Hausporik gabeko trikitia

Hausporik gabeko trikitia

Irati Saizar Artola

Hausporik gabe trikitiak ez du soinurik ateratzen. Baina Xabier Malbadi trikitilari albizturtarrak triklatua sortu du, hausporik ez duen baina trikiti baten soinua ateratzen duen instrumentua. Otsail amaieran lortu zuen patentea, eta merkaturatzeko bidean da orain.

Instrumentu elektronikoa da. Bere kasa ez du soinurik ateratzen, ez bazaio ordenagailu edo sakelako bat konektatzen. Izenak dioen moduan, eta, Malbadik azaldu duenez, “trikiti eta teklatu baten arteko hibridoa” da. Ordenagailuan idazteko teklatu bat du oinarrian, eta halakoa da itxuraz ere. “Botoi guztiak kendu, eta 3D inprimagailuan egindako beste botoi eta mekanismo batzuk jarri dizkiot, trikitiaren ergonomia eta jotzeko modua mantenduta”.

Hausporik ez duenez, beste mekanismo bat jarri behar izan dio instrumentuari, hauspoaren efektua egiteko: “Ertz batean, malgua den mekanismo bat dauka, eta, bultzatzen diozunean, hauspoa ixten ari zarela jasotzen du”. USB kable bidez sakelako edo ordenagailu bati konektatu, eta programa baten bidez ateratzen du hotsa, trikitiarena edo piano, gitarra edo bestelako instrumenturen batena. “Programa baten bidez, edozein instrumenturen soinua atera dezake, eta efektuak ere jar dakizkioke”.

Orokorrean edozein trikiti jotzearen parekoa dela dio Malbadik: “Trikiti baten botoi berdinak ditu; beraz, jotzeko modua ere bera da. Hauspoaren kontu hori da ezberdintasun bakarra, baina soinua asko jo duenak nahiko azkar hartuko dio neurria honi ere”.

Ohiko trikiti batekin alderatuta, abantailak besterik ez dizkio ikusten Malbadik triklatuari. Batetik, pisua aipatu du: “Soinu normal batek, txikiena izanda ere, bost kilotik gora izango ditu, eta triklatuak kilo erdi bat pisatzen du”. Prezioa aipatu du bigarrenik: gaur egun, 2.000 euro ingurutik gora balio dutela soinuek, “eta triklatuaren oinarrizko modeloa 500 euro inguruan hasiko da”.

Hasteko, “aukera ona”

Triklatua ikasleentzat aproposa izan daitekeela esan du Malbadik: “5 urteko ume bat trikitia jotzeko gogoz badago, berak baino gehiago pisatuko du tresnak, handiegia izango da, hauspoari ere indarra egin beharko dio… Beraz, ikasten hasi edo inbertsio handiegirik egin gabe probatu nahi duenarentzat aukera ona izan daiteke”.

Abantaila horiez gain, partiturak egiteko erraztasuna ere eskaintzen du instrumentu berriak. “Triklatuan zuk jotzen duzuna ordenagailuak partitura batean plasmatzen du”. Eta badu beste aukera bat: triklatuak botoietan argiak izan ditzake. Beraz, partitura bat hartzean, ikasleek euren triklatuetan ikusiko dute notaz nota nola pizten diren botoietako argiak”. Solfeo beharrik gabe trikitia ikasteko beste modu bat izan daitekeela esan du Malbadik.

Oraingoz, beta fasean dago instrumentua. Interesa agertu duten profesional eta irakasleei instrumentua probatzeko aukera eman die, eta, “behin probatuta interesa izanez gero”, saltzeko moduan izango da. Hurrengo hamar urteetarako produktu moduan saltzeko esklusibotasuna izango du Malbadik.

Teklatu bat erosita, hortik aurrerakoa bere eskuekin egiten du Malbadik. Ingeniari elektronikoa da ikasketaz, baina azaldu du txikitatik daukala irudimena lantzeko zaletasuna: “Haurra nintzenetik gustatu izan zait marraztea; artearekin lotura duten gauza guztiek erakartzen naute”. Buruan zerabilkien halako zerbait egiteko ideia, eta, azkenean, iazko ekainean hasi zen guztiari forma ematen. “Horrelako zerbait bururatu, jende askori bururatuko zitzaion; azkenean, bistakoa da idazteko teklatu baten eta trikiti baten antzekotasuna”. Malbadik esan duenez, biak garatu dira hatzen ergonomiarentzako egokiak izateko eta botoiak azkar sakatzeko. “Ideiak ez du misterio handirik, baina orain arte inork ez du garatu”.

Aitaren markarekin

Soinu Txiki markarekin merkaturatuko dute triklatua. Albizturtarraren aitak, Iñaki Malbadik, erregistratutako marka da: “Erretiroa hartzear da aita, eta ez du marka horretako soinurik egiten dagoeneko. Beraz, utzi egin dit”. Aterako duen modeloari IX10 deituko dio, eta horrek ere badu haren aitarekin zerikusirik. “Aitari egindako omenaldi moduko bat da. Ixio deitzen diogu askotan, eta, urrunetik irakurriz gero, hala ematen du”. Bestalde, izenean bederatzitik (IX) hamarrerako (10) salto hori ere irudikatu nahi izan du.

Aurrerantzean badu lana trikitilari albizturtarrak. Eguneroko lana utziko ez duen arren, denbora librean triklatuak diseinatzea eta egitea gustatuko litzaioke.

Leave a Reply

Your email address will not be published.