Inoizko Lilatoirik jendetsuena

Inoizko Lilatoirik jendetsuena

Miren Garate

Markak hautsiko ditu 33. Lilatoiak: 6.000 emakumek eman dute izena, inoiz baino gehiagok. Etzi izango da, Donostian, eta, ohi bezala, bost kilometroko ibilbidea osatuko dute lasterkariek. 10:25ean abiatuko dira esku-bizikleta modalitateko parte hartzaileak, eta 10:30ean gainerakoak. Sari banaketa 11:30ean izango da, eta, ondoren, Lila Potea egingo dute Parte Zaharrean.

Donostiako Atletico kirol klubak antolatu du ekitaldia, aurreko zortzi aldietan bezala. Egunean bertan nahiz aurretik, 250 lagun inguru arituko dira boluntario. Aurtengo euro solidarioa, berriz, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioarentzat izango da.

Hainbat herritan autobusak antolatu dituzte lasterketara joateko. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Renfek ere aparteko tren zerbitzu bat jarriko du joaneko bidaiarako, eta 07:59an abiatuko da Brinkolatik —ez da tren konpainiaren webgunean agertzen, Lilatoiaren sare sozialetan baizik—.

1. ARATZ RODRIGUEZ BILBAO

Iazko irabazlea

“Emakumearen kanona oro har da exijentea, baina kirolean, gehiago”

Iaz, Aratz Rodriguez Bilbao hondarribiar zumaiartuak irabazi zuen Lilatoia. “Esperientzia oso polita izan zen, eta ez bakarrik irabazi nuelako. Iruditu zitzaidan oso giro polita sortzen dela egun horretan emakumeentzat, eta normalean baino gehiago goraipatzen dela emakumeen partaidetza”. Igandean ez du parte hartuko, haurdun dagoelako.

Barrutik ezagutzen du atletismoa, aurten arte federatuta egon baita, 22 urtez. Azaldu du herri lasterketetan emakumeen parte hartzea asko handitu dela azken hamarkadan, baina eliteko atletismoan oraindik ez dela halakorik gertatzen. “23 urtera arte, emakume gehiago federatzen dira Gipuzkoan, baina ordutik aurrera emakumeen beherakada handia izaten da. Eta geratzen direnak oso onak izaten dira. Nolabait esateko, erdi mailakoak direnetan hutsune handia dago”.

Atletismoko pistetan egin dituen urteetan, kezka eragiten dioten beste zenbait kontu ere ikusi ditu. “Emakumearen kanona oro har da exijentea, baina kirolean, are gehiago”. Azaldu du emakumeek berez gizonezkoek baino gantz portzentaje handiagoa izaten dutela. “Eta kirolean, gizonezkoak bezain lirain egoteko, emakume asko naturala den gantz portzentajetik oso urrun egoten dira, horrek ekar ditzakeen ondorio bortitzekin: amenorrea, lesioak, anorexia eta janariarekiko erlazio txarra…”. Atleta gizon zein emakumeen artean, oraindik ohikoak izaten dira zenbait komentario, esan duenez: “Zein fina dagoen neska hau edo bestea aipatzen da, alde batera utzita errendimenduarekin zerikusia duten kontuak”.

Uste du sare sozialek ere ez dutela askorik laguntzen, goi mailako neska kirolari askok argitaratzen duten eduki gehiena beren fisikoari buruzkoa izaten delako. “Hau da, beren gorputza nabarmendu nahi izaten dute, ez kirol errendimendua”. Ez zaio “ulergarria” egiten halakoak gertatzea goi mailakoak ez diren kirolarien kasuan. “Baina norbere kirolean nabarmentzen direnen artean gauza bera gertatzea larriagoa iruditzen zait, eta erakusten du gizartean lan handia dagoela egiteko oraindik”.

Haurdun egonda, azaldu du oraintxe ez dela erabat ondo sentitzen, eta gorputza ez daukala kirol asko egiteko moduan. “Exijentzia minimo bat jartzen diot neure buruari, baina gero gorputzak ez dit laguntzen askotan, eta gorputzari entzun egin behar zaio”. Alde horretatik ere iruditzen zaio emakumeei gero eta gehiago eskatzen zaiela. “Sare sozialetan-eta, ikusten dira emakumeak haurdun eta kirola egiten, eta haurdunaldiaren ostean segituan sasoi betean… Seguru nago emakume askok sentitzen dutela orain nik sentitzen dudana: gorputza ez dutela ondo kirola egiteko”.

Duela urte batzuk, emakume batzuen entrenatzaile izan zen Rodriguez, eta bost kilometroko lasterketa bat prestatzen lagundu zien. “Askok esaten zidaten lotsa ematen ziela bakarrik korrika egitera ateratzeak, inoiz ez zutelako halakorik egin. Hesi horiek gainditzen laguntzen duen egitasmo oro da ona”. Uste du Lilatoiak emakumeei helburu txiki bat jartzen eta motibazioa lortzen laguntzen diela. “Batzuek egun horretan bakarrik egingo dute kirola; beste batzuek aurreko hilabeteetan normalean baino gehiago egingo dute; eta kasurik onenean, kirola eguneroko errutinetan sartuko dute beste batzuek. Edonola ere, garaipen bat iruditzen zait Lilatoia”.

2. MIREN GONZALEZ ETA ANJEL CUERDO
Ordiziako Jakintza ikastolako irakasleak

“Hurrengo urtean berriro atera behar dutela esanez etortzen dira”

LILATOIA

2018an eta 2019an, talderik jendetsuenetan bigarrenaren saria irabazi zuen Ordiziako Jakintza ikastolak Lilatoian, eta hirugarren saria iaz. Aurten ere 117 lagunek eman dute izena taldean, eta talderik handienetakoa izango da. “Polita da saria jasotzera deitzen gaituzten unea, eta pizgarri bat ere bai hurrengo urterako. Baina guretzat garrantzitsuena da ikustea ikasleak parte hartzera animatzen direla urtez urte”, esan dute Anjel Cuerdo eta Miren Gonzalez irakasleek.

Ikasle, ikasle ohi, irakasle eta gurasoek osatu ohi dute Jakintzaren taldea. Ama-alabek nahiz irakasle-ikasleek elkarrekin egin ohi dute korrika, beraz. “Gelan ere saiatzen gara gertuko harreman hori izaten, baina horrelako egitasmo batean elkarrekin parte hartuz, irakasleok kide moduan ikusten gaituzte ikasleek”, azaldu du Gonzalezek. Era berean, hurrengo urterako elkar bultzatu ohi dutela esan du. “Ni neu ere Anjelengatik [Cuerdo] hasi nintzen: ez nuen korrikarik egiten, baina beti esaten zigun animatzeko. Zu animatzen zara, eta gero besteak animatzen dituzu…”.

14 urtetik gorakoek dute Lilatoian parte hartzeko aukera. Gorputz Hezkuntzako irakaslea da Cuerdo, eta adierazi du adin horretako nesken artean “hutsune moduko bat” egon ohi dela kirolean. “Batxilergoan-eta ere saiatzen gara mendi bueltak bultzatzen, txapelketak antolatzen eta abar, hutsune hori egon ez dadin”.

Neskak korrika egitera animatzeko “altxor txiki bat” iruditu zitzaien Lilatoia. Herri mailan bazegoen talde bat korrika aritzen zena; ikasle bat ere entrenatzaile zebilen bere borondatez… “Bururatu zitzaigun nesken talde korrikalari bat sortzea. Entrenamenduak prestatu genituen, eta sari moduan hartu genuen Lilatoia”.

Duela zazpi bat urte atera ziren lehen aldiz, eta taldea zabalduz joan da ordutik. Lasterketak eragin positiboa duela igartzen dute. “Adibidez, kirola egiteko ohitura handirik ez duten batzuei entzuten diezu korrika egiteko geratu direla, eta hori pozgarria da”.

Lilatoiaren bueltan, ikastolan ere giro ona sortu ohi da. “Ez da gauza bera pare bat ateratzea edo 117 ateratzea. Lasterketaren biharamunean ere hurrengo urtean berriro atera behar dutela esanez etortzen dira ikasleak”. Mutilek, berriz, “beraiek zergatik ez” galdetzen dietela esan dute irakasleek. “Goierrin badago kirol giroa. San Silvestre lasterketa, adibidez, oso ezaguna da. Erantzuten diegu lasterketa mordoa dituztela aukeran mutilek ere”.

Etzi, goizean goiz trena hartzeko asmoa dute, 09:15 alderako Donostiara iristeko. Motxilak Gipuzkoa plazan utzi, eta Bulebarrera joango dira, zumba eginez berotzeko. Tarte hori aprobetxatu ohi dute taldeko argazkia ateratzeko. “Eta hortik aurrera, lasterka egin eta ondo pasa”, esan du Gonzalezek.

3. MARGARI GORROTXATEGI

Arrasateko Sasoibide taldeko kidea

“Iaz, ibilbide osoa izugarri hunkigarria izan zen guretzat”

SASOIBIDE

Arrasatetik, 55 urtetik gorako emakumeen talde bat ere joatekoa da etzi Donostiara, Sasoibide taldekoak. “Bederatzi lagun joan ginen iaz, eta aurten 25 izango gara. Esperientzia oso polita izan zen iazkoa”, azaldu du Margari Gorrotxategik. COVID-19aren pandemiaren eraginez, Lilatoia birtuala izan zen orain dela bi urte. Norbere herrian eta oinez egiteko aukera eman zuten antolatzaileek. “Sekula ez zitzaigun okurritu horrelako zerbait egitea, baina modu hartan planteatu zutenez, jolas moduan hasi ginen. Eta igandean Donostiara joan ginen”.

Oinez egiteko aukerarik bazegoen galdetu zieten antolatzaileei, eta baietz esan zieten, ordubeteko tartea zutela. Taldean, 80 urtetik gorako bi kide ere bazeuden, eta horietako batek aurten ere parte hartuko du. “Hango musika, hango emakume pila. Azkenak ginen, baina ibilbide osoa izugarri hunkigarria izan zen guretzat. Denak txaloka; batez ere, 80 urtetik gorako bi emakume horiei. Merezi izan zuen, eta horregatik aurten jende gehiago animatu gara”.

Arrasaten duela bost urte hasi ziren elkartzen Sasoibidekoak. Hasieran, ostegunetan paseoak egiten zituzten herri inguruan, ibilbide lauan. Oraindik ere eusten diote horri, baina, gaur egun, asteazkenetan ere biltzen dira, eta mendi aldera jotzen dute. “Pandemiarengatik hasi ginen mendira joaten, kalean jende asko ibiltzen zelako. Mendian asko ibili gabeak gara, eta irteera suabeak izaten dira normalean, baina ostegunetakoak baino pixka bat gogorragoak”. Talde irekia da, baina Gorrotxategik kontatu du parte hartzen duten ia guztiak emakumeak direla.

Autobusez joango dira igandean Donostiara, eta 10:00ak alderako iritsiko dira. Lasterketa egin ostean, menu bat jango dute taldeko guztiek elkarrekin. “Gero, arratsalde pasa egingo dugu Donostian bertan. Eta handik bakoitza bere etxera itzuliko gara, poz-pozik. Badakigu ondo ibiliko garela, barre asko egingo dugula eta beste esperientzia polit bat izango dela emakumeontzat. Ilusioz beteta gaude”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.