Pieza txikien erakusleiho bat

Pieza txikien erakusleiho bat

Unai Zubeldia

“Euskarazko ikus-entzunezkoen aktibazioan eragitea”. Horixe da Euskaltzaleen Topagunearen helburua, “euskarazko egileen sormena bultzatuz, horien ekoizpen artistikoa gizarteratuz eta euren arteko harreman sarea landuz”. Xede hori buruan zutela sortu zuten Laburbira euskarazko film laburren zirkuitu ibiltaria, 2004an, eta, ondorioz, hogeigarren aldia du aurtengoa. Asteartean egin zuten Gipuzkoako aurtengo lehen saioa, Irungo Amaia kultur zentroan. Beste hiru emanaldi izango dira datorren astean: Hernanin, Elgoibarren eta Errenterian; eta beste hamahiru egingo dituzte apirilaren 4ra bitarte —guztira hamazazpi saio izango dira Gipuzkoan—. Araba, Bizkai eta Nafarroako saioak ere kontuan hartuta, aurten 34 emanaldi izango dira 32 udalerritan.

“Zinema aretorik gabeko herrietan izango dira saio gehienak”, esan du Andoni Urzelai Topaguneko kideak. “Eta hori ere bada Laburbiraren ezaugarrietako bat. Gehienek ez daukate aukerarik euren herrian zinema aretoetara joateko, eta ezta euskaraz sortutako film bat ikusteko ere. Balio erantsi hori dauka egitasmo honek”. Bere txikian, Laburbira euskal zinema industriarentzat “proiektu garrantzitsua” dela uste du Urzelaik. “Sortzaileentzat, azken finean, film laburrena da gerora film luzeak egiteko lehen pausoa”. Galbahea eginda, zazpi film labur proiektatuko dituzte aurten herriz herri. “28 film labur jaso ditugu aurten, eta ez da batere samurra izan zazpi aukeratzea”.

Topaguneko kideak argitu du urtero “iraupenak berak” markatzen duela film laburren aukeraketa, neurri batean. “Film laburren bilduma laurogei bat minutukoa izaten saiatzen gara, eta, horregatik, zazpi-bederatzi aukeratzen ditugu normalean”. Hogei minutuan jarrita daukate film labur bakoitzaren iraupenaren muga. Kalitatea, genero oreka, lurraldetasuna…; horiek ere badira hautaketarako beste irizpideetako batzuk. Lan guztiak aztertuta, aurten ere “kalitate handiko lanak” dauzkatela ziurtatu du Urzelaik.

25 lagun batez beste

Behin zirkuiturako filmak aukeratuta, bi norabidetan aritzen dira lanean Laburbiraren antolatzaileak: “Lehenik eta behin, komunikabideen bidez zabaltzen dugu informazioa, eta Laburbirak ere badauka bere webgunea —Irudienea.topagunea.eus/egitasmoak/laburbira—. Lan hori eginda, bai udalak eta bai elkarteak jartzen dira gurekin harremanetan; kultur elkarteak, euskara elkarteak…”.

Iaz batez beste saio bakoitzera “25 bat lagun” azaldu zirela jakinarazi du Urzelaik. “Interesa badagoela erakusten du horrek”. Topaguneko kidearen ustez, film laburrek ez daukate merkatu erraza gaur egun. “Ez sortzaileentzat, zabalkunderako, eta ez herritarrentzat, ikusteko, ez da samurra. Badaude zinema areto jakin batzuk, baina herritarrek, orokorrean, ez dute izaten aukera askorik film laburrak ikusteko, unibertso horretara sartzeko”.

Aurreko urtean euskaraz ekoitzitakoak dira Laburbirako film labur guztiak. “Lan asko sortzen dira euskaraz, oso maila altukoak gehienak, nahiz eta zinema egitea ez den batere erraza, ez euskaraz eta ez beste edozein hizkuntzatan. Baliabide asko behar da, eta finantzaketa”. Urtez urte euskaraz sortzen diren film laburren kopurua “hazten” ari dela azpimarratu du Urzelaik. “Hizkuntza gutxituei dagokienez, ez gaude Kataluniaren pare, noski, baina mugimendua badago”.

Laburbirak ohi duen moduan, hainbat herritan saioak ez dira mugatuko zazpi film laburrak eskaintzera; Usurbilen —martxoaren 19an— eta Antzuolan —martxoaren 26an—, esaterako, zuzendari banarekin hizketan aritzeko aukera egongo da emanaldiaren amaieran. Leire Egaña izango da Usurbilen, eta Iulen Arana Antzuolan —Irunen ere Aranarekin solasean aritu ziren asteartean, saioaren amaieran—. “Laburbira bera, bere horretan, ez da garrantzitsua”, azpimarratu du Urzelaik. “Egitasmoak ahalbidetzen duena da garrantzitsua: herritarrei film laburrak ikusteko eta egileei erakusteko aukera eskaintzea”.

Zuzendari gazteen aukera

Koadro goriari heldu lana ondu du Iulen Aranak (Irun, 1996), eta gogotsu dago bere lana jendaurrean erakusteko. Donostiako Intxaurrondo auzoko Larrotxene kultur etxean sortutakoa da film labur hori. “Urtero, film labur asko ekoizten ditugu Larrotxenen. Ikastaroak izaten dira; Pablo Malok ematen ditu zuzendari ikastaroak, eta Mitxel Gaztanbidek eta Andoni de Carlosek gidoilari ikastaroa. Oso irakasle onak dira denak”. Zuzendari ikastaroa egin zuen Aranak, eta amaierako film laburra zuzentzeko aukeratu zuen Malok. “Orduan aukeratu behar izan nuen gidoilari izateko ikastaroko gidoi bat, Asier Duranena. Pixka bat moldatu, eta horrela sortu genuen film laburra”.

Herminia da haren film laburreko protagonista, 91 urteko andre bakartia. Egoitza batean bizi da, eta ez dauka inorekin harremanik… zentroko langile bat harengana hurbiltzen saiatzen den arte. Gidoi horri tiraka landu du Aranak film laburra. Itziar Aizpuru, Horacio Ubiria, Olatz Beobide, Maitane Aldako, Luis Fernandez eta Puri Urretabizkaia dira aktoreak, eta Josu Alvarez zuzendari laguntzailea. “Zorte handia izan dugu aktoreekin. Haiekin hitz egin, gure asmoen berri eman, eta azkar eman ziguten baiezkoa”.

Aurretik ere film laburrak egindakoa da Arana. “Baina maila baxuagokoak izan dira den-denak. Nire kamerekin grabatzen nuen dena, lagunak aritzen ziren aktore lanetan, nire arreba ere bai, aktorea delako…”. Lantalde handi batekin eta horrelako materialarekin aritu gabea zen, ordea. “Oso esperientzia ona izan da”, ziurtatu du. “Akatsak eginda, baina asko ikasi dugu. Oso aberasgarria eta gozagarria izan da prozesu guztia”.

Zirkuituen beharra

Laburbira gisako zirkuituak eurentzat “zoragarriak” direla esan du Aranak. “Euskal Herriko hiri eta herri askotan gure sormen lana erakusteko aukera emango digu, eta oso pozik gaude”. Horrelako zirkuituak “beharrezkoak” direla uste du irundarrak. “Eibarren ere aukeratu zuten gure lana, Donostiako Begiradak jaialdian ere bai… Pozgarria da egin dugun hori erakutsi ahal izatea; aurrera egiteko indarra emango digu”. Apirilean hasiko dira hurrengo film laburra grabatzen: Determinadak. “Gero eta lan txukunagoak egin nahi ditugu”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.