Martetarra solaskide

Badakit ezinezkoa dela halakorik gertatzea, baina eman dezagun Marteko —edo Jupiterko, Saturnoko, Plutongo…— lehengusina, lehengusu, koinata, koinatu edo aspaldiko laguna datorkizula bisitan, eta Lur planetan kontuak nola dauden eta nola dabiltzan azaldu behar diozula, auzoko tabernan, zuk zurito bat, txakolina, kafesnea, te gorria edo dena delakoa eta hark auskalo zer martetarkeria hartzen duzuen bitartean.

Lehenik eta behin, ia seguru, Errusia eta Ukrainaren arteko gatazka aipatu beharko zenioke, horrek, aldez edo moldez, Europa guztiari, AEBei, Txinari eta, azken finean, ia planeta osoari eragiten baitio, batik bat mehatxu nuklear globala lozorrotik esnatu duelako.

Gai delikatua dela esan beharko zenioke delako lehengusina, lehengusu, koinata, koinatu edo lagun estralurtarrari. Hemengo hedabideetan Ukrainaren aldeko jarrera argia nagusitu den arren, Putinen eta Errusiaren deabrutzearekin batera, bestelako ikuspegiak ere badaudelako, hala nola Unai Aranzadi kazetariak —Iker Rincon Morenok Argia aldizkarirako egin dion elkarrizketan— argitasun eta sinesgarritasun handiz azaleratu berri duena. Manikeismo errazak ez duela ia inoiz balio izaten analisi politiko edo geopolitikorako, alegia, eta kasu honetan ere ez, eta ezin zarela lerratu ez Zelenskiren, ez NATOren eta ez Putinen alde, baina, aldi berean, horrek jokoz kanpo eta noraezean uzten zaituela, ondoan duzun estralurtarra bezain estralurtar. Bakezalea zara, izan ere, antimilitarista, baina batzuetan hain mundu militarizatuan jarrera hori inozokeria hutsa ere iruditzen zaizu.

Munduko gainerako gatazkez eta gerrez ere aipamen bat egin beharko zenioke, baina nahiko azaletik, horietako gehienek aspaldiko bide mingotsetatik jarraitzen baitute. Horretaz ere oso informatuta ez zaudenez, esan beharko zenioke palestinarrek eta sahararrek pairatutako zapalkuntzek gertaera eta irudi mingarri eta lotsagarriak sortzen eta munduratzen jarraitzen dutela, mundu osoko immigrante behartu askoren egoerak bidegabea eta tamalgarria izaten jarraitzen duela, badirela munduan geure artean solasgai izatera ere iristen ez diren gerra latz eta gupidagabeak…

Berotze globalaz ere solastatu beharko zenuke, jasangarritasunak edo/eta iraunkortasunak era guztietako txostengintza unibertsalean bereganatu duten presentzia eta nagusitasun erabatekoaz, planeta zaintzeari buruzko kontzientziaren hazkunde esponentzialaz, baina ahaztu gabe esatea, jakina, ez dagoela, txostenetako eta agerraldi publikoetako itxurakeriatik aparte, benetako erabaki estrategiko seriorik arazoari aurre egiteko.

Zer esan genero berdintasunaren inguruan eta euskararen inguruan? Berri gaziak eta berri gozoak izaten ditugula, baina bidegabekeria ugari, eta adi eta ekinean jarraitu beharra dagoela, eta izango dela luzarorako, aurrerapenik txikienak ere sekulako aurkakotasun zitalak sortzen dituelako.

Ez litzake erraza, azken batean, Marteko —edo Jupiterko, Saturnoko, Plutongo…— lehengusina, lehengusu, koinata, koinatu edo aspaldiko lagunari Lur planetaren aktualitatearen berri ematea.

Gainera, edozer gauza azalduta ere, berehala erakutsiko lizuke ez zaudela bera baino informatuago, berari bezain arrotz suertatzen zaizula zeuri mundu arrano hau. Bera bezain estralurtar zarela.

Leave a Reply

Your email address will not be published.