Hitzaren eta sentimenduen neurrian

Hitzaren eta sentimenduen neurrian

Unai Zubeldia

Sentimenduen hitzezko azaleratze bat da poesia, genero literario bat. Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak egun bat ere izendatu zion hizkuntza poetikoari: martxoaren 21a. Eta, hain zuzen ere, Donostia Kulturak egun horren jiran antolatuko du aurten ere, bosgarren aldiz, Poesialdia, Donostiako Poesiaren Astea. Astelehenean hasiko da, martxoaren 20an, Gu gabe ere. Biharamunean Itziar Ugarte eta Mikele Landaren hitz eta irudi bidezko errezital poetikoarekin. Eta martxoaren 27an amaituko da, Luisa Etxenikek Mircea Cartarescu errumaniarrari egingo dion zuzeneko elkarrizketarekin —esan osteko itzulpena egingo dute, gaztelaniara—.

Zazpi saio astebetean, erabat doan; gaur 11:30etik aurrera jaso ahal izango dira gonbidapenak, Viktoria Eugenia antzokiko txarteldegian edo sarean, eta Ernest Lluch kultur etxeko txarteldegian; bakoitzak bi gonbidapen jaso ahal izango ditu gehienez. Lau emanaldi euskaraz izango dira, eta hiru gaztelaniaz.

Elena Oregi Donostia Kulturako liburutegi nagusiko arduradunaren hitzetan, “poesiaren irakurketa zabaltzea” da Poesialdiaren helburu nagusia. “Alde horretatik, garrantzi handia dauka poesia lehiaketak ere. 35 urtetik beherako sortzaileei bidea errazteko saiakera bat da lehiaketa hori, Donostia Kulturak eta Balea Zuria argitaletxeak elkarlanean sortutakoa”. Pandemia tarteko, aurten bosgarren urtea izango du Poesialdiak, eta seigarrena poesia lehiaketak, 2020an lehiaketa egin ahal izan zutelako. Asteartean egingo dute sariak banatzeko ekitaldia, martxoaren 21ean, liburutegi nagusiko Mandasko Dukearen aretoan, 12:00etan. Hamabi lan jaso dituzte aurten, eta ekitaldian jakinaraziko dituzte irabazlearen izen-abizenak.

Lehiaketa horren garrantziaz jabetzeko, Oregik azpimarratu du aurreko urteetako irabazleetako batzuek hainbat liburu argitaratu dituztela gerora. “Adibide modura, Elena Olabe [Durango, Bizkaia, 1997] finalista izan zen 2019an, Zeldak poemarekin, eta iaz Keinura itzuli liburua argitaratu zuen Susarekin. Lizar Begoña [Sopela, Bizkaia, 1996], berriz, irabazle izendatu zuten 2020an, Aro beilegia lanarekin, eta iaz Gepardo japoniarrak lana kaleratu zuen Susarekin. Poesia lehiaketa abiapuntu izaten da batzuentzat, eta pozgarria da hori”.

Sare bat sortuta daukate

Viktoria Eugenia antzokiko Club aretoa, Ernest Lluch kultur etxea eta liburutegi nagusia elkargune bihurtuta, Poesialdia “pixkanaka indartzen” ari dela ziurtatu du Oregik. “Bila genbiltzan hori aurkitu dugu aurten, nahiz eta Mircea Cartarescu idazle errumaniarraren elkarrizketa azken egunera mugitu behar izan dugun agenda kontuengatik”.

Horrelakoetan, kontratazio lana “bi norabideko ariketa” izaten dela zehaztu du Donostia Kulturako liburutegi nagusiko arduradunak. “Argitaletxeekin harreman zuzena dugu guk, Euskal Idazleen Elkartearekin ere bai… Sare bat sortuta daukagu; batzuetan, gu joaten gara sortzaileen bila, eta, beste batzuetan, sortzaileak eurak etortzen dira gugana”. Azken multzo horretan sartu du Itziar Ugarte idazle eta kazetaria, adibidez. “Ederra da haren Gu gabe ere liburua, eta baita Mikele Landarekin sortu duen ikuskizuna ere. Jendeak badu gogoa halako proposamenak ikusteko eta entzuteko”.

Narratiba normalean “errazago” irakurtzen dela onartuta ere, jendeak poesia ere irakurtzen duela ziurtatu du Oregik. “Idazle gazteen poesia, batez ere. Horiek badauzkate euren irakurleak”. Poesia liburuak “atseginak” direla uste du Oregik. “Narratiban, hasi eta bukatu egiten duzu liburua, baina poesia atsegina da tarteka zatiak, piezatxoak irakur daitezkeelako. Nerabe askok idazten dute poesia, gainera; abestietan ere ikusten dira poemak… Badauka presentzia geure egunerokoan”. Donostian Poesia eta pentsamendua jardunaldiak ere egiten dituzte ekainean, eta Poesia Orduak irailean.

Larburu eta Gorrotxategi

Aurtengo Poesialdia jaialdiko euskarazko saioetako batean ariko da Maite Larburu, asteartean, eta Aritz Gorrotxategi beste batean, asteazkenean. Asteartean, Soneto bat irakurtzeko 20 modu emanaldian, abeslari eta biolin jotzaile gisa parte hartuko du Larburuk, Harkaitz Cano idazlea eta Beñat Barandiaran gitarra jotzailea ondoan dituela.

Larburuk estreinakoa izango du Poesialdian, eta “gogotsu” dago haien sormen lana erakusteko. “Nik asko maite dut poesia, lotura handia daukat poesiarekin, eta ederra da poesiaren inguruko egunak ospatzea”. Musikariak onartu du ez dela erraza poesia kantu bihurtzea. “Olerkiak askotan neurri eta erritmo jakinak izaten dituelako. Baina niri asko gustatzen zait erronkei aurre egitea”. “Kantu neurrigabeak edo hautsiak lantzea” gustatzen zaio Larbururi. “Azken batean, hitzak musika bihurtzea eta musikari hitza jartzea”.

Astearteko emanaldirako “lanketa handia” egin dute Larburuk, Canok eta Barandiaranek. “Oso idazle musikazalea da Harkaitz [Cano], eta ezagutu ere hala ezagutu nuen nik, irakurraldi musikatu batean, 15 urte nituela”. Canoren idazteko moduan bertan musika txertatuta dagoela uste du. “Oso musikagarriak dira haren hitzak: asko daukate musikatik, eta sonoritatearekin jolasean aritzen da beti”. Pozaren erdia liburua (Susa, 2022) izango du oinarri Soneto bat irakurtzeko 20 modu emanaldiak. “Baina pozaren erdia eta gorputzaren erdia musikan izaten ditu beti”.

Aspaldiko lagunak dira biak. “Eta ideia asko trukatzen ditugu”. Bidearen zati bat eginda, hirugarren euskarriaren bila hasi ziren, eta orduan topo egin zuten Beñat Barandiaranekin. “Oso polita izan da prozesua. Oso langilea, irekia eta esperimentuzalea da Beñat, eta gauzak oso natural atera zaizkigu”.

Gorrotxategi, bestalde, martxoaren 22an ariko da, asteazkenean, eta hiru diziplina elkartuko ditu Itsas hariak ikuskizunean: “Poesia, harizko musika eta ilustrazioa”. Pello eta Nora Otxoteko aita-alabak eta Nerea Azkona harpa jotzailea izango ditu ondoan. “Pellok badu itsasoari buruzko liburu bat, Itsas bizimina [Balea Zuria, 2019], eta nire azken bi lanek ere lotura handia dute itsasoarekin: Amua-k [Elkar, 2019] eta Uda betea-k [Elkar, 2022]. Bi liburu horiek abiapuntu gisa hartuta eta itsasoari lotuta zerbait egin behar genuela esaten ari ginen azkenaldian”. Nerea Azkona harpa jotzaile donostiarrarekin topo egin zuten bidean, eta Nora Otxoteko gehitu zuten azkenik, txelo jotzaile gisa.

Hitzetatik irudiak sortzen

Balea Zuria argitaletxeko kide dira Gorrotxategi eta Pello Otxoteko. “Argitaletxean, Imanol Larrinaga durangarrak egiten dizkigu normalean ilustrazioak, eta ikuskizuna borobiltzeko haren margolan batzuk erabiltzea bururatu zitzaigun, erronka beste koska bat igota”. Larrinagak “poemek iradokitzen dioten horren arabera” egiten ditu margolanak normalean. “Hitzari irudia jartzen dio: oinarri literario hori hartzen du”.

“Elkarlanean” igaro dituzte azken asteak. “Uztarketa lanean, musikaren eta hitzaren elkarrizketan”. Gorrotxategiren aburuz, “poema literarioagoak” dira Otxotekorenak. “Pelloren poemetan, usaindu egiten da itsasoa; nireak poema fisikoagoak dira: ukitu egiten da itsasoa. Itsasoa ulertzeko modu horrekin ere jolasten gara ikuskizunean”.

Poesiaren zaleei eta hain zale ez direnei Poesialdira joateko gonbita egin die Gorrotxategik. “Sentsazioetan oinarritzeko eskatuko nieke, libre joateko. Ez dezatela pentsatu hainbeste zer mezu ezkutatzen duen poetak; disfruta dezatela poemarekin, kadentziarekin, irudiekin, mezuekin… Modu askean interpreta ditzatela poemak, eta norberak bere egin dezala poema bakoitza”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.