antzertia izena duen liburua bakarrik. Gipuzkoako artxiboan izan nintzen, hiru hilabetez, eta ez zegoen ezer. Tolosako artxibora joan nintzen gero, eta han Antonio Maria Labaienen Antzerti topatu nuen, ez osorik, baina bai erreferentzia batzuk. Ikertzen aritu ahala konturatu naiz badagoela belaunaldi bat asko dakiena, baina gure belaunaldira iristerako desagertu egin da jakintza hori. Oso bakarkako lana izan da, baina aberats sentitu naiz hori egiteko aukera izateagatik.Oso pozik nago, hogei urte hauetan euskal antzerkia, oso poliki eta modu xumean, baina ari delako orain hogei urte ez zeukan espazio bat hartzen.

Transmisioak kezkatzen zaitu?

Bai, zeharo. Belaunaldi berriak datoz, eta, irakaslea naizen neurrian, konturatu naiz nik dakidana altxor bat bihurtzen ari dela, nire ikasleetara ez dela iristen. Hain hutsune handia sumatuta, eta berreskuratzen ari garela ikusita, ez dut berriro hutsune horrekin topo egin nahi. Bide berriak bilatu behar ditugu orain arte pilatutako informazio hori gal ez dadin. Aurrera begirako sormena da garrantzitsuena, baina zer egin den ere jakin behar dugu, horri aurre hartzeko.

Ikerketaz gain, antzerkiari lotuta beste esparru batzuk ere ukitzen dituzu. Irratia, esaterako.

Tolosaldeko Ataria irratian Eleak eta beleak saioa egiten dut. Irratsaio bat egiteko burutazioa izan genuen, eta, mikrofonoaren aurrean sekula egon gabe, elkarrizketak egiten hasi nintzen. Euskal antzerkiari buruz aritzean, askotan, oholtza gainean gertatzen ari den ikuskizunari buruz hitz egiten da. Baina, beste esparru batzuetan egiten duten moduan, saio honekin ahotsa eman nahi izan diet antzerkiaren periferian daudenei. Familia handi bat da antzerkia, eta, oholtzan daudenek ez ezik, askoz gehiagok egiten dugu lan oholtzan; atzeko horien zereginaz jarduten gara saioetan. Antzerki mundua zer den ezagutarazi nahi nuen irratsaioaren bitartez, eta hortxe ari gara.

Bi urtez, Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteko koordinatzailea ere izan zinen.

2010ean sortu genuen elkartea. Kezka handia zegoen: 2000. urte inguruan euskarazko antzerkia ia hilik egon zen; oso konpainia gutxi ari ziren lanean. Euskal antzerkia berpizteko mugimendu bat sortu zen, eta hortik atera zen elkartea sortzeko ideia. Bertan lan egitea proposatu zidaten, eta bi urtez aritu nintzen koordinazio lanetan. Baliabide faltagatik, utzi egin nuen koordinazio lana, baina beti jarraitu izan dut haiekin harremanetan. Hor ari gara lanean: liburuak argitaratzen, hainbat ekintza egiten, Durangoko Azokara ere iristen gara urtero, ikusle klubak sortzen ari dira, emakume feministen topaketak ere egin genituen… Lanean ari da EHAZE. Euskal antzerkiak elkartu egin behar du antzerkigintzatik, eta baita euskalgintzatik ere.

Antzerki liburuak argitaratzen ere ari zarete, ezta?

Jende asko etortzen da esanez euskarazko antzerkirik ez dagoela jasota. Hori da errealitatea, oso gutxi argitaratu izan baita orain arte. Ikusten genuen oholtzak betetzen hasi zirela, gero eta konpainia eta talde gehiago ari zela euskaraz antzerkia egiten, baina, aldi berean, liburuetan ez zegoela mugimendurik. Beraz, Susa argitaletxeak halako interes bat agertu zion EHAZEri, eta bide horretan elkartu ginen. Elkartetik edizio lanetan eta testuak hautatzen laguntzen dugu guk; Oier Guillanek hartu du horren gidaritza. Ikusteko egiten da antzerkia, baina irakurrita ez da ikusten. Beraz, hori lortzeko arauak betetzea da gure helburua.

TOLOSAKO KATIUSKA ANTZERKI TALDEA
Tolosako Katiuska antzerki taldea. 2012an, inauteri giroan, antzerki tailer bat martxan jartzeko ideia izan zuten hainbat tolosarrek; hala sortu zen Katiuska antzerki taldea. Irudian, Gereñu, ezkerretik laugarrena.

Tolosan baduzu beste proiektu bat: Katiuska antzerki taldea.

2012an sortu genuen Katiuska antzerki taldea. Inauteri batzuetan, txarangaren abesti baten eta bestearen artean proposamen bat iritsi zitzaidan eskolan antzerkia eman nien ikasle batzuengandik, eta erronka bota nien: irailerako taldea sortzen bazuten, prest izango nintzen hura gidatzeko. Taldea sortu zuten, eta hala abiatu ginen, dozena bat lagunekin. Tailer moduan hartu genuen; inork ez zuen ia antzerkirik egin, baina hamar urte daramatzagu dagoeneko. Bost antzezlan sortu ditugu jada.

Hamar urteotan, aldatuko zen taldea bera ere…

Oso modu desberdinean funtzionatzen dugu orain. Irakasleen eta ikasleen figurak zeuden garai batean, baina askoz modu horizontalagoan egiten dugu lan gaur egun. Bakoitzak bere zeregina dauka. Une honetan, lau aktore eta zuzendari bat gara taldean. Azken obra Armiarma izan da, eta oso gustura ari gara, erantzun ona izan baitu. Lan asko eskatzen du, modu amateurrean aritzen garelako, eta lana horizontalean egiteak ere bere zailtasunak dituelako; guztion artean erabakitzen dugu dena. Horregatik iraun dugu hamar urte elkarrekin, familia bat garelako, gure trapu zahar, zikin eta garbi guztiekin.

Zer lotura izango dute Idoia Gereñuk eta antzerkiak hemendik urte batzuetara?

Ez dakit noiz arte biziko garen, eta horrek gauza asko mugatu ditzake. Baina nik badakit euskarazko antzerkiaren alde lanean jarraituko dudala modu batera edo bestera, nire parte bat delako hori, nire bizitza erdia baino gehiago daramadalako dagoeneko antzerkiarekin lotura duten gauzekin lanean. Ni ez naiz honetaz bizi; gustatzen zaidalako egin izan dut beti antzerkia, eta, jarraitzekotan, horrela jarraituko dut.

Leave a Reply

Your email address will not be published.