Futbol zelaiak, istiluen testigu

Futbol zelaiak, istiluen testigu

June Romatet Ibarguren

Haur eta gazte asko aritzen dira futbolean, eta Gipuzkoako futbol zelaiak asteburuero etxeko eta kanpoko taldeekin betetzen dira, baita jokalariak animatzera joaten diren ikusleekin ere. Animoak, ordea, irain bihurtzen dira batzuetan, eta liskarrak sortzen dira harmailetan. Manu Diaz Gipuzkoako Futbol Federazioko lehendakariak esan du normalean ez dela hala izaten, baina Gipuzkoa osoko futbol zelaietan “maiz” gertatzen direla halako egoera batzuk.

Azken asteotan oihartzuna izan du Aretxabaletako Kirol Elkarteak martxo hasieran zabaldu zuen komunikatu batek. Klubak azaldu zuen gazte batzuk iskanbila sortzeko asmoz joaten direla partidak ikustera, eta kluba egoera hori kudeatzeko zailtasunak izaten ari dela batzuetan. Diazentzat, ordea, albistea ez da berria: “Asteburuero hirurehun norgehiagoka inguru jokatzen dituzte Gipuzkoan, akta bat jasotzen da partida bakoitzean, eta akta horiek guztiak aztertzen ditugu. Edozein iskanbila dagoenean, beraz, informazioa izaten dugu guk”.

MANU_DIAZ

Asteburu bakoitzean “hiru edo lau iskanbila arin” izaten direla aitortu du Diazek, baina hori ez dutela inoiz ezkutatu nahi izan; errealitate bat dela esan du, eta ez ezkutatzeak, agian, “etxe bakoitzean lanketa bat egitea” ekar dezakeela azpimarratu du. “Nabarmena izan da Aretxabaletako kasuak orain izan duen oihartzuna, haiek zabaldu dutelako, baina argi izan behar dugu ez dela han bakarrik gertatzen”.

Ideia horrekin bat egin du Agurtzane Elkoro Aretxabaletako Kirol Elkarteko lehendakariak, eta gehitu du arazo gehienak pandemiaren garaian hasi zirela, konfinamendutik atera eta partidak jokatzen hasi zirenean. Diazek azaldu duenez, konfinamenduaren ondoren, tarte batean tabernek goiz itxi behar zutenez, eta futbol partidak irekiak zirenez, gazte asko hasi ziren partidak ikustera joaten, eta horietako batzuk hasi ziren istiluak sortzen. Elkororen ustez, Aretxabaletan ere antzeko egoera batek eraman ditu gazte horiek gaur egungo egoerara. “16-20 urte arteko gazteak dira gurean iskanbilak sortzen dituztenak; herrikoak dira, eta, gainera, gizonezkoen gazte mailako Euskal Ligako partidetan bakarrik gertatzen dira iskanbila horiek”.

Kanpoko partidetan ere bai

Aretxabaletan kezkatuta daude gertaerekin, baina, Elkororen ustez, gizartea bera dago gaixo: “Irainak oso gogorrak izaten dira; marikoi esaka bati, adoptatua dela oihuka beste bati, itxura fisikoarekin ere sartzen dira beste batzuetan… Jarrera onartezinak dira”. Aurkarien taldeko jokalariak iraintzeaz gain, epailea ere tartean sartzen dutela gaineratu du Elkorok. Aretxabaletako bertako norbaitek kargu hartu eta isiltzeko eskatuz gero, berriz, horiekin ere “istilu bila” ibiltzen direla azaldu du.

AGURTZANE ELKORO

Hasieran, Aretxabaletako futbol taldearen zelaian bakarrik egoten zen gazte talde hori, Ibarran, baina, pixkanaka, kanpoko partidetara joaten hasi ziren, eta leku horietan ere giro txarra sortzen. Egoera “jasangaitza” dela esan du Aretxabaleta Kirol Elkarteko lehendakariak, baina arazoa ez dela haiena bakarrik: “Beste zelai askotan ere horrelako egoerak sortzen ari dira. Joan den astean, adibidez, Elgoibarko gurasoak hasi ziren horrelako irainak esaten; ez ziren gazteak izan”, dio Elkorok. Azpimarratu du lanketa “etxeetan” egin beharrekoa dela, baina gurasoek horrelako jarrera badaukate zaila dela gazteei jarrera desegokiak erabat kentzea.

Horrelako gertaerak ikusita, zigorrak jartzen ditu Gipuzkoako Futbol Federazioak; isunak, adibidez. Diazek adierazi du iskanbila sortu duena identifikatzen ez dutenean klubei jartzen dizkietela isun horiek, baina, identifikatzen direnean, liskarrak sortu dituzten haiek zigortzen dituztela. “Erasotzailea zein izan den identifikatuta badago eta talderen bateko jokalaria bada, jokalari horri partida batzuetarako zigorra jartzeko aukera dago. Bestelako kasu gehienetan, klubarentzat izaten da isuna”. Hain zuzen ere, Aretxabaletako Kirol Elkarteak ordaindu behar izan ditu jada isun batzuk. Aurreko denboraldian, 250 euro inguru ordaindu behar izan zituen klubak, eta denboraldi honetan 550 eurora iritsi dira jada.

Herrian sare bat sortzen

“Niri berdin zait zenbat isun iristen diren; niri inporta zaidana da egoera honi buelta ematea eta jendeak honi merezi duen garrantzia ematea”, aitortu du Elkorok. Gaur egun, Aretxabaletan bertan taldeen, gurasoen, udalaren eta beste hainbat kideren artean sare zabal bat sortzen saiatzen ari direla gaineratu du klubeko buruak, lan horren bidez “kontzientzia sortzeko”.

Prozesu hori “mantsoa” dela esan du Elkorok, baina, “pixkanaka bada ere”, aurrera egiten ari direla. “Lanketa asko egin ditzakegu federaziotik eta klubetatik, baina etxean hasi behar dugu gazte horiek guztiak hezten”, gehitu du Diazek. Bakoitza den bezalakoa izanda ere, “edukazioa eta enpatia” beharrezkoak direla azpimarratu du federazioko presidenteak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.