Begiak, zabalik; eta eskuak, arin

Begiak, zabalik; eta eskuak, arin

Kerman Garralda Zubimendi

Jon Etxeberria rally gidari legazpiarrak aste honetan kendu dio autoari olana babesgarria. Azaroaz geroztik, garajean gordeta izan du autoa, 2023. urteko denboraldia noiz hasiko. Heldu da lehen lasterketa. Etzi jokatuko dute Euskal Herriko egutegiko aurreneko proba: Gabiria-Legazpi rallysprinta. “Denboraldiko lehen lasterketa beti izaten da berezia”, aitortu du Etxeberriak. “Hasteko gogoz gaude, baina autoak nola erantzungo duen zalantza asko dauzkagu”. Etxean izango du proba, gainera, eta, horregatik, “are bereziagoa” izango da beretzat. “Ezagun asko izango dira errepide bazterrean, eta ondo aritu nahi dut euren aurrean”.

Angel Gurrutxaga Euskadiko Automobilismo Federazioko lehendakaria ere urduri dago lehen probaren atarian. “Urte ona” aurreikusi du. Alde batetik, iaz baino gidari gehiago ariko direlako lehian. Igandeko proban, esaterako, 81 auto lehiatuko dira, eta iaz 50 bat autoren bueltan ibili ziren rallyetako proba gehienetan. “Pandemia urteak oso txarrak izan ziren guretzat, baina orduan lehia utzi zuten pilotu asko itzuli egin dira orain. Horiekin batera, gidari berriak ere hasi dira”, azaldu du presidenteak. “Rallyetarako zaletasun handia daukagu, uste baino handiagoa”, nabarmendu du.

Eta urte ona irudikatu du Gurrutxagak, iazkoa baino egutegi mardulagoa izango duelako. 30 proba ondu dituzte, zazpi modalitatetan. Autokrosa, lurra, mendia, slaloma, sporta, rallyak eta rallysprintak. Proba gehienak Gipuzkoan jokatuko dituzte; bost rallysprintetatik lau, esaterako: Gabiria-Legazpin, Goierrin, Azpeitian eta Eskoriatzan.

GABIRIA-LEGAZPI RALLYESPRINTA

30 “kopuru polita” dela aipatu du Gurrutxagak. “Ez kexatzeko moduko kopurua da”. Azaldu du lehiarako jende berria badagoela, baina antolaketa lanetarako pertsonak falta direla. “Erreleboa falta zaigu. Proba gehienetako antolakuntzako kideak beteranoak dira, eta lan neketsua da”, ohartarazi du. Hain justu, Gabiria-Legazpi rallysprinta antolatzen diharduten Lagun-Artea eta Urraki lasterketa taldeetako kideek laguntza eskatu dute. 25. aldia izango da aurtengoa, eta esan dute gazteak sartu ezean azkena izango dela. “Proba bat antolatzea gero eta zailagoa da. Jende asko behar da, segurtasuna, arlo ekonomikoa…”, azpimarratu du Gurrutxagak.

Proba bakoitzean lortutako postuaren arabera, puntu gehiago edo gutxiago jasoko dituzte pilotuek. Behin modalitate bakoitzeko proba guztiak jokatuta, puntu gehien duena izango da txapeldun. Halaber, modalitate ezberdinak nahasten dituen sei kopa antolatu dituzte aurten. Iazko kopurua bikoiztu egin dute, Gurrutxagak azaldu duenez joan den urtean “arrakasta handia” izan zutelako kopek. Lasterketaren ezaugarriak baino gehiago, beste ezaugarri batzuk hartu dituzte aintzat kopak sortzeko: zilindroak, trakzioa, pneumatikoen marka, adina… Parte hartzeko “pizgarriak sortzea” da helburua, eta, bide batez, babesle gehiagori tokia egitea.

Helburua, “gozatzea”

Etxeberriak buruan ez dauka irabaztea. “Nire helburua da ahalik eta proba gehien bukatzea eta gozatzea”, esan du. “Irabaztea oso zaila da, anbizio handiko jendea dagoelako tartean”. Etxeberria bera ere saiatu izan da iraganean garaipenak pilatzen, baina azken urteetan “lasaiago” hartzea erabaki du. 2001. urtean hasi zen igoeretan lehiatzen, aurretik sei urtean zirkuitu itxietan lehiatu ostean. Ez ditu egutegiko proba denak egingo. Sei proba ditu begiz jota, “gustukoen” dituenak.

Etziko probari dagokionez, Gabiriako Zuazola ingurutik abiatu eta sei kilometro pasako zati kronometratua egin beharko dute gidariek, Atagoitin gora. Hiru txanpa egingo dituzte denera: hemeretzi kilometro. 14:00etan abiatuko da lehen ibilgailua, eta, ondo bidean, sari banaketa 19:00 inguruan izango da, Legazpiko udaletxeko plazan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.