Sormenari behar duen lekua eskainita

Sormenari behar duen lekua eskainita

June Romatet Ibarguren

Debagoieneko Antzerki Plataformak (DAP) lekua egin nahi izan dio sormenari, eta, antzerkia bultzatzeko asmoz, egonaldi artistikoak antolatu ditu Elgetan eta Antzuolan. Antzerkigile profesional eta amateurrentzat sortu dituzte egonaldiak, eta helburu nagusiak dira eskualdean euskarazko antzerki sorkuntza sustatzea eta euskal sortzaileen lana ezagutzera ematea.

Iazko urtarrilean aurkeztu zuten DAP. Taldeko koordinatzaile Amaia Castañeda Urrestarazuk azaldu du “herri nagusietara” mugatuta zegoela sormen eskaintza, eta eurek horregatik eman zutela pausoa. “Ez genuen gelditu nahi oinarrian, eta egonaldiak antolatzea erabaki genuen, jendeak sormen prozesu bat bertatik bertara ezagutzeko”. Iaz egin zituzten lehen egonaldi artistikoak, Debagoieneko Karoi antzerki jaialdian.

Iaz lau proiektu aurkeztu zituzten, eta bakarra hautatu zuten: Eider Sanzen Zainak. Castañedak kontatu du hilabete batean egun jakin batzuetan egin zutela sormen egonaldi hura, Antzuolan. Sanzentzat prozesuan gertatutako guztia “interesgarria” izan zela gaineratu du.

Antzuolako esperientziaren ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Next Generation laguntza jaso zuen proiektuak. Gipuzkoako hiri eremuetatik kanpoko kultur eskaintza zabaltzeko laguntza da. “Sormena zen laguntzaren esparruetako bat, eta apustu handi bat egitea erabaki genuen”.

Aurten sei proiektu hautatu dituzte egonaldi artistikoetarako; Elgetan egingo dituzte lau —gaur bukatuko da lehenengoa, Gasteizko Tranpola antzerki taldearen Bahia Tours proiektua—, eta Antzuolan beste biak. “Elgetako kafe antzokiak aukera asko ematen dizkigu, eta horregatik ari gara egonaldiak bertan egiten”, esan du Castañedak. “Gainera, kafe antzokian bertan lo egiteko leku bat prestatu dugu”. Horri esker, “kontzentrazio handiko egonaldiak” egiteko aukera izango dute antzerki konpainiek.

Lanketa desberdinak

Proiektu bakoitza fase batean dagoela azpimarratu du Castañedak, eta, beraz, egonaldi bakoitza ezberdina izango dela. “Proiektuaren hasiera izaten da batzuetan, eta ideia nagusiak lantzen dituzte halakoetan. Beste kasu batzuetan, ordea, testuak edo agerraldiak lantzen dituzte, edo argia, arropa edo amaierako beste hainbat kontu”. Hasieran, egonaldiak Elgetan bakarrik egitekoak ziren, baina Antzuolan ere tokia eskaintzea erabaki zuten gero.

Aitor Vinagrete Tranpola antzerki taldeko arduradunetako batek azaldu du hogei minutukoa dela euren antzezlana. Krisi garaian girotuta dago. “Noraino eramango gaitu beharrak? Eta murrizketek? Zer egiteko gai gara etorkizuna jokoan dagoenean?…”. Galdera horiei bueltaka ariko dira. Vinagretek gehitu du Josune Velez de Mendizabalek eta biek inprobisaziotik jotzen dutela asko, eta publikoaren erreakzioekin lan egin nahi dutela.

Egonaldiez gain, lehen aldiz Afizioz antzerki amateurraren lehiaketa ere antolatu du DAPek. Bost taldek parte hartuko dute martxoaren 11n Elgetan: Tolosako Katiuska antzerki taldeak (Armiarma), Bermeoko (Bizkaia) Buselektrikue antzerki taldeak (Añenak publikoari), Debako Goaz antzerki taldeak (Bilakatu), DAP Oñati Helduak taldeak (Ez, ez naiz akordaitten) eta Iker Plazaola oñatiarrak (Agur Dramak).

Leave a Reply

Your email address will not be published.