Etxetik kalera doan borroka

Etxetik kalera doan borroka

June Romatet Ibarguren

1988ko martxoaren 30ean ospatu zuten, lehen aldiz, Etxeko Langileen Nazioarteko Eguna. Bogotan, Kolonbian, Etxeko Langileen I. Kongresua egin zuten egun hartan, eta gai asko eztabaidatu zituzten: etxeko lanetan aritzen direnek jasaten duten diskriminazioa, haiek babesteko lege baten falta, egindako lanagatik ordainsari duina edukitzeko beharra, gizartearen babesa izateko eskubidea… Nazio Batuen Erakundeak ere (NBE) heldu zion gaiari, baina, Etxeko Langileentzako Lan Duina Bermatzeko Hitzarmena gorabehera, Gipuzkoako SOS Arrazakeria gobernuz kanpoko erakundeak (GKE) herenegun Errenterian duen egoitzan salatu zuen langile horien baldintzak ez direla duinak oraindik.

Gizarte Segurantzako datuen arabera, Gipuzkoan, gaur egun, etxeko 9.566 langile daude. “Baina gehiago dira”, zehaztu zuen Marling Castillo GKEko kideak. “Benetan, etxeko 11.958 langile daude; hau da, langile bat dago 61 biztanleko”.

Iaz, Europako Justizia Auzitegiak adierazi zuen Espainiako Estatuan “diskriminatzailea” zela etxeko lanari buruzko legea, eta, beraz, agindu zuen lege hori aldatzeko. Aldaketa horrek, besteak beste, etxeko langileei langabeziarako eskubidea aitortu beharko liekeela gogoratu zuen herenegun Tatiana Bellonin Gipuzkoako Sos Arrazakeria GKEko kideak. “Urriaren 1etik aurrera, berrogei orduz lan egiten zutenak langabeziarako kotizatzen hasi ziren, baina hori baino gutxiago lan egiten zutenak aurtengo urtarrilean hasi ziren kotizatzen”.

Lege aldaketa horri esker, desagertu egin da enpleguan atzera egiteagatik kaleratzeko aukera ere. Belloninen esanetan, aldaketa hori egin baino lehen, kontratatzaileak arrazoirik eman gabe kaleratu zezakeen langilea, eta lan egindako urte bakoitzeko hogei eguneko soldata jasotzen zuen ordainean. “Hori pixka bat igotzea lortu dugu”, aitortu zuen Belloninek. “Eta, horrelako kaleratzerik gertatuz gero, nahiz eta ez lukeen bakar batek ere gertatu beharko, urte bakoitzeko 33 eguneko kalte ordaina edukitzea lortu genuen”.

Hobetzeko gauza asko

Gipuzkoako Sos Arrazakeriaren esanetan, soldatan ere izan da aldaketarik Europako Justizia Auzitegiaren epaiaren ondoren: 2017an, urtean 9.907,8 euro kobratzen zuen etxeko langile bakoitzak, eta gaur egun kopuru hori urtean 14.000 eurora igotzea lortu dute. Hala ere, oraindik “aldarrikapen asko” daudela adierazi zuen Belloninek: “Gaualdiak, [Espainiako] Atzerritarren Legea, langabezia kobratzea, lanorduen kontrola, kaleratzeak…”.

Gaur egun, oraindik, etxe batean bizi eta gaualdia egiten duten etxeko langileak badaudela ohartarazi zuten Sos Arrazakeriako bi kideek. Castillok salatu zuen halakoetan kontratatzaileek ez dutela ordaintzen gaualdia. “Legea aintzat hartuta, langileak gaua bertan pasatzea ez da lan egitea, eta, beraz, ez zaie ordaintzen”. Haren hitzetan, gainera, “lege hutsune bat” dagoenez, gaualdiak ezin izaten dituzte sartu helegiteetan.

Bestalde, Espainiako Atzerritarren Legeak lan esplotaziora bultzatzen dituela gehitu zuten biek: hau da, lan kontratu jakin batekin erregularizatuta dagoen atzerritar batek ezin diola lehen urteetan bere borondatez lanari uko egin. “Lanari uko eginez gero, [Espainiako] Atzerritarren Ordezkaritzak bertan bizitzeko baimena kenduko lioke”, esan zuen Castillok. Hori dela eta, “lan baldintza txarrak dituzten etxeetan jarraitzera” behartuta egoten direla salatu zuen Gipuzkoako Sos Arrazakeriako kideak.

“Iazko urrian langabeziarako kotizazioa onartu zieten etxeko langileei, baina zer gertatzen da ia hamabost urte lanean daramatzaten langile horiekin?”, galdetu zuen Belloninek. Sos Arrazakeriako kideek deitoratu zuten ez dizkietela kontuan hartzen iazko urria baino lehenago lan egindako urte guztiak. “Orain norbait langabezian geldituko balitz, ez duenez urtebeteko kotizaziorik, ez luke ezer kobratuko”, esan zuen Castillok.

Lanean jarraitzera behartuta egoteaz gain, “lanorduen kontrol falta” nabari dute etxeko lanetan aritzen diren gehienek. Kontratatzaileak ez daude behartuta sarrera eta irteera orduen erregistroa egitera, eta, horregatik, langileek ezin izaten dute lanaldia egiaztatu benetan.

Bihar, lehen batzar nagusia

Egunero “ahalik eta lan gehien” egiten saiatzen dira Gipuzkoako Sos Arrazakeria GKEko kideak, eta ahal duten langile gehien artatzen. 2016an hasi ziren lan horretan, eta Castillok ziurtatu zuen azken urteotan ugaritu egin direla hitzorduak: “2021ean, 114 langile artatu genituen, eta iaz, 206. Gero eta langile gehiago etortzen dira informazioa eskatzera”. Argi utzi zuten etxeko langile horien alde lanean jarraituko dutela, eta guztiak deitu zituzten bihar 15:00etan Gipuzkoako etxeko langileen lehen batzar nagusira joatera; Errenteriako Joxepa Antoni Aranberri Anitzenea egoitzan egingo dute.

Leave a Reply

Your email address will not be published.