“Hemen ere zaurgarritasun handia dago; horiengana iritsi nahi dugu”

“Hemen ere zaurgarritasun handia dago; horiengana iritsi nahi dugu”

Kerman Garralda Zubimendi

1988an hasi zen Jose Luis Peña (Zumarraga, 1972) Gurutze Gorrian boluntario moduan lanean, Urola Garaiko lokalean, eta zuzendariordea izan da 2019tik. Iazko urrian hartu zuen zuzendari kargua, eta “etengabeko ikaste prozesuan” dagoela aitortu du. Industria arloko enpresa batean lan egiten du, eta denbora librean aritzen da Gurutze Gorrian.

Ehun egun pasatu dira Gipuzkoako Gurutze Gorriko zuzendaritza hartu zenuenetik.

Azkar pasatzen da denbora. Ordu mordoa sartu ditut bulego honetan [Gipuzkoako Gurutze Gorriaren Donostiako egoitzako zuzendariaren bulegoan], baina guk taldean egiten dugu lan, bereziki. Hamasei lokalek osatzen dute Gipuzkoa osoko batzarra, eta horiekin guztiekin trukatzen ditugu esku artean ditugun kezka eta gai guztiak.

Garrantzitsua da taldean lan egitea?

Gipuzkoako Gurutze Gorriko zuzendaritza lanak boluntarioak dira. Eta, boluntarioak diren heinean, aisialditik eskaini behar zaio denbora. Eskertzekoa da denbora librea familiari edo zaletasunei eskaini beharrean erakundeari eskaintzea eta ardurak hartzea.

Zein da zuk gidatzen duzun zuzendaritza taldearen misioa?

Oso erraza da: gipuzkoarrengandik gertu egotea eta beharra dagoen guztietan laguntzea. Egia da oso aurreratuta dagoen lurraldea dela gurea, eta ez dagoela beste lurralde batzuetan egon daitekeen behar sozialik, baina hemen ere zaurgarritasun handia dago; horiengana iritsi nahi dugu. Eta ondo lan egin. Jendearengandik gertu egotea eta ondo lan egitea dira gure nortasun zeinuak.

Zer helburu daukazue aurten?

Bakardadeari aurre egitea izango da aurtengo helburua. Hasi gara esparru horretan eragiten, eta ea instituzioen arteko aliantzak lortzen ditugun, eraginkortasunez lan egiteko. Esku hartzeak egitea baino gehiago, prebentzio lanak egitea dagokigu guri. Prebentzioari esker, gero esku hartzerik behar ez izatea lor dezakegu. Gipuzkoar askok bakarrik igarotzen dute eguna, eta bakarrik sentitzen dira. Eta ez dira adinekoak soilik; adingabeei ere eragiten die. Bakardadeak kalte egiten dio buru osasunari, eta suizidioekin arazo serioa dugu.

Helburuak lortzen ari zarete? Hobetu daiteke?

220 teknikari, 3.300 boluntario eta 19.000 bazkide baino gehiago ditugulako lortzen ditugu helburuak. Udalekin, foru aldundiarekin, Jaurlaritzarekin, Espainiako Gobernuarekin… ere baditugu lankidetzak. Gurutze Gorria jasangarria izan dadin, beharrezkoa da guztien giza laguntza eta laguntza ekonomikoa.

Nolakoa da Gurutzeko Gorriaren parte diren pertsonen soslaia?

Emakumezkoak dira boluntario eta teknikari gehienak. Adina, berriz, jardueraren araberakoa da: boluntario gazte gehiago ditugu sorospen eta larrialdi gaietan, eta helduagoak arlo sozialean. Helduagoak, baina ez soilik helduak. Adin ertaineko boluntario talde garrantzitsua dugu, eta horiek etorkinen kolektiboarekin lan egiten dute nagusiki.

Gero eta boluntario gehiago dituzue?

Boluntariotza krisialdian dago, eta krisialdi hori pairatzen ari gara gu ere, baina une garrantzitsu eta dramatikoetan erantzuteko gaitasuna dugu. Pentsa, pandemiak eztanda egin zuenean, hamabost egunean seiehun boluntario berrik jo zuten guregana.

Boluntario gazteak ere badauzkazue?

Gurutze Gorriak badauka gazteen saila. Gure harrobia da. Oso adar garrantzitsua da, ezinbestekoa baita etorkizuna bermatzeko.

Zenbat jenderi ematen diozue laguntza?

Aurten 3.000 pertsona baino gehiago artatu ditugu jada, eta 11.000 erantzun baino gehiago eman ditugu. Hor, hala ere, posible da pertsona bakarrari erantzun bat baino gehiago eman behar izatea, osasun, integrazio edo lan arazoak dituelako.

Egungo boluntario sarea nahikoa da eskari guztiari aurre egiteko?

Ez dut ukatuko boluntario gehiago eduki nahiko genituzkeela. Garai zehatzetan, pandemian adibidez, gipuzkoarren erantzuna bikaina izan zen, baina egunerokoan boluntario gehiago behar ditugu. Erakundearen ateak irekita daude guztientzat. Egunean bi ordu, astean bi ordu, hilabetean bi ordu…, bakoitzak ahal duenarekin lagundu dezala. Ongi etorria izango da.

Titulurik edo prestaketa berezirik behar al da zuekin aritzeko?

Eremu batzuetarako beharrezkoa da gutxieneko ezagutza bat, baina, babesa eta maitasuna eskaintzeko, bihotza eta denbora librea besterik ez dira behar.

Onuragarria litzateke boluntario sarea profesionalizatzea?

Profesionala izateak ez du esan nahi soldatapekoa izatea. Egia da ardura handia hartzen duenak izan behar duela konpentsazio ekonomiko bat, baina ahal duen neurriko ardura hartzen du boluntarioak. Oso profesional onak dira gureak. Osakidetzaren parte diren medikuak ere badauzkagu boluntarioen artean, euren denbora librean laguntzera etortzen direnak: mediku lanak egiten dituzte, profesionaltasun osoz, baina konpentsazio ekonomikorik gabe. Eta, noski, baditugu soldatapekoak diren lanpostuak ere, teknikoak, Gurutze Gorriak behar bezalako zerbitzua emateko beharrezkoa delako euren dedikazioa erabatekoa izatea.

Zuzendariaren postua ere boluntarioa da?

Boluntarioa naiz, bai. Gipuzkoako Gurutze Gorriko zuzendaritza osoa da boluntarioa: zuzendaria, zuzendariordea, lokaletako ordezkariak… Zuzendaritza politiko osoa da boluntarioa. Estatutuetan hala jasota dugu, gainera.

Gurutze Gorriaren tamainako etxe bat gidatzeak ez al du eskatzen erabateko dedikazioa?

Ardura handia da. Pertsona bakarrak ezin du bere gain hartu Gurutze Gorriaren pisua, eta taldean lan egiten dugu. Zuzendari bat dugu: ni neu. Bi zuzendariorde: Jon Anduaga eta Felix Zubia. Eta lokal bakoitzeko arduradun bat. Horiek ateratzen dituzte babak heltzetik egunero. Eremuz eremuko erreferenteak ere zuzendaritzako kide dira.

Osasuna, integrazioa, lana… Zer esparru lantzen dituzue?

Ingurumena, kooperazioa, sorospena eta larrialdiak, erreskateak, gizarteko esku hartzea, osasuna, hezkuntza,… Adar asko ditugu, baina gure eragina mugatua da. Eta hala izan dadin nahi dugu, ez garelako espezialistak.

JOSE LUIS PEÑA
Gurutze Gorrian lanean. Jose Luis Peñak urteotan ez du alboratu sorospen eta larrialdi lanetako boluntario lana. Irudian, iazko Behobia-Donostia lasterketan —ezkerretik bigarrena da Peña—.

Gizarteak aitortzen al du Gurutze Gorriaren lana?

Zenbakiek erantzuten dute: hainbeste boluntario eta bazkide baditugu eta hainbeste erakundek aintzat hartzen bagaituzte, positiboki hartzen gaituztela esan nahi du. Hala ez balitz, gizartea ez litzateke fidatuko gurekin, ez liguke kuota bat ordainduko… Gizarteak sostengatzen du gure lana, eta 150 urte baino gehiago daramatzagu Gipuzkoan. Beste horrenbeste egiteko prest gaude.

Zu nolatan hasi zinen Gurutze Gorrian lanean?

1988an hasi nintzen, Urola Garaiko lokalean. Larrialdien esparrua gustatzen zitzaigun lagun batzuk animatu ginen, eta horrela hasi ginen. Duela urte batzuk, hauteskundeetara aurkeztu zen lantalde baten parte izatea eskaini zidaten, eta zuzendariorde izan naiz 2019tik. Urrian kargua utzi behar izan zuen ordura arteko zuzendariak, eta ni aukeratu ninduten proiektua gidatzeko.

Zer ikasi duzu Gurutze Gorriarekin?

Etengabeko ikaste prozesua izan da. Gauzak gehiago baloratzen ikasi dut. Egoera zailak bizi izan ditut, eta pentsarazi egiten dizu horrek. Beste leku batzuekin alderatuta Gipuzkoan ez gaudela hain gaizki ere ikasi dut.

Nolakoa da zure eguneroko lana?

Ez daude bi egun berdin. Industria arloko enpresa batean egiten dut lan, eta familia bat daukat. Ahal dudanetan etortzen naiz Donostiara, eta, ezin dudanetan, telefono edo ordenagailu bidez elkartzen gara. Estresa? Batzuetan izaten dira gora eta behera ibili beharreko egunak, baina niretzako denbora ere izaten dut, eta hori ona dela uste dut. Zuzendariak jakin egin behar du bere ardurak zeintzuk diren, baina ez du izan behar karguaren esklabo. Gainera, hemen inor ez da ezinbestekoa. Ni gabe ere Gurutze Gorriak aurrera egingo luke. Hobeto ere bai, agian.

Beharra dutenengandik gertu egoteko aukerarik baduzu?

Nire herrira, nire lokalera itzultzen naiz bulegotik irtendakoan. Egia da nire lokalari ez diodala eskaintzen lehen bezainbeste denbora, baina, ahal dudanetan, han egoten naiz. Beste lokalekin ere saiatzen naiz ahalik eta harremanik estuena izaten. Presidenteak ez du perspektiba galdu behar, eta une oro jakitun izan behar du boluntarioek osatzen dutela bizkarrezurra. Zuzendariak toki guztietan egon ezin duenez, hor dago taldea.

Nahiago duzu kaleko lana bulegokoa baino?

Guri jendearengandik gertu egotea gustatzen zaigu gehien; azken finean, hor sortzen baitira arazoak. Baina norbaitek hartu behar izaten du gidaritza, eta guri tokatzen zaigu. Oinarritik gatoz gehienak, ez gara zerutik erori, eta lurralde mailako zikloa amaitzean tokiko lanera itzuliko gara.

Ekainean egingo dituzue Gurutze Gorriko hauteskundeak. Ez zara aurkeztuko?

Hamabost egun barru hartuko dugu erabakia. Gustura gaude, baina taldeak baloratu egin behar du hautagaitza proposamena. Abantaila bat eta desabantaila bat ditu gure taldeak: ez dago botere goserik. Oso abantaila ona da lanerako, baina ez dago argi azken hitza nork izango duen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.