Tolosa eta Ukraina, gertu

Tolosa eta Ukraina, gertu

Irati Saizar Artola

Bika Adamovitx ukrainarra 8 urte zituela etorri zen lehen aldiz Euskal Herrira. Chernobil elkartearen bidez, Tolosako familia batek hartu zuen harreran, eta ordutik, udaro bisitatu du hemengo familia. Tolosan da egunotan, Adamovitx protagonistatzat daukan Bikaren itzulera: Ivankivera bidaia, errusiar okupazioaren ondoren izeneko erakusketa zabalduko baitu gaur Ura Iturralde argazkilari tolosarrak, Tolosako Aranburu jauregian.

“Ez dakit patua edo zortea izan zen, baina Tolosako familia batengana joateko hautatu ninduten, eta handik hasi zen Tolosarekin lotutako nire istorioa”, kontatu du Adamovitxek. Ordutik bi familia dituela dio: “Bata, han; eta bestea, hemen”. 26 urte beteko ditu aurten, eta adinez nagusi egin zenetik, bere kontura etortzen da familia bisitatzera.

Duela sei urte ezagutu zuen Ura Iturralde argazkilaria, Tolosan bertan. “Bikaren Tolosako ahizpa, Nahia, nire kuadrillakoa da, eta duela sei urte aurkeztu zidan”. Iazko otsailean, Errusiak Ukrainaren aurkako erasoa hasi zuenean, Tolosako familia “kezkatuta” ikusi zuen Iturraldek. “Hemengo familiak asko lagundu zidan, handik ateratzeko eskatzen zidaten, baina han gelditzea erabaki nuen”, esan du Adamovitxek. Ivankiv eskualdekoa da jaiotzez, baina Kieven bizi da egun, bikotekidearekin.

Iazko irailean, argazki kamera hartu, eta Ukrainara abiatzea erabaki zuen Iturraldek, eta, bide batez, Adamovitx bisitatzea. “Krakoviatik [Polonia] Lvivera [Ukraina] iritsi, eta harrituta geratu nintzen: kontzertuak zeuden kalean, txu-txu tren turistikoa beteta pasatzen zen… Oporretan nengoela zirudien. Lasaitu egin nintzen”, dio tolosarrak. “Noski, jendeak ahal duen bitartean bizi egin behar du, eta hala egiten dute”. Kontatu du sirenak jo zuela behin, eta inor ez zela bere lekutik mugitu. “Militarrek kafea hartzen jarraitu zuten”. Kievera iritsita, egoera “aldatu” egin zela du gogoan argazkilariak: “Askoz militar gehiago zegoen, eremuak itxita zeuden, sirena gehiago entzun nituen…”.

Adamovitxek dio “ohitu” egin behar izan dutela bizimodu horretara, “zoritxarrez”. “Sakelakoan aplikazio bat daukagu, eta orain badakigu zein sirena den benetan arriskutsua eta zein ez”. Edozein erasoren inguruko ohartarazpenak ematen dizkie aplikazioak: “Misilen bat jaurtitzen badute, badakigu zer ordutan iritsiko den eta zein hiritara; beraz, prestatu eta babeslekuetara joateko denbora izaten dugu”. Babeslekuak, normalean, lurpeko aparkalekuak edo metroa izan daitezke. Adamovitxek azaldu du beharra izan duenetan etxe ondoan duen lurpeko aparkalekura joan izan dela.

Orain, gerran urtebete pasatu duten honetan, beste begi batzuekin ikusten du egoera, baina “asko” sufritu duela dio ukrainarrak. “Gerra hasi eta berehala, hilabete baino gehiago pasatu nuen nire familiaz ezer jakin gabe, estaldura faltagatik; eta, gerrako lehen bi asteetan, etxeko sarreran egiten nuen lo bikotekidearekin, lurrean, ur beroarekin betetako botilaz inguratuta, gure logelak leiho handiak zituelako, babestearren”.

Eguneroko bizimodua aldatu zela ohartu zenean egin zuen lehen aldiz negar gerragatik: “Bonbardaketak entzuten genituen, baina ez ginen konturatzen gertatzen ari zenaz supermerkatura joan nintzen arte: erdi hutsik topatu nuen, eta orduantxe jabetu nintzen benetan bizitza aldatu zitzaigula, gauza txarren bat gertatu zela”.

Argazki bidez jasota

Hogei egun egin zituen Iturraldek Ukrainan, irailean. Kieven egun batzuk egin ostean, Ivankiv eskualdea bisitatu zuen, Adamovitxekin batera. “Nik ez nuen gerra eremurik nahi istorioak kontatzeko; profesional mordoa ari da horretan. Nik Bikaren historia kontatu nahi nuen, istorio pertsonal bat”. Adamovitxen familia bisitatu zuten lehenik, eta auzoan bizilagunen testigantzak jasotzen ibili ziren gero. “Bikak guztia itzultzen zidan, ez baitute ingelesez hitz egiten; eskerrak ondoan nuen”, dio Iturraldek.

Han egindako argazkiak Tolosako Aranburu jauregian jarri dituzte orain ikusgai. Bika Adamovitx da protagonista, haren historia kontatu baitu tolosarrak: “Bika eta haren bi familiak ezagutzeko aukera izango da erakusketan”. Hiru zatitan banatu dute: lehen gunean, Adamovitx Tolosako familiarekin ikusi ahalko da; bigarrenean, familia biologikoarekin; eta, azken gunean, Ivankiv eskualdeko errealitatea erakutsiko dute.

Erakusketako bi gunek ez dute argirik izango, horixe da beste ezaugarrietako bat. “Argia izango duen areto bakarra Bika hemengo familiarekin agertzen dena izango da; beste bi guneek ez dute argirik izango”. Oraintxe bertan Ukrainan dagoen egoera irudikatu nahi izan dute hala, eta sarreran linternak jarriko dituzte, ibilbidea argiztatu ahal izateko.

ERAKUSKETA

Izenburua. Bikaren itzulera: Ivankivera bidaia, errusiar okupazioaren ondoren.

Epea. Gaurtik apirilaren 22ra.

Inaugurazioa. Gaur, 19:00etan.

Argazki kopurua. 50 argazki.

Tokia. Tolosako Aranburu jauregia.

Ordutegia. Asteartetik larunbatera, 17:30etik 20:30era.

Leave a Reply

Your email address will not be published.