“Ni naizenarekin zintzoak diren hitzak erabiltzen ditut abestietan”

“Ni naizenarekin zintzoak diren hitzak erabiltzen ditut abestietan”

Ane Mendizabal

Joan den urtarrilean kaleratu zuen Bizirik diskoa Aitor Bengoetxea Bengo artista oiartzuarrak (Oiartzun, 1997). Bere azken lan luzea da. Zortzi kantu biltzen ditu, eta bizitzaren gorabeherez, gertuko norbait galtzeaz eta norbera barkatzeaz hausnartzeko gonbidapena egiten du diskoak. Otsailaren 4an hasi zuen lana aurkezteko bira, Donostiako Dabadaba aretoan, eta datozen hilabeteetan Euskal Herriko hainbat txokotara helduko da pop urbanoaren kutsua duen proposamen hori.

Nondik dator Bizirik?

Hasieran, Mon Dvy [ekoizlea] eta ni abestiak egiten hasi ginenean, argi genuen disko kontzeptual bat sortu nahi genuela. Niretzat, momentu txarrenetatik onenetara pasatzeko prozesu hori da bizirik egotea. Kanta bakoitzak bere esanahia du, baina diskoa prozesu horren isla da. Prozesu horretan, hasieran Galduta zaude, eta azkenean zeure burua pixka bat Barkatzen duzu [diskoko lehen eta azken abestiak dira]. Egia da kanta bakoitzak bere energia duela. Hemengatxik-ek, adibidez, energia positiboagoa du; gauzak kontatzeko beste modu bat da hori. Abestiak zerbaitengatik daude horrela jarrita, jendeak ulertzeko bizirik egotea prozesu hori pasatzea dela.

Kanta bakoitzean oso gai pertsonalak landu dituzu. Hasieran transmititu nahi zenuen hura helaraztea lortu duzu?

Diskoa atera baino lehenago, kantu batzuk single modura atera genituen, bideokliparekin. Beraz, disko kontzeptuala den arren, abestiek ez dute batak bestearen beharrik, nahiz eta diskoa lehenengotik azkenengora entzunez gero lan osoaren zentzua hor egon. Horrez gain, kontuan izan behar da kanta bakoitza non eta nola eginda dagoen. Adibide bat jartzearren: Galduta kanta, pertsonalena dena, nire logelan idatzi eta grabatu nuen. Ondoren, ekoizpena Mon Dvyrekin estudioan egin genuen. Hemengatxik, berriz, Kiliki eta Chickjuarezekin sortu nuen, lagun arteko giroan, gaueko hamabietan. Hortaz, esango nuke kanta bakoitzak islatzen duela non eta noiz eginda dagoen.

Beraz, esan daiteke edozein egoeratara moldatzeko gai zarela?

Bai, egia da pertsonalki hitzak aldez aurretik egitea gustatzen zaidala, eta ondoren horiek instrumentalera edo ekoizpenera moldatzea. Agian ez ditut hitz guztiak idazten, baina esan nahi dudanaren ideia bat izaten dut.

Abesti guztiek dute mezu sakon bat, ezta?

Askotan esan izan dut kostatzen zaidala jendeak denbora guztian esan nahi dudana ulertzeko hitzak egitea. Askotan, metaforak sartzen saiatzen naiz, baina ulertzen direnak. Hitzekin nire mezua ez nahasten saiatzen naiz. Galduta-n, adibidez, joan zaidan pertsona baten inguruan hitz egiten dut, eta sinonimo bat erabiltzen dut beti, esan nahi dudan hori adierazteko. Ni naizenarekin oso zintzoak diren hitzak erabiltzen ditut abestietan. Hori da nire adierazteko era.

Galduta abestia, gainera, bada omenaldi moduko bat, ezta?

Bai, ezbehar bat izan baikenuen. Lagun baten izeba azaltzen da bideoklipean. Kanta egin eta hiru aste geroago zendu zen, eta, beraz, omenaldi moduko bat egin genion. Kantak horretaz hitz egiten du. Joan zaizkigun pertsona guztiei eginiko omenaldi bat da. Alde horretatik, galduta egote horretaz hitz egiten du abestiak.

Musikalki, zure hasierako estilo bera al du diskoak?

Nire lehenengo lana ekoizle batekin egin nuen, eta oraingoan hiruk parte hartzen dute: Mon Dvyk, Chickjuarezek eta Densok. Ekoizle bakoitzari lortu nahi duzun hori zehatzago esan ahal diozu, eta, azkenean, soinua landuagoa ateratzen da horrelakoetan, eta forma biribilagoa hartzen dute abestiek.

Diskoan musika estilo ezberdinak uztartzen dira: rapa, rocka, teknoa… Zaila da musika estilo ezberdinak musika urbanoarekin nahastea?

Genero aldetik beti izaten dugu eztabaida hori: zer generotako musika egiten dugun. Askotan, guk geuk ere ez dakigu zer egiten dugun. Pertsonalki, gauzak nahastea gustatzen zait. Pop urbanoa egiten dudala esaten dut nik. Ekoizleek ere badute beren estiloa; hortaz, momentuan ateratzen dena sortzen dugu, modu naturalean. Momentuko emozioak askatzea da politena, hori uste dut nik.

Barruan duzuna askatzeko erabiltzen duzu musika?

Txikitatik aritu izan naiz dantzan, breakdancea egiten. Beraz, esango nuke bai dantza eta bai musika barruan dudan hori ateratzeko moduak direla. Bizirik diskoaren leloa Barkamena abestitik atera dugu. Maialen Lujanbio aipatzen da, eta “barruan duguna ateratzen” dio abestiak. Eta horregatik aukeratu genuen lelo hori, gure prozesua hori delako, eta horrelaxe lan egiten dugulako.

Diskoan hainbat artistarekin lan egin duzu.

Kolaborazioak ez ditugu pentsatuta egin. Esaten den bezala, ahalik eta modu organikoenean sortu dugun zerbait izan da. Musikarekin jende berria ezagutzen duzu, eta, horiekin konektatzea lortzen baduzu, kantak ateratzen joaten dira. Horrela egin genuen Denso, Tatta, Chickjuarez eta Kilikirekin. Lagun arteko giro horretan batu eta ezer bilatu gabe atera zela esango nuke.

AITOR BENGOETXEA
Oholtzan. Otsailaren 4an Donostiako Dabadaban eman zuen Bizirik birako lehen kontzertua Aitor Bengoetxea Bengo-k. Jaso zuen babesak indarra eman dio aurrera jarraitzeko eta «gauzak ondo egiteko».

Otsailaren 4an hasi zenuen bira, Donostian. Nolako feedbacka jasotzen ari zara?

Oso gustura egon ginen. Lehen aldia izan da Donostiako sala batean jotzeko aukera izan dudana. Familia giroko kontzertu bat izan zen, ezagun pila batekin. Oso pozik sentitu ginen, jendearen babesagatik. Orain, kontzertu gehiago ditugu: hilaren 25ean, Durangoko 40 Minutu Rocken joko dugu; ondoren, Laudion, Arrasateko gaztetxean, Iruñeko Txintxarrin… Gogotsu gaude, egia esan.

Artista gisa haziz joan zarela uste duzu?

Esango nuke bai pertsonalki eta bai artistikoki haziz joan naizela, bai. Duela bost urte, musika egiten nuenean, esaten nuen: ‘Nik horrelako zerbait egin nahi dut’. Pixkanaka sortuz doan zerbait da. Artista bezala ere ikasiz joaten zara: prozesu bat da dena.

Gaztea irratiak zer funtzio du zuen lana zabaltzeko orduan?

Gogoan dut Lau taupadak albuma atera nuenean Denbora izan zela nire lehen lanik landuena. Nahasketak egiten, masterizatzen, ahotsa jartzen… dena ondo jartzen ikasten saiatu nintzen. Eta pertsonalki esango nuke Gaztea-koek beti babestu nautela, eta uste dut laguntzarik ez duten gaztetxoentzat aukera handia dela horrelako plataforma baten laguntza izatea.

Nola ikusten duzu gaur egungo musika panorama?

Gero eta askotarikoagoa dela uste dut, eta aberasgarria da hori. Egia da gero eta jende gehiago ari dela animatzen, esan dezagun, gaur egungo estilo berrietan musika euskaraz egitera. Zenbat eta gauza gehiago egon, guztiontzat hobeto da, eta, horrekin batera, euskal kulturak ere gora egingo du pixkanaka.

Euskara eta batez ere oiartzuera bada giltzarri bat zure lanean, ezta?

Oiartzuarra izanda, inoiz ez dut hitz egiten euskara batuan, eta ez zitzaidan gertukoa egiten musika batuan sortzea. Ezaguna egin zen lehen kanta Denbora izan zen, eta, bertan, oiartzuera sartuta zegoen. Naturala izan da, eta azkenean euskarak duen politena hori dela esango nuke: herri batetik bestera pila bat aldatzen da euskalkia. Aberatsa da hori.

Musikatik at, breakdance dantzaria zara. Eragina izan du horrek zure musika estiloa definitzeko orduan?

11 urte nituenean hasi nintzen breakdancea egiten. Ez dakit zehazki nola hasi nintzen. Etxeko alfonbran tontoarena egiten hasiko nintzen agian, eta, pixkanaka, Donostia aldeko jendea ezagutuz joan nintzen. Orduan hasi nintzen kalean jendearekin mugimenduak partekatzen. Dantza estilo horren politena da, nire ustez, lagunekin gelditzea eta bakoitzak dakiena besteekin partekatzea. Dantzatzen hasi nintzen gustuko nuelako, eta uste dut musikarekin dudan harremana ere hortik datorrela, filosofia horretatik. Hip-hop mugimendu horiek nire musikan ere azaleratzen dira.

Denbora asko eskaintzen diozu dantzari?

Azkenaldian batez ere, astean hirutan joaten naiz dantzatzera, fisikoki dudan behar bat delako, kirola egiteko. Dantza hor dago beti nirekin: barruan dudan zerbait da. Erreferente asko ditut hip-hop mugimenduan.

Ogibidez gaztelaniako irakaslea zara.

14-15 urte nituenenetik izan nahi nuen irakasle. Beti gustatu izan zait bai dantza munduan eta bai hezkuntza munduan jendeari erakustea. Argi nuen bide horretatik joan nahi nuela, eta oso pozik nago; gustuko dut.

Nola uztartzen duzu dena?

Lana gauza bat da, eta dantza eta musika gustuko ditudan nire bizitzako zatiak dira. Uste dut denak batera forma ematen diola nire egitekoari: dantzatik hartzen ditut gauzak musika egiteko eta musikatik dantza egiteko. Gurpil moduko bat litzateke dena.

Leave a Reply

Your email address will not be published.